Aitor Arruti: "Etengabe ari naiz buruari ematen, ea ideia berriak sortzen ditudan".

Mikel Arberas 2020ko api. 18a, 19:22

Aitor Arruti andoaindarra argazkilaritza eta bideogintza munduan murgilduta dago. Zenbait proiektu egin ditu eta beste hainbat ditu buruan. Atzo Gaztezulo Aldizkarirako egindako bideoa aurkeztu zuen eta, gaur, berari egindako elkarrizketa irakurgai duzue.

Konfinamendua irudimena lantzeko aukera aproposa da, zuri begiratzea besterik ez dago. Zer moduzkoa izan da grabatzearen esperientzia?

Nire buruari jarri nion erronka izan zen lehiaketarena. Egia esan, ez daramat ondo ezer egin gabe egotearena, eta Gaztezuloko lehiaketa ikusi nuenean zerbait egiten hasteko aitzakia ona izan zitekeela pentsatu nuen. Pare bat egun pasa nituen zer egin pentsatzen. Bi ideia nituen eta sinpleena egitea erabaki nuen. Jakinda ni bakarrik nengoela, buruhauste handiak ez hartzea pentsatu nuen. Egia da ere, memento txarrak eduki nituela, bakarrik egonda ez baitakizu egiten ari zarena ulergarria den eta bide onetik zihoan. Beraz, kuadrillakoei ideia zein zen esan nien eta funtzionatu zezakeela esan zidatenean, aurrera egin nuen.

Proba asko egin dituzu, toma bitxi eta bikain asko daudelako...

Buruan ideia bat dudanean argi ikusten dut bideoa edota argazki proiektua ere. Saiatzen naiz buruan ikusten dudan hori errealitatean plasmatzen. Kontatu nahi nuena oso ohikoa zenez, plano ezberdinak hartzea, etxeko gela guztiak erakustea eta horrelako xehetasunak azaleratzea erabaki nuen. Jolas bezala hartzen dut hau guztia.

Etxekoen laguntza ezinbestekoa duzu, eta bestalde, zuen etxea orain denon etxea dirudi.

Pentsatzen dut etxe gehienak horrelakoak direla; gurasoak, egongelan telebista ikusten eta kirola egiten. Komuneko papera gabe geratzearena ez dakit etxe guztietako arazoa den, baina beno, jendeak esan dit identifikatuak sentitu direla bideoarekin. Eguneroko gauza txikien umorea bilatzen saiatu naiz.

Andoain aldetik nola bizi duzu egoera berezia?

KonfinamenduA hasi aurretik bideo labur bat grabatzen egon nintzen urtarrila eta otsaila bitartean, bai Euskal Herrian eta bai Dinamarkan. Esan beharra daukat, ez ditudala bideogintzako edo argazkilaritzako ikasketak, hortaz, etengabe Youtuben tutorialak ikusten egon behar dut, etengabe frogak egin behar ditut zerk funtzionatzen duen jakiteko; lehenengo bi asteak gelatik atera gabe pasa nituen. 

Proiektuak bukatzen ditudanean, berriz, galduta nagoenaren sentipena edukitzen dut; beraz, hurrengo 2-3 egunak galduta pasatzen ditut, beheraldiarekin eta animo gutxirekin. Azkenean, erabaki nuen Gaztezulo Aldizkariko lehiaketan parte hartzea. Kosta egiten zait egunei aurre egitea ezer egiteko ez badut; baina, behin konbentzitzen nauen proiektu batekin hasten banaiz, horrekin entretenitzen naiz eta egunak azkar pasatzen zaizkit.

Atzerrian asko ibili zara, zein herrialde duzu gogoan eta zein lagun atzerrikoa? Zer kontatzen dute haiek?

Agian gehien markatu nauen laguna lehengo pixukidea da. Dinamarkara erasmusera joan nintzenean, gela nimiño bat partekatu nuen ikasle txinatar batekin. Esperientzia oso ona izan zen; oso mutil jatorra, goxoa eta lasaia zen. Horrelako gelaxka txikian sortu zen harremana oso ona izan zen eta askotan gogoratzen naiz. Gero bidaiatzen jende asko ezagutzen duzu, baina ez da berdina.

Esanak esan, berarekin hitz egiten egon naiz Txinan jazotako guztiarekin. Guztiak hasieratik maskarilekin zeudela esan zidan, eta bi herrialdeen egoeraz hitz egin genuen. Behintzat bera eta bere familia ongi daude, eta gutxinaka normaltasunerako bidea hartuko dute.

Bideo hau amaituta besteren bat duzu bidean?

Orain hasi naiz bideogintza seriotasun gehiagorekin hartzen, betiere idea konkretu batetik abiatuta; zerbait kontzeptuala edo hausnarketa sakona egitera bultzatzen zaituen bideoa izan daiteke, edo alderantziz, umore erraza eta oinarrizkoa.

Orain buruan ez dut bideo konkreturik, argazki proiektu pare bat lantzen nabil, eta oraingoz horiei emango diet garrantzia. Horrez gain, lehenagoko bideo bat eginda dut, soinu banda egitea soilik falta zait, ea azkar bideo hori bukatu dezakedan. Etengabe ari naiz buruari ematen, ea ideia berriak sortzen ditudan eta hala bada apuntatu egiten ditut aurrerago egin ahal izateko.

Denborak esango du zein abenturatan sartuko naizen hurrena, beraz, geratzen zaidan bakarra gogotsu lanean segitzea da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!