"Istorioak kontatzeko beharra eduki dut beti"

Olatz Lasa 2020ko urt. 18a, 07:21

Andoain Laburrean bideo lehiaketako azken hiru edizioetan hartu du parte Iker Casadok, eta hiruretan epaimahaiak bere lana saritu du.

Olatz Lasa andoain

Andoain Laburrean bideo lehiaketaren bosgarren edizioa da honakoa. Urtarrilaren 30 arte aurkeztu daitezke lanak, eta sari banaketa ekitaldia datorren otsailaren 13an izango da, Bastero Kulturgunean. Iker Casado andoaindarrak parte hartze ezberdinetan sariak lortu izan ditu. Zehazki, honako lanekin:  'Bidearen bukaera', 'Andoaingo guduaren egunerokoa' eta ' Zein da Tino?'. Lan horiek guztiak Andoaingo Udalak Youtuben duen kanalean ikus daitezke. Baita gainerako saridunenak ere.

Aurtengorako ba al duzu ideiarik buruan?

Ideia badaukat, baina ez dut denborarik hartu. Proiektu askotan nago murgilduta, eta ez dakit denbora edukiko dudan. Hala ere, urtero azken astean egin izan dut, lagunartean. Ideiak gorputza hartzen badu, saiatuko naiz. Ea zer ateratzen den.

Zein elementu eduki behar ditu bideo batek Andoain Laburrean bideo lehiaketa irabazteko?

Egia esan, ez dakit. Irabazi genuen bigarren urtean bi bideo aurkeztu genituen. Gerrate karlistaren eguneroko bat iritsi zen nire eskuetara, eta bi laburmetraia egin nituen. Bat, serioagoa elkarrizketak eginez; Eta, bigarrena, gerrate karlistan bi homosexualen kasuan zer gertatuko ote zen kontatzen zuen laburmetraia zen.

Sari banaketa ekitaldira arte ez dakigu nork irabaziko duen, eta irabaztekotan pentsatzen nuen fikziozko horrekin izango zela. Lagunei esan nien irabaziz gero sagardotegira gonbidatuko nituela. Irabazi genuen, baina beste laburmetraiarekin. Hortaz, ez dakit zehazki zein elementu behar diren lan irabazlea egiterako garaian.

Besteen lanetatik ezberdinagoa izateagatik, agian…

Izan daiteke. Ez dago jakiterik gainontzekoak zertan ari diren lanean. Azkenean, ondo pasatzeko egiten dugu. Sari banaketan gainerako parte-hartzaileekin hitz egiten dugu, barreak egiten ditugu. Hori polita da.

Aipatu duzu lagunartean egiten dituzula bideoak. Hori ere izan daiteke zure bideoen gakoetako bat?

Elkarrizketa niri ari zarete egiten, baina hiru laburmetraietan lantalde berdina izan da, lagun berdinek lagundu didate. Sakrifizio handia eginez, gainera. Karlisten laburmetraiaren kasuan, esaterako, 12:30ean ateratzen ziren lagunak lanetik, eta 14:00etan berriz sartzen ziren lanera. Denbora horretan grabazioak egiten genituen. Leitzaran bailarara joan, karlisten arropa jantzi…, Sakrifizio handia izan zen, eta eskertzen diet, beraiek gabe ez litzatekeelako ezer aterako.

Ideia  neurea izaten da, eta ondoren, grabazioaz eta muntaiaz arduratzen naiz. Baina jenderik gabe, ez da bideorik ateratzen.

Oro har, nolako maila ikusi duzu Andoain Laburrean bideo lehiaketan?

Gauza oso interesgarriak daude. Iazko bideo batean Aita Larramendiren pertsonaia oso ondo landuta zegoen. Irudi oso potenteak egon ohi dira. Epaimahaikideen arabera, irizpide batzuk edo besteak hartzen dituzte gehiago. Gidoia edo alde teknikoa, adibidez.

Zer eskaintzen dio herriari Andoain Laburrean lehiaketak?

Lehenik, oso positiboa iruditzen zait euskaraz egitea. Badirudi zure laburmetraia mugitzea nahi baduzu, gazteleraz egin behar dela. Baina, ez. Eta horregatik positiboa iruditzen zait. Euskaraz ere laburmetraiak egin daitezke, eta ondo gainera.

