Koronabirusa

Ikastolako eta La Salleko ikasleen iritzia azterketei eta selektibitateari begira

Aiurri 2020ko api. 20a, 10:00

Aste Santuko oporraldian murgildu da hezkuntza sistema, inoizko egoerarik berezienean. Aita Larramendi Ikastolako eta La Salle Berrozpe ikastetxeko ikasleekin izan da Aiurri, azterketei eta selektibitateari buruz hitz egiteko.

Berrogeialdia dela medio ez-ohiko egoera bizi dute milaka ikaslek. Eskolara joan gabe daude, martxoaren 13az geroztik, eta, beraz, ziurgabetasun egoera honetan etxetik ikasi behar izaten dute. Laister azterketak edukiko dituzte eta hauen ostean, hautaprobak. Horregatik, ikastetxe ezberdinetako ikasleen iritzia jakin nahi izan dugu.

LILI ZUBELDIA 
AITA LARRAMENDI IKASTOLAKO BATXILERGOKO IKASLEA 

Selektibitatea atzeratu dute, kezkatuta zeunden bereziki horrekin?  

Bai, nahiko kezkatua nengoen (eta hein batean oraindik ere kezkatuta jarraitzen dut) selektibitateari dagokionez.

Zure esku egongo balitz, zer egingo zenuke? Denei aprobatu orokorra, adibidez? Ala zer?  

Egia esan, zaila da horrelako egoera bati aurre egiteko modu egokia bat topatzea. Horrexegatik, aprobatu orokorra bezalako prozedura bat hartuz gero, ados egongo nintzateke, nahiz eta ez zaidan irtenbide hoberena iruditzen. Nire esku balego, orain arteko noten bataz bestekoari garrantzia emango nioke, ez baitakigu noiz itzuliko garen klasera, ezta itzuliko garen ere.

Nola prestatzen ari zarete? Zaila egiten da etxetik eguneroko lanei eustea? Zehaztu ze asignatura egiten zaizkizun zailenak etxetik jarraitzeko. 

Prestaketa ez da oso erraza izaten ari, etxetik eguneroko lanei eustea zaila baita; baina pentsatzen nuena baina hobeto antolatzen ari naizela iruditzen zait. Bestalde, etxetik jarraitzeko zailenak egiten ari zaizkidan irakasgaiak Matematika, Gaztelania eta Artearen Historia dira, azken hau batez ere, abangoardietako kontzeptuak etxetik ulertzea oso zaila egiten baitzait.

Zer moduz bizitzen ari zara konfinamendua?

Ikasketak alde batera utzita, nahiko ondo bizitzen ari naiz konfinamendua, aspaldian alde batera utziak nituen zaletasunak berrartzeko aukera izan baitut.

Zer da faltan botatzen duzuna? 

Konfinamenduaren aurretik ez nintzen oso kale-zalea, baina orain, etxetik atera ezinik gaudela, lagunen konpainia, familiaren goxotasuna, kaleko bizitza... botatzen ditut faltan. Azken finean, eguneroko gauza txikiak dira egoera honetan izaugarrizko garrantziarekin ikusten ditudanak. 

OIER ZABALA
AITA LARRAMENDI IKASTOLAKO BATXILERGOKO IKASLEA 

Selektibitatea atzeratu dute, kezkatuta zeunden bereziki horrekin?

Bai, azken finean urte osoan zehar prestatzen ibili garen frogak dira eta orain etxean egoteak eskolan generaman erritmoa jaitsiarazi du. Beraz, atzerapenarekin lasaiago geratu naiz, baina oraindik kezkatuta nago egoera hau luzerako izango dela baitirudi.

Zure esku egongo balitz, zer egingo zenuke? Denei aprobatu orokorra, adibidez? Ala zer?

Nire ikuspuntutik ez nuke selektibitaterik egingo eta batxilergoan zehar ikasle bakoitzak lortutako noten batazbestekoa hartuko nuke kontuan. Nire ustez justuagoa izango litzateke.

Nola prestatzen ari zarete? Zaila egiten da etxetik eguneroko lanei eustea? Zehaztu ze asignatura egiten zaizkizun zailenak etxetik jarraitzeko.

