"Etxealditik euskaraldira" hizkuntza ohituren inguruan hausnartu eta ekiteko ekimena jarriko da martxan apirilaren 20an

Aiurri 2020ko api. 20a, 15:55

‘Etxealditik Euskaraldira’ izena duen proposamenak azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den Euskaraldia prestatzeko baliagarria izatea du asmo. Etxean eta etxetik ditugun harreman-komunikatiboen inguruan pentsarazteko ariketa batek eta egunerokoan sortzen diren egoeretan euskararen erabilera sustatzeko zazpi ideia-proposamenek osatuko dute ekimena.

Etxealditik Euskaraldira ekimenak bi helburu nagusi ditu: alde batetik, etxekoekin eta etxetik dituzten hizkuntza-ohituren gainean pentsaraztea; eta beste alde batetik, euskararen erabilera sustatzea, horretarako bitartekoak eskainiz. 

Ekimenaren nondik norakoak

Ekimenak hiru aldi nagusi izango ditu: aurkezpena, norberak bere eremu hurbilenean dituen hizkuntza-portaera eta ohituren gaineko hausnarketa eta ohiturak aldatu edo finkatzeko gauzagarriak diren ideien proposamena.

Ekimenak irauten duen artean, goizero-goizero Euskaraldiko facebook, instagram eta twitter kontuetan, ahobizi zein belarriprest Telegram kanaletan eta Euskaraldiko webgunean bideo  labur eta mezu bidez emango dira ‘Etxealditik Euskaraldira’ ekimena gizarteratu eta parte artzeko jarraibideak. Gainera, herriz-herri hedaturik dauden batzordeetako sare sozialen kontuetatik ere jarraitu ahal izango dira eguneroko argibideak.

Ekimena maiatzaren 3an gauzatuko den ekitaldi bateratuarekin amaituko da. “Ekitaldi horren inguruko azalpenak apirilaren 30eko proposamenean azalduko ditugu. Baina komunitateari ikusgarritasuna eta batasuna ematea izango du helburu”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!