“Bizitza ahalik eta modu osoenean bizitzeko modua da alpinismoa”

Ainhoa Arozena 2020ko urt. 25a, 09:30

Anestesista, erreanimatzaile eta minaren terapeutikako espezialista da Iñigo Pajares Merino,  31 urteko andoaindarra. Alpinismoa maite du eta mendiko salbamendu-mediku ikasketak ere eginak ditu.

Elkarrizketa osorik: Aiurri aldizkariaren 553 zenbakian.

Medikuntzaren baitan, zergatik aukeratu zenuen anestesista eta erreanimazioaren alorra?

Medikuntza bere osotasunean gustatzen zait, baina ikasten ari nintzela, momentu batean nire tokia ez zela ikustera iritsi nintzen, medikuntza bezala, beste gauza asko ere gustatzen zaidalako: mendian ibiltzea, esaterako. Eta ez nion bizitza guztia lanari bakarrik eskaini nahi.

Bide horretan, anestesista eta erreanimatzailearena, arlo zabala dela konturatu nintzen, lanerako aukera ezberdinak ematen dituelako: besteak beste, anbulantziatan, zaintza kritikoko unitatean, larrialdietan edo kirofanoan aritzeko aukera.

Mendaroko ospitalean egiten dut lan egun, baina tarteka, Donostiako ospitalean ere aritzen naiz hainbat txanda betetzen.

Bestelako espezialitateen artean, nahikoa ezezaguna da anestesista eta erreanimatzailearen lana...

Bai, hala da. Egia esan, jende askok ez daki anestesistak medikuak garenik ere. Alde horretatik oso lasai daukat nire egoa. Errekonozimendua nahiko banu kardiologoa, dermatologoa edo zirujau-plastikoa izango nintzatekeen, baina halaxe aukeratu nuen eta gustura nago.

Gaixo edo pazienteak ‘lokartzea’ baino haratago doa zuen lana. Zeintzuk dira zuen eginbeharrak?

Perioperatorioko medikuak gara gu. Ebakuntzaren aurretik hasten gara lanean. Pazientea ezagutu eta prestatu egiten dugu aurrena, kirofanotik pasa aurretik. Kirofanoan dagoen bitartean zaindu egiten dugu eta kirofanotik ateratzen denean ere gurekin gelditzen da. Ebakuntzaren aurreko, bitarteko eta ondorengo zaintza eskaintzen dugu. Baina beste edozein arrazoirengatik, larri edo kritiko dagoen pazientearen zaintza ospitalarioak ere egiten ditugu. Horrez gain, minaren unitatean aritzen gara, familia mediku eta beste espezialitate batzuetatik pasa ondoren, kontrola ezin daitezkeen minak tratatzen ditugu. Esaterako, teknika inbasiboak behar dituzten minak, edota nerbio sistemak eragindako minaren kontrola ere guk bideratzen dugu.

Alpinista zara eta tartea duzun aldiro, mendira abiatzen zara zu...

Bizitza mendiaren inguruan antolatuta daukat azken boladan. Urte dezente daramagu mendian eta azken urteetan maila esanguratsuko aktibitateak egiten ari gara, asko bidaiatzen eta jende asko ezagutzen.

Alpinista eta mendiko salbamendu-medikuntzan ere aditua...

Ospitalean lanean hasi orduko, argi neukan nire bizitza ez nuela horretara bakarrik bideratu nahi. Karreratik banekarren burutazio hori. Ikasle nintzela, denbora asko eskaini nion medikuntzari eta lanean hasi orduko, mendiko medikuntza ikasten hasi nintzen, bide berriak irekitzeko. Orduan ez zegoen masterrik eta gaiarekin lotuta zeuden titulu eta diplomak atera nituen: Medikuntzako Diploma Internazionala eta Espedizioetarako Medikuntza Diploma. Horrez gain, iaz, helikopteroan sendagile bezala mendira joateko titulazioa ere bai.

Ikasketak praktikara ekarrita, IMMED Estatuko Mendiko Medikuntza erakundearekin kolaboratu izan dut dezente, formatzaile gisa arituz. Haien bidez, mendiko gida edota suhiltzaileak formatu ditugu arlo sanitarioan.

Zein neurri hartu behar da mendira abiatu aurretik?

Lehenik eta behin, egin behar den aktibitatearen inguruko ahalik eta informazio gehien lortzea eta egin behar duenerako prest ote dagoen jakitea. Meteorologia begiratzea ere oso garrantzitsua da eta, noski, motxila batean beharrezko materiala hartzea. Aktibitate bakoitzak arropa mota bat behar du, baita material teknikoa edota ur kantitate jakina ere. Botikin ezberdinak prestatu beharko lirateke aktibitate motaren arabera. Azken batean, hori guztia logistikaren baitan sartzen da eta mendian aktibitate bat ondo egin ahal izateko, logistikak garrantzia handia du. Horrez gain, faktore fisiko-teknikoak leudeke; erresistentzia, indarra, abilezia eta, eliteko kiroletan, baita gaitasun psikologikoa ere.

Nola jokatu mendian istripuren bat gertatuz gero?

Lehenengo neurria, babestea; bai biktima eta baita gure burua ere, istripu baten atzetik beste istripu bat gerta baitaiteke beti, zonalde txarrean egoteagatik edo zerbait erori delako… Eta, noski, ezin dugu lagundu guk ere min hartzen badugu. Bigarren araua, abisua ematea da. Taldean egonda errazagoa da; seinalea badago mugikorrez eta bestela, lagun pare bat laguntza eske joanda. Hirugarren, sorostea; osasun langilea izan gabe, biktimari babesa eman diezaiokegu; ondo jantzi, hipotermian ez sartzeko, eta hemorragiarik badu, hori konprimatzen saiatu... Oso gauza zentzuzko eta salbatzaileak izan behar dute. Sanitarioak etorri arte, ezin izaten da gehiagorik egin eta biktima aurrera ateratzekotan, gainera, ez da beste ezer egitea komeni. Istripua mortala izan bada, ondokoaren ekintzak ez du bere patua aldatuko. Ahal dela, lasaitasunari eustea gomendatzen da, nahiz eta kasu horietan zaila izaten den. Biktimari beti babesa eskaini behar zaio, bakarrik ez dagoela kontura dadin. Hori esperantza baita eta momentu horietan oso garrantzitsua da hori.

 

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!