Ondarretakoa izango da konposta egiteko gune bakarra

Jon Ander Ubeda 2020ko ots. 18a, 20:10
© Ipar haizea

Sorabillako eta Etxeberrietako guneak kentzeko erabakiaren azalpenak eman dituzte Lainezek eta Izagirrek, Basteron deitu duten herritarren aurreko bileran. Garbitasun eta segurtasun arrazoiak argudiatu dituzte, eta kendu aurretik bi konpost-guneetako erabiltzaileekin harremanetan jarri direla gaineratu dute.

Auzoz auzoko bilera errondan, Etxeberrietako auzotar batek eskerrak eman dizkio Udalari bertan zegoen konpost-gunea kentzeagatik. Auzotar asko erabakiarekin pozik daudela gaineratu du. Izagirre alkate-ordeak eskerrak eman dizkio, eta hartutako erabakiaren berri eman du. “Segurtasuna lehenetsi dugu. Bertako erabiltzaileekin kontrastatu dugu, eta ez da eragozpenik izan. Etxeberrietako gune horretan haur asko ibiltzen da eta segurtasun arazo bilakatzen ari zen”. Erantsi duenez, konpost-gunea kentzerakan arratoi ugari topatu dituzte. Etxeberrietakoaz gain, Sorabillako gunea kendu dutela adierazi du. Aurrerantzean, konposta egin nahi duenak Ondarretan egiteko aukera izango du.

Gaiarekin jarraituz, Lainez alkateak erabakia hartzeko arrazoi asko daudela adierazi du; “Arratoiak, usaina, konpost-gunearen egoera, bertara edozein sartzeko erraztasun guztiak zeuden gainera”.

Aurreko egunetan Ipar Haizea plataformak eta Eguzki talde ekologistak Udalak hartutako erabakiarekin desadostasuna agertu dute:

Gaur, Andoain Elkarlanean bilera errondaren baitan, alkateak eta alkate-ordeak azalpenak eman dituzte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!