Udal jabetzako errentapeko etxebizitzak herriko familientzat

Xabier Lasa 2020ko ots. 7a, 14:04

Andoaingo Udalak eta Alokabidek hitzarmena sinatu dute gaur eguardian, udalaren jabetzako gizarte errentapeko etxebizitzen kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren menpeko sozietate publikoa den erakunde horrek egin dezan. Udaleko eta Alokabideko ordezkariez gain, STOP Desahucios eta Caritaseko ordezkariak izan dira ekitaldian.

Maider Lainez alkateak adierazi duenez, gaur bertan “herriko sei familiek errentapeko kontratua sinatu dute eta dagoeneko etxe horiez goza dezakete. Laster herritar gehiagok gizarte etxebizitza horien onura izango dutelakoan gaude, hori izango da gure ahalegina”.

Ekitaldian hainbat erakunde eta elkartek hartu dute parte. Udal ordezkari gisa, alkateaz gain, Mari Jose Izagirre alkatea ordea, EH Bilduko Andoni Alvarez eta Garazi Usandizaga eta Elkarrekin Podemoseko Teresa Santana, Ignacio Torres Alokabideko ordezkaria, Ana Sanz Gizarte Zerbitzuetako teknikaria, eta Kaleratzeak Stopeko Marce Garcia eta Caritaseko Virginia Hernandez.   

Maiderrek azpimarratu nahi izan duenez, hitzarmena udaleko alderdi politiko eta gizarte erakunde guztien artean egindako lanaren emaitza izan da, “guztiok 2016az geroztik elkarrekin lan egin dugu udal jabetzako sei etxebizitza berreskuratu eta zaharberritu ondoren gure gizartean errentapetu ahal izateko, eta baita etxebizitza horietara sarrera arautu eta baloratuko duten udal ordenantza eta esleipen agiriak onartzeko. Lan horretan bi korporaziok esku hartu dugu, eta gaur hemen egon ezin den arren, ez dugu ahaztu nahi aurreko alkate Ana Carrere andreak ere egindako lana”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!