Koronabirusa

"Merkatari txikiak azkenak gara katean"

Xabier Lasa 2020ko mar. 29a, 10:58

Jendaurrean lanean jardutea egokitzen zaien guztiek bezala, prebentzio neurriak betetzen ditu Anita dendako Jaione Bitoriak. Herritarren ezinegonaren lekuko zuzena da.

Nola doaz egunak gozotegian osasun krisia piztu zenez geroztik?

Normaltasun batera iritsi garela iruditzen zait, larrialdi egoeraren baitan. Beti bezala irekitzen dut denda, baina arratsaldeetan 19:00etarako ixten dut, prebentzio neurri gisa. Egunean zehar jendeak badauka behar duena erosteko denbora, eta ez dut uste eman behar zaionik aukerarik ilunabarretan ere kalean ibiltzeko.

Erosleku handietan bezala erosketa konpultsiborik bizitu izan al duzu?

Ez, inondik ere ez! Eromen hori saltoki handietako kontua izan da, eskaintza zabalagoa daukatelako seguruenera. Gurean, aurreneko egunetan oinarrizko bi edo hiru produktuengatik galdetzen zidan jendeak urduri samar, ogiarengatik batez ere, ea hurrengo egunean izango ote nuen. Baina egunak aurrera joan ahala, denok ere konturatu gara ez zaigula ezer faltako, oinarrizko elikagaiei dagokionez behintzat.

Arazorik hornitzaileekin?

Larrialdi egoera deklaratu eta aurreneko astean, niki eskaerak egin, eta ezinezkoa zutela erantzun zidaten, nahikoa zaukatela saltoki handiekin. Zorionez, sartu garen aste honetan gauzak normaltzen hasi zaizkit. Pentsatzen dut antzekoa gertatu zaiela hainbat dendari txikiei. Oraintxe hasi naiz jabetzen bene-benetan, ahaltsuenen aurrean txikiak txiki garela, gu bezalako merkatariak azkenak garela katean.

Bezeroak, betikoak al datozkizu?

Ez, antzeman daitezke aldaketak hor. Zahar asko etxean geratzen ari da, eta beren seme-alabak edo zaintzaileak datoz gauzak erostera. Jende heldu horrek kontzientzia hartu du zer gertatzen ari den, eta neurriak hartzen ari da. Nire etxetik hasita, gurasoak jada kalera ez dira ateratzen, nik egiten ditut kaleko oinarrizko gestio guztiak. Noski, jada bertaratzen ez den beste giza taldea, haur eta gazteena da. Euren gurasoak datoz gozokiak erostera.

Zer nolako prebentzio neurriak hartzen ari zara dendan?

Lehen esan dudan bezala, jendea orohar kontziente da osasun krisia benetakoa dela eta guztion hobe beharrez hartu behar direla prebentzio lanak. Alde horretatik, bezeroei ez zaie gehiegi esan behar: bi baino ez dira sartzen barrura, distantziak errespetatzen dituzte… Denda barruko neurriei dagokionez, zorrotz ari naiz garbiketekin. Mostradoreak edo eskuak etengabe garbitzen ditut eta egunero denda ireki aurretik eta itxi ondoren ere, dena garbitzen aritzen naiz. Hori bai, ez dakit zuzen ari naizen jokatzen ala ez, baina maskarilla ez dut janzten normalean; iruditzen zait gehiegizko alarma piztu nezakeela bezeroen artean. Nahiko urduri etortzen da jendea bestela ere, gehitzen hasteko antsietate puntua…

Urduritasuna aipatu duzu…

Ezjakintasuna dago, bai, beldurra erraz zabaltzen baita. Egoeraren gainean hizketan hasten naizenean bezero batzuekin, telebista ez kontsumitzeko hainbeste gomendatzen diet. Ez da egia zenbat eta albiste gehiago ikusi, entzun edo irakurri, informazio gehiago daukagunik, edo gehiago dakigunik. Kontrakoa gertatzen da maiz, gainezkako informazioak antsietatea puzten du, eta burua nahastu. Sare sozialetatik datorkigunarekin ere kontuz ibili behar genuke, dena ez baita egia. Generalean, gizakiok gezur potoloak eta berri alarmistak aisa barneratzeko joera daukagu, modu sinesgarrian aurkezten badizkigute.

Jendeak estimatzen al dizu denda egunero irekitzeagatik?

Bai, batzuek espreski eman izan dizkidate eskerrak. Nik uste une larri honetan jendeak badakiela baloratzen jendaurreko zereginetan ari garenok egiten ari garen ahalegina. Batek baino gehiagok esan dit osasungintzako langileek ez ezik, guk ere merezita dauzkagula 20:00etan balkoietan egiten diren txaloak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!