Artista gazteen erakusketa

Xabier Lasa 2020ko urt. 19a, 07:22

Mak Jürgen (Mikel Guirado) eta Aitor Arruti argazkilari gazte andoaindarren lanak erakusgai daude Basteroko erakusketa gelan, datorren urtarrilaren 24a bitarte. Atzerriko egonaldiak eragin zuzena izan du bi artista gazteen lanetan.

Andoaingo hamabost bertsolariekin elkarlanean osatu du erakusketa Arrutik; Islandiako itsasargiak topatzeko bidean edukitako emozioek bideratu dute Jürgenen irudi sorta. Nork bere proposamen artistikoak aurkeztu arren, bi argazkilariek kohesioa landu dute Basteroko arte-espazioa partekatzeko orduan. Bi ideia nagusi garatu baitituzte bertan: argazkien eta testuen uztartzea, batetik. Eta ikuslea hausnarketak edo sentimenduak agertzeko gonbidapena luzatzea, bestetik.

Itsasargieko erakarmena

Europako uharte-estatu den Islandiako itsasargiek xarma berezia dute Jürgenentzat, eta haiek erretratatzeko irrikaz ibili da azken urtetan: “117 bat izango dira uhartean, eta horietatik 67 bixitatu ditut; denetara ez naiz iritsi, zenbaitetan ia ezinezkoa baita”. Itsasargiekiko miresmen hori erakusketaren izenburuan bertan (“I miss the days chasing lights”) islatu du Jürgenek. 20 itsasargien irudiek –denak zuri beltzean– eta bederatzi poesiek betetzen dute bere erakusketa, bere sormenetik egindakoak. Betidanik piztu izan zaio sormenerako gogoa, Jürgenek aitortu duenez. “Txikitatik eduki dut barne bulkada hori; margolaritzara bideratu nuen hasieran, eta argazkilaritzatik eta poesiatik jo dut azken urtetan, horietan sentitzen naiz erosoen”.

Basterora hurbiltzen den ikusleak zer ikusiko duen eta zer ez zehaztu nahi izan du: “Etxetik irteten zarenetik itsasargira iristen zaren arte, bidaia horretan edukitako bizipenak eta sentimenak islatzen saiatu naiz. Prozesu baten emaitza gisa ulertu behar da”.

Garrantzia itzela ematen dio bere artelanek ikusleengan eragitea. “Sentimendu eta emozioak jendearekin partekatzea da artearen helburua, interakzio hori funtsezkoa da niretzat. Islandian erakusketetako bat egin ostean, emakume batek idatzi zidan adieraziz zer nolako sentimenduak eragin zizkioten nire irudi eta poesiek. Ez dakizu nola pozten nauten halako mezuek, inondik ere ezagutzen ez duzun pertsona batengandik iritsita!”.

Bertsolariekin elkarlanean

Aitor Arruti bat dator artea interakziorako tresna gisa ikusteko modu horrekin. “Kartzela” du izenburu antolatu duen erakusketak, eta “bertsotarako gaia irudiaren lau ertzek mugatzen dutenean” idatzi du azalpen gisa. Hain zuzen, bertsolaritzan ohikoa den kartzelaren ariketa du sormenaren iturburu. “Ikusgai jarritako argazkiak ez dira tematika jakin batera makurtzen. Eguneroko objetu zehatzak dira, baina badute sinbologiarik. Istorio bat edo gehiago ebokatzen dute, airean uzten dute gaia, mezu hartzaileak bere interpretazio propioa egin dezan gero”.     

Modu batera edo bestera bertsotan jarduten duten hamabost herritarrekin batera atondu du Arrutik erakusketa. “Bertsolari kontsagratuak dira batzuk, eta bertsozaleak besteak. Bertsoa idaztea proposatu diet guztiei, ez bat-batean jardutea. Argazkiak erakutsi, eta ea nondik jotzen dieten inspirazioak, zer daukaten kontatzeko eskatu diet. Kartzelako ariketan halaxe izaten da, bertsolariari gai bat jartzen zaio eta bakarka egin behar du. Isolatuta dago, eta ez daki beste bertsolariek zer kantatu duten, beste inoren erreferentziarik gabe. Emaitza, erakusketan ikus liteke; ni, behinik behin, oso gustura nago hamabost lagun horiek erakutsi duten prestutasunagatik, eta erakusketari eskaini dioten ikuspuntu anitzagatik”. 

15 argazki ikus ditzake ikusleak erakusketan, eta halaber, horietan hiru bertso egile desberdinek idatzitako bertso bana irakurri ahal izango du. Hona nortzuk diren hamabost bertso egileak: Unai Ormaetxea, Miren Lopez Munian, Aitor Mendiluze, Jokin Sorozabal, Ion Beloki, Jon Eskudero, Aritz Eskudero, Arkaitz Lasarte, Alberto Santa Cruz, Juantxo Arruti, Ekaitz Ollo Tolo, Iñaki Altzuguren, Mari Jose Arruti, Ander Gerrero eta Beñat Beloki.

Ormaetxea bertsolari, bertso jartzaile eta antzezlariak adierazi du zein izan den bere zeregina: “Arrutik hiru argazki proposatu zizkigun gai librean aritzeko, eta nik horiek begi aurrean ipini eta gero, bertsoa, ikusten nuen aldera baino gehiago ikusten ez nuen aldera bideratzen saiatu naiz”.

Argazkigintza analogikoa

Argazkilaritza analogikotik jo dute Arrutik eta Jürgenek. “Teknika hori hautatu izana ez da bigarren mailako gauza; zentzua ematen die bien proiektuei. Ez dugu ukatzen teknika digitalak zenbat aukera eskaintzen dituen; baina ez da oso lagungarria zer egiten ari zaren hausnartzerako garaian. Analogikoarekin erabakiak mugatuak dauzkazu, kontziente zara ezin duzula errealitate guztia kapturatu, eta orduan, egoera ebaluatzera behartzen zaitu; zeri egin klik eta zeri ez erabakitzeko denbora inbertitzera eramaten zaitu. Azken batean, barne lan aberasgarria eskatzen dizu analogikoak, ezer argazki formatura eraman aurretik”. Jürgenek gaineratu duenez, “kontzeptu emozionala presenteago edukitzeko sistema egokia da argazkilaritza analogikoa”. 

Ormaetxeari, berriz, bertsolaritzak kontzeptu analogikotik asko daukala iruditzen zaio. Parekotasunak ikusten ditu bi kultur adierazpenen artean. “Hiru pauso errepikatzen dira sormen prozesuan zehar: lehenbizikoa, pentsatzea zer irudi edo bertsoa sortu behar den; bigarrena, kamerari une jakin batean klik egitea edo bertsoa buruan osatzea; eta hirugarrena, irudia errebelatzea edo bertsoa kantatzea”.

Bi erakusketak, liburu banatan

Arrutik eta Jürgenek erakusketan ipini dituzten argazki eta testuak liburu banatan topa daitezke. Arrutirena salgai dago Basteroko erakusketan bertan. Jürgenena, berriz, aste batzuk barru kaleratuko da; bien bitartean, bere poesia batzuk biltzen dituen esku orria eskura daiteke erakusketan.

Andoaingo jaioterria orain urte batzuk utzi eta Europan bizi diren bi gazte dira Jürgen eta Arruti argazkilariak; Islandian lehena eta Danimarkan bigarrena. Argazkigintzak eskaintzen dien sormen bidetik jarraitzeko asmoa daukate etorkizunean ere. Euren bizitokietara itzuli aurretik, zenbait erakusketa jada lotu dituzte Euskal Herrian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!