Festetako suziria bezala etorri zitzaizkigun hegan txankleta beltzak, txispun, aurpegi erdi-erdira. Betaurrekoek atezain lana egin zuten kolpea arinduz baina berdin dio, marka edo orbana beti geratuko da barruan. Ez dakigu balea akabatu nahiko ote zuten edo ez ote zuten ondo ulertuko adierazi nahi geniena (edo tira, igual gu izan ginen esan nahi genuena gaizki adierazten) baina kontua da damua etorri zaiela euren gorputzeko atalen batera eta gaur otzan-otzan azaldu zaizkigula.

Aurpegiko ubeldura txikiak ispiluan berriz begitandu ondoren (txikiak dira oso baina gu ere iaioak gara  batzuetan gauzak direnak baino handiago irudikatzen), goizean gosaltzera eseri gara.

Sinnovedadenelfrentemiteniente, dena lasai, atsoak lo eta gu atzokoarekin minduta. Kafea edateaz amaitzen ari ginela hasi da festa: euren logelatik irten dira, isil-isilik eta itxuraz burumakur. Eskutan zerbait zekarten, eta alde batera eta bestera mugitzen ari ziren. Bildutako aldizkari bat zen eta kulero zuri bat zeukan lotuta: bakea nahi zutela asmatzea kosta egin zaigu.

Hurbildu dira eta baita barkamena eskatu, etengabe gainera. Ez dugula halakorik merezi (ez jauna!), atzokoa mamu zaharren itzulera izan zela (mamuak, gu?) eta ez dela berriz pasako esaten aritu zaizkigu behin eta berriz.

Opariarekin etorri zaizkigu, gainera. Ez da jateko ezer izan, noski; hauei koka-kola latak irekitzeak Arzaken lanen pareko dela iruditzen zaie eta. Ez dituzte gosaritako ontziak garbitu, ezer ez. Oparia hemeroteka bidez etorri da eta aizue, ezusteko txiki bat ere eman digute, egia esatera.

Interesante planta jarri dute, gure barkamena jaso ondoren lasaitu eta gero. Sare sozialetan irakurri omen dute berria, egun bat beranduago izan bada ere baina ziur gustuko izango genuela errepikatu digute. Duela hilabete Sabrina Salerno handiaz aritu baginen, gaur bere arerioaz ariko gara (letra etzanean nahita doa, noski). 80 eta 90eko hamarraldietan arrazoirik eta funtsik gabeko areriotasuna jarri zieten, eurek hitz erdirik askatu gabe. Ilehoria edo beltzarana, zein duzu gustukoen? Hori zen galdera. Pepsi eta koka-kola zaleak bezala banatzen diren jarraitzaileak: emakumeak salgai baleude bezala zen.  Sabrina handia zegoen boxeoko ring-aren alde batean eta bestean, atzo 54 urte bete zituen ilehoria, bularra pasiatzera atera ez zuen hura: Samantha Fox.

Jakin lerro hauek idazten ari garen bitartean Fox andrearen abestiak entzun ditugula. 270.000 entzunaldi baino gehiago ditu Spotifyn eta bere kantarik entzunena Touch me (I want your body) da. Hemen itzulpena dohainik: ukitu nazazu (zure gorputza nahi dut). Hortxe ba kanta. Apustu egingo genuke letra ez zuela berak idatzi eta idazlea noski, gizonezkoa izan zela. Gure Sabrinaren ustezko arerioa zein zen jakin nahi? 

Grazia egin digu etxeko atso bikoteak halako zerbait gogora ekartzeak. Ez diegu galdetu zein nahiago duten, Sabrina edo Samantha. Guri italiarrak zimikoa egin zigun bihotzean baina britainiarrari ere egingo diogu leku txiki bat.

Bi emakume hauek sortu zuten zalapartaz oroitzen ari ginela jaitsi gaituzte gure lainotik, festetako suziria bezala: txispun! Negoziatu egin nahi omen dute. Ezinezkoa dela Santa Krutzak bezelako festa herrikoiak bertan behera uztea: berdin zaiela Sanchezek zer dion, ministroak zertan ari diren, bost axola denak. Sabrina eta Samantha Andoainera ekarri nahi dituztela, Bekoplazan elkarrekin kontzertua eman dezaten. Argazkilariak eta biok berriz errepikatu diegu (oraingoan lehendabizi hanketara begira, zer oinetako zuten ikusteko eta gero eskua prest jarrita berriz ere gure bizitza arriskuan balego) ezinezkoa dela. Berdin dio, hauekin hizketan aritzea paretari bakarrizketan aritzea bezala da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!