Ane Jalon

Gezurra dirudien arren gaur ostirala da, edo norbaitek behin asmatu bezala: sanviernes. Azken bi ostiralek santutik gutxi izan dute eta gure buruak defendatu nahi gaituenez, otu ere ez zaio egin gaur kalera lasai asko ateratzeko aukera pentsatzea. Ezin denean ezin da.

Gaurko laneguna nola edo hala amaitu dugu, beti ere gure ahizpa maiteen itzalpean. Sabrina handiak Italiatik bidali zigun bideoa hamaika aldiz errepikatu dute eta zumba egin dute beste behin, gu gure eginbeharretan murgilduta geundela.

Kirolak, edo sikiera mugitzeak mesede egin die eta bazkalostean, Sálvame hasi aurretik, leihotik kanpora begira jarri zaizkigu. Etxetik ikusten duguna hitz gutxirekin defini daiteke: Goiburu magaleko etxeak, mendia eta trenbidea. Jende gutxi ikustera ohituta geunden etxe honetan eta oraingo bakartze honek ez du gure begien bistako elementuetan eragin handia izan.: Hala ere, ez da makala ikusten duguna: kolore, forma eta elementu ugari batzen dira eguneko ordu desberdinetan eta maiz, argazkilariarentzat jolasa izaten da leihotik kanporakoa begiratzea, Jamesestebartek (zer uste zenuten, James Stewart idatziko genuela?) Rear Window edo La ventana indiscreta filmean egiten zuen bezala.

Deitu bukoliko, deitu erromantiko edo deitu asperduraren ondorio: Goiburu auzoaz maitemindu zaizkigu. Izugarri gustuko omen dute Andoain (ojo, herriaren zati hau bakarrik ezagutzen dute) eta hain baserritar-mendi magal-lasaitasun herrian bizitzea pribilegio izugarria dela esan digute. Bai, oso kontziente gara Andoainen ondo bizi garela baina ez dakiguna da zer esango duten sator zuloan sartuta egoteko zigorra altxatakoan herri osoa zeharkatzen dutenean (herria polita da, aizue. Eta pentsatzen hasita, hauek ez dira Sorabillatik Kale Txikiraino oinez abiatu ere egingo).

Leihotik begira zeudela, telefonoak jo du. Urduri jarri gara, Miren Terese Zelai handiak deitzea ez baita gauza makala. Bakarrik utzi ditugu eta oraingo honetan ez dugu belarria gelako atean jarri; gaur zentzuz jokatu dugu eta belarria paretan jarri dugu (gutxiago entzuten dela!).

Ordu erdiren buruan irten dira gelatik eta orduan gertatu da miraria, une horretan prexixamente. Ez dakigu Tarsoko San Castor izan den edo Heliopoliseko San Cirilo. Zalantza handiak dauzkagu baina berdin zaigu nor izan den.

Banaka erosketak egitera joango zirela esan digute. Eskerrik asko San Castor eta mila esker San Cirilo. Auzoko denda txikira joan dira eta hamabost minuturen buruan itzuli. Dena txukun, dena normaltasun arraro baten barruan. Albistea eman diguten arte.

Albistea daukagulako. Bihar, martxoak 28, egun handia izango da guretzat. Tarsoko San Castorren eta Heliopoliseko San Ciriloren egunean, aurretik izan ez dugun aukera izango dugu: txurroak jatekoa. Auzoko dendakoari eskatu eta honek ekarri egin die hainbeste gustatzen zaien olioaren erreinuko jaki gozoa. Acabáramos.

Bihar txurroak ditugu gosaltzeko, bazkaltzeko eta afaltzeko. Mario Vargas Llosaren urtebetetzea omen da eta Isabel Preysler oso laguna dutenez, launhaundiya, bihar txurro festa daukagu gurean.

Hau gutxi ez balitz, Sabrina Salernorekin bideo-deia egiteko aukera izango dugu. Beraz, bihar San Castor, San Cirilo eta Santxu (rro) delako, ez dugu ez letrarik juntatuko ezta argazkirik aterako. Igandean itzuliko gara, guztia eta bereziki gure urdaila ondo badoaz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!