Teleirudimena etxetik etxera

Hau den/k umoria!

Garazi Kamio 2020ko mar. 26a, 21:27

Tarteka marteka, etxean ditugun ahizpa hauek gure etxeko telebista pribatizatzen dutenean, eurek ohiko dituzten programak ikusten ditugu. Laurak ere ondo sartzen gara etxeko sofan baina oraindik ez gara ohitu telebistako aurkezleekin dituzten garrasi bidezko bakarrizketekin. Saio lakrimogenoetan negar besterik ez dute egiten eta horrelakoetan, argazkilariak eta biok alde egiten dugu euren ondotik, metro gutxira bada ere.

Telebista aurrean batzuetan eta etxean besteetan, atzo ez genuen iluntze txukuna izan, itzala buru barrura sartzen saiatu baitzen. Nola edo hala atera ginen endredutik, eta gure neska motzak negarrez utzi genituenez (ez gara hain gaiztoak), zin egin genion geure buruari gaur ez ginela gauza tristeen inguruan hizketan ariko.

Beraz, gaur abesti alaiak ekarri nahi izan ditugu gure burura. Zaila, esan genizuen. Gure ahizpa maiteei begiak handitu, izugarri handitu zaizkie gure euskal kanten errepertorio alaiaren zati txiki bat kontatu diegunean: txoriak txori, Xalbadorren heriotzean, Azken dantza, Loretxoa… Portzierto, Loretxoa kasualitatez idatzi dudan honetan: ez al diezue antzekotasun handia hartzen Loretxoaren eta Txoriak txoriren letrei? Hegoak ebaki, arantzak kendu… en fin, oraintxe bururatu zaidan zerbait izan dela.

Izan ere, eta Txoriak Txori kantaren jatorriari, sorkuntzari, zabalkundeari eta garaiari errespetu eta miresmen guztiarekin: ez al genuen kanta tristeagorik konfinamendu honen lehen egunean kantatzeko? Italiarrek Azzurro kantatzen dute, espainiarrek Resisitiré (txinatarrena oraindik ez zaigu heldu), eta guk, geure baitako binilo beltz horretan, baina horrela ez zen gehiago txoria izangorekin jarraitzen dugu bueltaka, Aurrera tabernako serbileta hartan idatzitakoa geure zalantzen erdigunea balitz bezala.

Bere garaian prentsa oharrez adieraziko dizuegu baina aurreratu dezakegu, Zelai ahizpen laguntzaz antolatuko dugun Sabrina Salernoren emanaldian ez dela Txoriak txori abestia errepertoyuan agertuko. Sentitzen dugu txoriaktxorifilikoengatik, Laboazaleongatik eta maila bat igota, Artzezaleongatik (letra juntatzaileon aldarria egin dezagun: Laboak EZ zuen Txoriak txori idatzi!) baina ez dugu kantua gehituko.

Hala ere, eta egunari ezpain ondoko zimurra ateratzeko, Italiatik heldu zaigun primiziya erakutsiko dizuegu. Zuei bakarrik, halaporai beste guztiak. Prest?

Zer iruditzen? Oraindik ez du letra ikasi baina denbora soberan dauka. Koristak ere behar dituela esan digu mezu bidez eta jakin badakigu lerro hauek irakurtzen ari zareten askok duzuela kantak (euskal kanta tristeak tartean) abesteko abilezia eta ohitura.

Casting-a, koroadun birus hau amaitzen denean egingo dugu, orain nahiko lan beste bi hauekin! Hasi ahotsak txukuntzen, hala ere. Gogoratu udako kanta izango dela! Eutsi umoreari!

Erlazionatuak

Umoria

Aiurri 2020 mar 26 Andoain

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!