San Filareteren izenean, elur bola izugarria egin zaigula iruditzen zaigu. Elur jausia muturren aurrean lehertu zaigu eta aldapa behera dator orain, gu harrapatu zain. Bi kalamidade hauen irudimenak ez du mugarik eta txori ugari dituzte buruan bueltaka. Guk ez dugu gure gain hartzen gerora señora hauek jasoko dituzten makilkada mediatikoak.

Entzungor egin diegu (eta egiten diegu oraindik ere) atzotik hona erraldoi bihurtu duten elur bola efektuari. Txurreriya ireki nahi zutela? Ados, dena emango dugu herriaren ondarea berreskuratzeko. Goiburun Madonalsa irekitzeko planekin dabiltzala? Ideia ez dugu gustuko baina hobe isiltzea, Bazkardo alderako dauden planak ikusita, agian kokilduko zaizkigu eta.

Etxean galduta genituen txirula eta poxpolina hartu dituzte (bai txistulariok, poxpolina) eta pasilloan gora eta behera ibili dira, kalian gora kalian behera bezala, txistulariak bailiran. Arrazoia, oso erraza: Wikipedian irakurri dute Iñigo Urkullu txistularia dela eta beraiek ere euskal gizartearekin mimetizatu nahi omen dute. Argazkilaria eta biok ez gara batere iaioak musika kontuan baina hauek ere belarri fina baino, belarrondoko galanta merezi dute haizezko instrumentuen doinua etengabe desafinatzen dabiltzanean.

Lehendakaritzarako hautagaitzaren elur bola aurpegian lehertuko zaie goiz edo berandu. Gauzak honela, guk gure aldetik estrategia berri bat ontzea pentsatu dugu. Musikan bezalaxe, matematika kontuetan ez gara sekula fin ibili eta aski ondo dakigu kosta egingo zaigula nahi duguna lortzea, neurri eta dimentsioekin borrokan ibiltzea zaila izango zaigulako.

Gure asmoa, luze aritu gabe, hauxe da: horma bat eraiki nahi dugu etxean. Ondo irakurri duzue bai, horma edo pareta bat eraiki nahi dugu etxe barruan. Ez da lurretik sabairaino igoko den pareta izango baina nahikoa eta sobera izango da bi atso malapartatu hauek isolatzeko. Hori, etxetik lehenago alde egiten ez badute, noski.

Badakigu zer etorri zaizuen burura. Tira, badakigu… zuen historia-marrari erreparatuta ideia bakarra izan daiteke edo garai bateko kromoen antzera, repe datorren zerbait. Izan daiteke Israelek sortu zuen harresia, izan daiteke AEBk Mexikorekin duen mugan sortu zuena, izan daiteke Ceutako alanbre zorrotzeko hesitura … Edo izan daiteke Berlingo harresi hura. Azken hau hartu dugu inspirazio modura: noizbait behera botako dugun itxaropenarekin pentsatu baitugu eraikitzea. Honekin ez dugu esan nahi beste harresiek zutik iraun behar dutenik, ez noski baina Berlingo harresiari kariño berezia diogunez, etxean ere bat eraikitzea otu zaigu.

Nola egingo dugun ez dakigu eta horretarako egun batzuk beharko ditugula uste dugu. Beraz, lerro hauekin hasiko da gure konfinamendu erabatekoa. Aste Santuarekin batera isilduko gara gerora, Pedro Sanchezen enegarren luzapenarekin bueltatzeko. Gero futbolzaleak kexu izango ditugu Reala-Athletic finala jokatu ez delako; hemen bai prorroga luzeak!!

Bitartean, itsu, mutu eta gor mantenduko gara Txotxola ahizpekin elkarbizitzan. Hori bai, Berlingo harresiaren irudi batzuk jarriko dizkizuegu jarraian. Ez dira jaso zuten garaikoak, behera bota zuten lehen egunekoak baizik. Batzuk orain baino gazteagoak ginen eta beste batzuk, beste behin, gaztetasunarekin nazkante hutsak zarete (maitasunez doa, noski). HEMEN IRUDIAK. Guk horrela imaginatzen dugu (nahiz eta bakarka izango den) sator zulo honetatik irtengo garen eguna. Zuek zuena pentsatuta edukiko duzuelakoan, beste behin irudimenetik salto egitera gonbidatuko zaituztegu. Dena izango da ederragoa kalean, txurro eta kokretekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!