"Donostiako alde zaharra parke tematiko bilakatu dute"

Xabier Lasa 2020ko ots. 1a, 10:00
Gizarte bizitzan parte hartze aktiboa izaten ari da Arberas andoaindarra.

Andoaindarra Donostiako Alde Zaharreko gizarte bizitzan parte-hartze aktiboa izaten ari da. Hiriguneak bizi duen gentrifikazioa salatzen dihardu, auzo elkartearen bitartez.

Xabier Arberas Ezama andoaindarra 1978an Donostiara bizitzera joan zen, Alde Zaharrera hain zuzen. Gizarte mugimenduetan jardun izan zuen gazte-gaztetatik, batik bat LAB sindikatuan. Eta erretiroa hartuz geroztik, auzokideen kezkekin bat eginda dabil. 2012an, Parte Zaharrean Bizi Auzo Elkartearen sorreran parte hartu zuen, bertakoen bizi baldintzak hobetzeko asmoz. Oso kritiko agertzen da, auzo horrek bizi duen errealitatearen gainean: “Parke tematiko bilakatu dute. Jada ez da auzo bat, turistentzako atrakzio hutsa baizik”.

Argi mintzo da Parte Zaharrari edo Alde Zaharrari buruz diagnosia eskatzen zaionean: “Urte asko dira Parte Zaharra etengabeko gentrifikazio eta turistifikazio prozesu batean murgilduta dagoela. Prozesu hori, ordea, ez da berezkoa, ezta halabeharrezkoa ere: nahitako estrategia jakin eta planifikatu baten emaitza da. Zilegitasun eta kontrol demokratiko formalari itzuri egiten dioten lobbiek bultzatu eta erakunde publikoek, enpresa pribatuek, hedabideek eta gizarte zibileko kide batzuek bideratu dituzten politiken ondorioa da”.

Azalpen handiegirik behar ez duen turistifikazioaren kontzeptuarekin batera, gentrifikazioa da Arberasek aipatu duen bigarren fenomeno soziala. Azken aldian, Bartzelona, Venecia eta Europako beste zenbait hiri arras turistikoen eskutik ari da zabaltzen kontzeptu hori.

Auzo edo giza komunitate batean gertatzen den fenomenoa da gentrifikazioa, kateatuta doan prozesua: diru-sarrera gehiago duten pertsona edo talde ekonomikoek ondasun higiezinak (lursailak, etxeak, orubeak...) erosten dituzte diru-sarrera gutxiago duten pertsonez osatutako auzo batean; negozio eta denda berriak irekitzen dira, eta oraindik diru gehiago duen jende gehiago erakartzen du horrek; lehendik auzoan bizi ziren lagunek ezin diote alokairuari, etxebizitzen prezioen garestitzeari, eta abarri eutsi, eta ondorioz, auzotik alde egin behar izaten dute.

Diagnosi larri horretara iristeko elkarteak urtetako lanketa egin behar izan duela adierazi du Arberasek. “Pertzepzio ezkor bat bageneukan, eta horrexegatik ikusi genuen elkartzeko beharra. Auzoaren errealitatea ezagutzea izan da urtetan egin dugun lana. Sintomatikoa izan zen hasieran gertutakoa: udaleko sustapen sailera joan, eta datuak eskatzen hasita, ohartu ginen Parte Zaharra erdigunean kokatzen dutela hiri plangintzatan. Esate batera, Askatasunaren Etorbidearekin batera kokatzen gaituztela. Egia da Donostia historikoki itsasora begira egon dela, baina aldi berean, Parte Zaharrak badu nortasun berezkoa, arrantzarekin izan dituen lotura historiko eta kulturalak direla medio. Kontua da, inongo laguntzarik gabe, Parte Zaharraren argazkia osatzen joan garela, datuak bilduz eta kontrastatuz”.

Ibilbide horretan, auzoak eta auzotarrek bizitzen segi ahal izateko tertziarizazio eta merkantilizazio fenomenoei aurre egiteko premia dagoela ikusi dute. “Hainbat egoera salatu izan ditugu: etxebizitza sozial eta alokairukoa sustatzeko politika aktiborik ez egotea; turismoaren eta aisiaren inbasioa; gure intimitatea urratzea; zaratak eta atsedenik ezak eragindako osasun arazoak; ekipamendu falta; espazio publikoaren pribatizazioa eta neurriz gaindiko merkataritza ustiapena; auzo nortasunaren eta, bereziki, euskal kulturaren eta euskararen ahultasuna…”.