Prestaketa ez dugu aldatu, eskolan egiten ari ginenaren antzekoa egiten dugu; baina irakaslerik gabe lana pisutsuagoa egiten da. Niri behintzat zailagoa egiten ari zait lan egiteko modu hau, eskolan ikasteko txiparekin baikaude, eta etxean aldiz zailagoa egiten da txip hori jartzea. Ikasgaiei dagokienez, hau guztiz pertsonala izan daiteke, baina nire kasuan jarduera praktikoagoak dituztenak nabarmenduko nituzke, esaterako matematika edo kimika. Hauetan agian irakaslearen azalpenek garrantzia handiagoa dute eta dudak errazago sortzen dira.

Zer moduz bizitzen ari zara konfinamendua?

Naiz eta orain ohituragatik hobekiago daramadan, orokorrean ez nago gustura. Egun osoa etxean igaro beharra gogorra egiten da eta askotan egunak luzeak egiten zaizkit; beraz, entretenitzeko telebista  edo serie eta pelikulak ikuste ditu.

Zer da faltan botatzen duzuna?

Gehien faltan botatzen dudana kalera ateratzea, eta lagun eta ezagunekin egotea da. Orain mugikorretik ikustearekin konformatu behar naiz. Kirola ere botatzen dut faltan, ez da berdina etxean egitea edo kiroldegian. Eguneroko bizitza da azken finean faltan botatzen dudana.

EIDER AZPILLAGA
LASALLEKO BATXILERGOKO IKASLEA

Selektibitatea atzeratu dute, kezkatuta zeunden bereziki horrekin?

Bai, gure etorkizuna dagoelako jokoan eta orain dela gutxi arte ez genekielako noiz egin beharko genuen.

Zure esku egongo balitz, zer egingo zenuke? Denei aprobatu orokorra, adibidez? Ala zer?

Denei gainditu orokorra agian ez, baina orain arte egin duguna kontutan hartu eta selektibitatea kendu.

Nola prestatzen ari zarete? Zaila egiten da etxetik eguneroko lanei eustea? Zehaztu ze asignatura egiten zaizkizun zailenak etxetik jarraitzeko.

Eskola egunetan ordutegia jarraituz klaseak dauzkagu, baina nahiz eta asko saiatu, ezin da normalean daukagun erritmo berarekin jarraitu. Asignatura zailenak etxetik jarraitzeko zenbakiekin zerikusia dutenak direla uste dut; matematika, fisika, kimika etab.

Zer moduz bizitzen ari zara konfinamendua?

Batzuetan kalera ateratzeko gogo askorekin, baina beste batzuetan nahiko ondo.

Zer da faltan botatzen duzuna?

Lagunekin kalean egotea, lehen egiten genuen edozein plan eta egunerokotasuna.

ASIER ARNAZ
LASALLEKO BATXILERGOKO IKASLEA

Selektibitatea atzeratu dute, kezkatuta zeunden bereziki horrekin?

Atzerapenarekin ez nago kezkatuta, azkenean beranduago egingo dugu eta listo, baina bai probarako ikasi beharko dugun edukiarekin.

Zure esku egongo balitz, zer egingo zenuke? Denei aprobatu orokorra, adibidez? Ala zer?

Niretzako bi bide daude, selektibitatea kendu eta batxilergoko notak kontuan hartu, edo froga erraztu ahal den moduan, konfinamendua hasi zenetik ikasi duguna ez dugulako orain artekoa bezala menperatzen.

Nola prestatzen ari zarete? Zaila egiten da etxetik eguneroko lanei eustea? Zehaztu ze asignatura egiten zaizkizun zailenak etxetik jarraitzeko.

Normalean ordutegia errespetatzen dugu eta irakasleekin bideokonferentziak egiten ditugu edo ariketak jartzen dizkigute. Ikasgai zailenak matematika, fisika eta kimika dira; hizkuntzak, historia eta horrelakoak ulertzeko eta ikasteko errazagoak baitira.

Zer moduz bizitzen ari zara konfinamendua?

Orain hasieran baina hobeto, egoerara ohitzea asko kosta zitzaidan eta eguneroko gauzak egiteari uztea, entrenatzea, lagunekin egotea etab.

Zer da faltan botatzen duzuna?

Normaltasuna, kalera ateratzeko aukera izatea inolako distantziarik gabe edo maskaretan pentsatu gabe.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!