Andoaingo Ehbilduren agerraldia

Mikel Arberas 2020ko ots. 4a, 10:00

Andoni Alvarezek aurrekontuetan abstentzioa ematearen arrazoiak azaldu ditu. Auzoz auzokoetan parte hartuko dutela esan du, eta Andoaingo elkarte ezberdinekin bilera erronda iragarri dute.

Andoaingo Ehbilduk agerraldia egin du Zumea kalean duen bilgunean, eta Andoni Alvarezek hartu du hitza. Berarekin batera, egungo zinegotziak eta aurreko agintaldiko zenbait kide elkartu dira.

Lehendabizi aurrekontuei buruz hitz egin du Alvarezek, eta "egiturazko aldaketarik gabekotzat" jo du; eta orain arte kritikatzen zituzten partidak mantendu edota igo dituztela adierazi du. Horrez gain, Bilduko bozeramaileak akordiorako duten gaitasuna erakutsi nahi izan du; "bi aukera genituen. PSE eta PNVk bezala, oposizio egiteari uko egin eta oposiziokerian sartzea, edo oposizioaren lana egitea. Bigarrena aukeratu dugu". Halaber, bi proposamen nabarmendu ditu prentsaurrekoan; Udal Liburutegi berria eta Allurraldeko bigarren pista estalia. Proiektu bakoitzarentzat 1.5 milioi euroko inbertsio egitea proposatu dub Ehbilduk.

Esanak esan, Alvarezek Andoain Elkarlanean dinamikaren baitan, auzoz auzoko dinamikan parte hartuko duela adierazi du. Udalgintza eraginkorra bultzatzeko ezinbesteko tresnatzat jotzen baitu herriaren partaidetza eta ekarpenak. "Bertan parte hartuko dugula iragarri nahi dugu, eta horretaz gain, herritar guztiei parte hartzeko deia luzatu nahi diegu", gehitu du bozeramaileak.

Agerraldiaren amaiera, "Andoain herri bat bizitzeko" dinamikaren berri eman du, eta Andoaingo elkarteekin bilera erronda iragarri du; "martxotik aurrera herriko elkarte guztiekin elkartu nahi dugu (...) gure hausnarketa helarazi eta beraien ekarpenak jasotzeko". 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!