Ikuspegi hori auzotarrengana hurbiltzen aritu dira katalizatzailearen eginkizuna bete nahian, “bertan bizi garen guztiak kaltetuak gara. Alarma guztiak piztuta daude, eta politika, gizarte, ekonomia eta kultura mailako eragileok bildu beharra daukagu. Ez gaudela prest halako eraso bortitza jasateko elkarrekin adierazteko, eta zer motatako auzoan bizi nahi dugun erabakitzeko”.

2004an Bartzelonan egin zen Kulturen Foro Unibertsalean, azaleratzen ari diren giza eskubide berrien adierazpen unibertsala nola adostu zuten gogorarazi du Arberasek. “Eskubide horien artean Hirirako Eskubidea dago. Hots, auzokideek, auzo jakin batean bizi garenek, gure komunitateen garapen prozesuaren berri izateko eta prozesu horretan parte hartzeko dugun eskubidea da. Eskubide hori ez da betetzen, ordea, Parte Zaharrean, ezta Donostian ere, oro har”.

2017an, Parte Zaharrean bizitzeko eskubidearen aldeko manifestua plazaratu zuen Bizi Auzo Elkarteak. “Udal gobernuari jarrera goitik behera aldatzeko eskatu genion, alda zitzala arautegiak auzoan bizi ahal izatea bermatzeko. Orobat, gure komunitatearen garapenean modu aktiboan parte hartu ahal izatea”.

Gauzak lehengo bidetik doazela gaineratu Arberasek. “2019an legegintzaldi berria hasi zenez geroztik, gentrifikazioak eta turistifikazioak hedatzen segitzen dute, eta Donostiako Udalak eragile aktibo dihardu prozesu horretan. Teorian badira arau eta legeak, baina Udalak Parte Zaharrari dagokionez bideratzen duen politika pasibitatean eta tolerantzian oinarritzen da, eta are okerragoa dena, espazio publikoaren neurriz gaindiko ustiapena sustatzean. Udal gobernuak argi eta garbi babesten ditu jabegoa, higiezinen sustapena, inbertsio funtsak, frankiziak eta abarrak. Eragile ekonomiko horiek guztik baliabide ugari mobilizatzen dituzte, espekulazioaren eta presioaren bidez, legea bera behartuz edo hari entzungor eginez, kasu askotan”. Arberasek argi dauka halako estrategia global moduko bat ezarri dela “hiria ekonomiaren eta merkatuen zerbitzura jartzeko, eta ez pertsonen zerbitzura”.

Turismoa, komeni ala ez

Parte Zaharrean Bizi Auzo Elkarteko kideak kontziente dira euren auzoak bizi duena arazoaren izebergaren punta besterik ez dela, “erraza baita arazoaren dimentsioa ikustea gurean. Baina, egia esan, globala da arazoa”. Ikuspegi horri jarraituz, Arberasek auzitan jartzen du azken urtetan erakunde publikoek estrategikotzat jo izana turismoari loturiko sektore ekonomikoa. “Herri baten garapenean ekar ditzakeen onura eta kalteen azterketa serioa falta da. Adibidez, industriagune bat planteatzen denean, udalerri batek ez dio onespena itsu-itsuan ematen, ez behintzat aldez aurretik beharrezkoak diren azterketak egin gabe ingurugiroan e.a. arloetan, eta kontuan hartu gabe zenbateko eragina eduki dezakeen ekonomikoki, sozialki…”. Turismoa estrategikotzat hartzeko edo ez hartzeko orduan, tokian-tokian begiratzearen aldeko da. Landa guneak aipatzen ditu konparazio batera: “Tokian tokiko garapenaren ikuspegitik, langabezia eta despopulazioa bizi dituen nekazal giroko komunitate batentzat komenigarria izan daiteke. Baina kontrakoa ondorioztatzea ere gerta liteke. Alegia, eredu hori ez zaigula komeni, energia kontsumitzailea eta kutsatzailea delako, baldintza prekarioko lanpostuen eragilea delako, gazteria sektore horri erantzungo dion baldintza kaskarreko lanpostuetara bideratzen duelako eta sektore produktiboan formatutako gaztedia emigraziora bidaltzen duelako…”.    

