Solasaldi bizia piztu zuen “Asier eta biok” filmak Basteron

Xabier Lasa 2020ko urt. 16a, 17:20
Aitor Merino zuzendaria eta aktorea Basteron

Solasaldi agitz interesgarria piztu zuen “Asier eta biok” filmak Basteron asteartean, eta bere egile Aitor Merinok eta ikusleek hainbat gai jorratu zituzten: zentsura Espainiako estatuan, ETA eta poliziaren bortizkeria, bortizkeriaren aurrean maila pertsonalean hartu beharreko jarrera etikoa, zuregandik politikoki urrun dagoenari entzun beharra...

“Hasier eta biok” filmak Asier Aranguren eta Aitor Merinoren arteko adiskidetasuna modu kontatzen du, eta ikuspegi pertsonal, politiko edo etikoan egindako galderak luzatzen dizkio ikusleari, irauten duen ordu eta erdian.

Iruñean hazi ziren bi gazteak, eta 80ko hamarkadan ikaskide izan ziren. 2002an, Asierrek etxetik ihes egin zuen polizia atzetik zeukala jakin bezain pronto. Handik urte batzuetara Frantzian atxilotu egin zuten; hamar urteko kartzelaldia ezarri zioten ETAko kide izaki, talde gaizkile bateko kidea izatea leporatuta. Bien bitartean, Merino Madrilen bizi zen, aktore gisa. Gauzak horrela, aktoreak filma egitea erabaki zuen, Madrilgo bere adiskideei Euskal Herrian bizi den gatazka politikoari buruzko ikuspegi alternatiboa eskaintzeko, Madrilen bertan komunikabide handiek transmititzen ez duten bertsio bat eskaintzeko, eta aldi berean, haiei azaltzeko zergatik jarraitzen zuen ETAko kide baten adiskide izaten.

Filmaren proiekzioaren ostean solasaldiari ekin zioten Merinok eta ikusleek Basteron. Nolanahi ere, filmari berari heldu aurretik, solasaldian erabili beharreko hizkuntzaren gaineko eztabaida atera zen; hots, ea gaztelaniaz behar zuen izan, ala, nork nahi zuen hizkuntzan. Gaztelaniaren aldeko hautua egin zen, nahiz bertaratutako batzuek ezinegona agertu.

Ondoren, 2014an estreintu zenez geroztik filmak egin duen bidea, eta batez ere publiko zabalari erakusteko orduan bizi izan dituen zailtasunei buruz jardun zuen Merinok. Ziurtatu zuenez, Estatu espainiarreko hainbat hiriburuetan omisioa aplikatu zuten filmarekin, oso zaila eduki zuten zirkuitu komertzialetan; gainera, Espainiako komunikabide publiko zein pribatuek ere ezikusia egin zioten; are gehiago, enbajadaren batek ere eskua sartu nahi izan zuen, nazioartean bere difusioa eragozteko asmoz. Merinok gaineratu zuenez, bestelako harrera jaso zuen filmak zirkuitu ez komertzialetan, diru irabazi asmorik gabeko zinemaldi eta gizarte eta kultur elkarteek bultzatuta batik bat.

Egun, komunikabide handien omisio horrek indarrean dirauela adierazi zuen Merinok.

Solasaldiko galdera-erantzunen bigarren atalean, biolentziaren aurka agertzen den pertsona batek eta talde armatu batean militatzen duen beste batek eduki dezaketen adiskidetasunari buruzko gogoetak nagusitu ziren.  

Filmaren emanaldiak ondoren eragin zuen solasaldiak zera erakutsi zuen: Andoainen badagoela halako edo antzeko foroak eraikitzeko premia, iritzi ezberdinak dituzten herritarrak aurrez aurre jarri daitezen eta gogoetak elkartruka ditzaten.

 

Bizikidetza udal mahaia

Bizikidetzaren udal mahaiak antolatu zuen “Asier eta biok” filma. Iazko abenduaren 19an, berriz, “S(u/a) minetik bakera” ikusentzunezko proposamen eszenikoa antolatu zuen. Mahaiko bultzatzatzaileek adierazi dutenez, “Urte bat bete da Andoainen Memoria partekatu baterantz txostena aurkeztu genuenetik. Agintaldi berri batean gaude eta bizikidetzaren aldeko udal mahaiak, Andoaingo udalean ordezkaritza duten alderdi guztietako kideez osatua, bere konpromisoa berretsi eta lanean jarraitzen du, diskrezioz, pertsona guztiok lekua izan dezagun bizikidetza eta memoria justu eta demokratikoago baten alde”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!