Burdinaren urteko batzarra, kalean

Xabier Lasa 2020ko ots. 18a, 11:04

Burdina elkarteak urteko batzarra ospatu zuen joan den larunbatean. 2019 urtean zehar burututako lanak eta 2020 urteari begira aurreikusitako egitasmoak izan zituzten hizpide kideek. Martin Ugalde kaleko espaloian egin zuten ekitaldia, bertan elkarteak daukan biltegiaren parean.

Batzarra kalean eginez, kexa bistaratu nahi izan zuten; hots, udalaren jabetzako biltegiak ez dituela gutxieneko baldintzak betetzen. Biltegia ezinbestekoa da elkartearen zereginetarako, eta gutxienez ura eta argia behar lituzkeela eduki uste dute kideek.

Elkarteko bozemaile Ander Otañok adierazi zuenez, 2019. urteko balantzea egin zuten batzarrean. "Urte hasieran jarritako egitasmoak eta udal desberdinekin hartutako konpromisuak bete direla adierazi da. 2020an, berriz, hainbat herrietan berreskurapen eta mantenimendu lanak egiten jarraitzeko asmoa daukagu. Alde horretatik, Asteasu, Orexa, Elduain, Berastegi eta Andoaingo Udalekin aspaldian hasitako elkarlanari eustiko diogu. Udal horiei Anoetakoa batuko zaie aurtengoan".

Batzarrean esan zenez, karobi, errota, haize-ola, tren bagoi, telegrafo-dorre eta beste hainbat elementu historikoekin zerikusia daukaten egitasmoak dauzkate esku artean, eta horiek denak urtean zehar jakinaraziko dituzte.

Esku bete lan dabil Burdina elkartea une honetan, eta ez dirudi hurrengo urtetarako aurreikusmenak apalduko direnik. Hori dela eta, elkarteko kideek argi daukate boluntarioen premia edukiko dutela orain arte bezala. Horrenbestez, gonbite berezia zabaldu nahi izan zioten kultur ondarearekiko interesa daukan edonori, batere beldurrik gabe gertura dadin elkartera.

Batzarra, iraganean Inquitex lantegiak erabili zuen tutua mahai gainean zutela egin zuten kideek. Lanorduen hasierak eta bukaerak markatzen zituen aparatu horren hotsak, eta horrekin, ezagun-ezaguna egin zen Sorabilla, Karrika eta Goiburuko auzotarrentzat, haren presentzia normala egin zen euren eguneroko bizimoduan. Antzeko tutua erabili izan zituzten Sapak, Algodorenak, Labordek eta beste zenbait lantegi handiek Andoainen. 2020 urteari begira, tutuen inguruko lanketa egiteko asmoa dauka Burdina elkarteak, beste egitasmoekin batera.

Erlazionatuak

Burdina taldearen batzarra

Xabier Lasa 2020 ots 15 Andoain

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!