Basteron badakigu antzerkiak, filmak eskaintzen direla. Eskaintza badago, eta aldi berean, herri mailan horrelako lehiaketa egitea positiboa iruditzen zait. Eskatzen hasita, sari banaketa ekitaldira jende gehiago bertaratzea gustatuko litzaidake.

Gazteak aipatu dituzula, teknologien munduan erabat murgilduta daude orokorrean. Zein dira, oro har, gazteek bideoak kontsumitzeko erabiltzen dituzten plataformarik nagusienak?

Gazteenaak nik uste sare sozialetan egongo direla murgilduagoak, Instagramen batez ere, eta YouTuben. Plataforma horretako bideoak azkarrak dira, izenburu erakargarriak izan ohi dituzte. Adinean aurrera joan ahala, Netflix moduko plataformetan ikusten ditu jendeak, filmak nahiz telesailak. Indarra hartzen doaz, eta ondo iruditzen zait.

Lehen filmak pirateatuz, zineman edo telebistan ikusten genituen. Egun Netflixen dauden film eta telesail guztiak ikusteko denborarik ez du ematen. Eta hori positiboa iruditzen zait. Oreka lortu da, ordaintzen denaren eta bezeroa gustura egotearen artean.

Nondik datorkizu bideoak lantzeko zaletasuna?

Txikitatik eduki dut kamera eskuan, ez dakit zergatik. DBHn nire lagunak zein ikasketa egin ez zekitenean, nik banekien mundu horretan egon nahi nuela. Hasieran aktorea izan nahi nuen, baina urteak pasa ahala pentsatu nuen aktorea zertarako? Istorioa kontatzen duen pertsona atzean dago, ez dago kamera aurrean.

Escivi zine eta bideo eskolan ikasi nuen, eta gero Madrilera joan nintzen master bat egitera. Egia da ez dudala dirurik irabazten horrelako gauzak egiten. Ez da nire lana, baina zaletasun handia dut. Bizitza osoa daramat bideoak egiten. Beti eduki dut istorioak kontatzeko beharra. Ez baditut ateratzen, beti nago istorio horrekin bueltaka. Ateratzen ditudan arte.

Elkarrizketa amaitzeko, zein abiapuntu emango zenieke lehiaketan parte hartu nahi dutenei, baina nondik hasi ez dakitenei?

Lagunekin kafe bat edo garagardo bat hartuz, hitz egin dezatela ideia horri buruz, barreak ere botaz… Ideia joango da gorputza hartzen. Jakin behar da muga non dagoen antzematen, noraino grabatu daitekeen, non, zein efektu berezi jarri nahi diozun…

Gure kasuan, saririk onena laburmetraia pantaila handian ikustea izan da. Aholku gisa, horixe, ongi pasatzea.

 

 

Andoain Laburrean lehiaketa

Andoaingo Udaleko Euskara Sailak eta ESCIVI Andoaingo Zine eta Bideo Eskolak elkarrekin antolatutako lehiaketa da, "Andoain Laburrean". Bosgarren edizioa izango da, aurtengoa. Lehiaketa ezaguna eta maila handikoa da, epaimahaikide ezagunez osatua.

16 urtetik gorako andoaindarrei zuzendutako lehiaketa martxan dago jada, eta lehiakideak aste hauetan prestakuntza lanetan ibiliko dira. Izan ere, bideo lehiaketan parte hartzeko epea laster amaituko da. Urtarrilaren 30ean, hain zuzen.

Bideoari dagokionez euskarazkoa izatea ezinbestekoa izango da. Horrez gain, gaia librea dela. Ez da beharrezkoa, gainera, Andoaingo herrigunera mugaturik egon behar.

Lehiaketara aurkezten diren lanak My Air Bridge aplikazioaren bidez helarazi behar dira, horretarako euskarazerbitzua@andoain.eus posta elektronikoa aipatuta. Udaletxeko azken solairuan dagoen Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuan ere aurkez daitezke lanak, goizeko 08:30etik eguerdiko 14:00ak arte.

Hiru sari

Lehenengo hiru sailkatuentzat diruz hornitutako sariak banatuko dituzte:  400, 200 eta 100 euro, hurrenez hurren.

Epaimahaiari dagokionez, aurtengoa honakoek osatuko dute; hala nola Uxue Jimenez argazki zuzendari laguntzailea, Aitor Goenaga kamera operadorea eta Gaizka Izagirre telebista eta serieen kritikaria.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!