Ipar Euskal Herriko eredua

Azken hamarkadatan Iparralden ekonomikoki, demografikoki, kulturalki… nolako bidea hartu den ikustea aski da Arberasentzat, salatzen ari denaz jabetzeko. “Iparralden ez da ekoizpen sistema garatu, bertako balio naturalak (landa-guneak, itsasoa…) 3. sektorean agintzen duten ekimen pribatuaren (negozio eta inbertsio-taldeak, etxebizitza-agentziak…) esku utzi dira. Turismoaren etekin ekonomikoei begira egin dira inbertsio handiak, eta azkenean, frantziar estatuko aberatsen lurralde bilakatu da. Bertako biztanleria zati nabarmen baten bizi kalitatearen kalterako prozesua izan da. Adibidez, bertako baserritarrei lur-sailen garestitzearekin egundoko zailtasunak sortu zaizkie. Gazteei, berriz, honako alternatiba geratu zaie: bertan zerbitzuak eskaintzen dieten lan prekarioei heltzea, edo, emigratzea”.

Datu adierazgarriak

Donostiako Parte Zaharreko Auzo elkarteak datu adierazgarriak eskaini ditu:

  • 2004 eta 2017 bitartean, biztanleria %8,9 jaitsi da. 2004an 6.401 biztanle ziren, 2017an, 5.832. Aurreikuspenen arabera, 5.400 biztanle inguru geldituko dira 10 urte barru (-%7).
  • Gazteek auzotik kanpora jo beharra dute emantzipatu nahi badute, eta biztanleria zahartzen ari da. Biztanleen herenak baino gehiagok 60 urte baino gehiago dituzte. %9,36k dituzte 80 urtetik gora. Emakumeak, 65 urte edo gehiago dituzten biztanleen %63,7a dira, eta 85 urte edo gehiago dituzten biztanleen %78,5a.
  • 100 biztanleko 4,32 taberna eta jatetxe daude.
  • 340 etxebizitza daude erabili gabe gelditzear; 452 etxebizitza potentzialki huts.
  • 190 etxebizitza turistiko, 62 pentsio, 3 hotel, eta beste 2, eraikitzen. Turismorako plazen kopurua auzoko biztanleen kopuruaren %20tik gorakoa da.

Ansorenaren "Requiem" deiadarra

Zer esana eman du Joxe Inazio Ansorena musikariak Berria egunkarian 2020ko urtarrilaren 17an argitaratu berri duen artikuluak, “Donostiako Alde Zaharra: requiem” izenburupean. Panorama iluna marrazten du, Alde Zaharrean bizi den auzotar baten ikuspegitik. Zer pentsatua eragiten duten hainbat pasartez betetako artikulu luzea da berea, eta hara horietako batean zer dioen, Arberasek aipatzen duen parke tematikoaren ideiatik jotzen duena:  “(…) Donostiako Parte Zaharra turismoaren birusak gripatuta dago aspaldi honetan. Eta ondorioz, biztanleak gaixorik, larri. Zer kontatuko zuen gure alkateak Madrilen Klima aldaketaren batzarrean? Han erakutsi omen zuen Donostiako plan berezia, zein da? Auzo honetan zabor eta zarata guztia biltzea, biztanleak uxatzea, desmasa guztiak egiteko libertadea ematea? Horrela besteetan lasaitasunez biziko dira? Antxoak bagina, biomasa aztertuko lukete eta arrantzarako debekua aginduko; hartz panda bagina, babestu egingo gintuzkete, neurri benetan eraginkorrak erabakiko, isun benetakoak jarriko… Auzo soilak gara ordea. Ordezko asko daude beste barrioetan ere. Irudipena dut gure auzo honetatik biztanleak bota nahi gaituztela. Hobeto moldatuko lirateke berrehun bat figurante baleude. Gainera, horrek lanpostuak sortuko lituzke…”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!