Bota dugu ordagoa, atzo entzun zenuten mezua: 300 kulturgile baino gehiagok eman diote babesa Zelai ahizpek atzo esan bezala. Bihar eta etzi greba egingo dute, Zelai ahizpak asmatutako pertsonaia ez direla aldarrikatzeko. Argazkilaria eta biok oso pozik gaude, zesagotpa!

Broma txikia egitea otu zitzaigun zinta aislantez betetako poligrafo polit hura egin genuenean. Jakina da bihar eta etzi hainbat eta hainbat kulturgilek greba digitala egingo dutela. Guk ere, gure txoko xume honetatik, pertsiana jaitsi eta isiltasunari emango diogu lekukoa.

Adibide bat jarri nahiko genizueke gaur, guk maiz sentitzen duguna helarazteko: auto mekanikaria zara eta gaur ere, lana amaitu ostean etxera zoaz, neka-neka eginda. Etxeko atea itxi bezain pronto, mezu bat iritsi zaizu telefonora. Mezua argia da, bigarren irakurketarik gabea: autoa izorratu zaion batek idatzi dizu, zure beharra duela esanez. Ea autoa konponduko diozun, ez dirudiela matxura handia. Hori bai, autoa datorren asterako beharko lukeela eta berriz ere lasai egoteko, ez dela lan handia izango. Telefonoa harrika botatzeko gogoa sartu zaizu, laneguna bukatu eta gero iritsi zaizulako mezua. Bihotz taupadak zintzurreraino igo zaizkizu eta arnasa sakon hartzen saiatzen zara. Itxi begiak eta lasaitu zaitez, toreroak orain sartuko dizu eta puntilla: ingozu! Idatzi dizu orain hurrena. Noski, konponketarengatik ez duzu xentimo bakarra jasoko.

Barkatuko didate lerro hauek irakurtzen dituzten auto mekanikariek, adibide bat jartzea otu zait eta zuek hartu zaituztet adibide modura. Serio jardun nahiko genuke gaur, gaiak ez baitu malkoetarako besterik ematen. Jakina da euskalgintzak ez duela (ia) inor aberats bilakatzen, ingurura begiratzea besterik ez dugu: sortzea zaila da baina maiz, sormenak ez du bizitzeko lain ematen.

Gure barruan gordeta generaman sormena ateratzea otu zitzaigunean arantzaz betetako bideari ekin genion, galtza motzetan eta urraduren beldurrik gabe. Sortzea polita da, ederra, burua 45 erreboluziotan jartzeko beharra da, letrak juntatzekoa, argazkiak ateratzekoa, musika sortzekoa, bertsoak eta errimak parekatzea, dantzak kontradantzetan murgiltzea… Geure buruari soilik eskaintzeaz gain beste norbaiti erakusteak poza ematen du, atzean dagoen lana azaleratzeak asebetetzen gaituelako eta noizbait irakatsi ziguten militantziak begi kliska eskaintzen digulako.

Etxean egotera behartu gaituzten egun hauetan gure irudimenak hegan egin du. Gure barnetik atera da hamaika gauza egitea eta horrek lasaitu du barruan daukagun harra, zuek lau pareta artean baino lau teilatu gainean egotera eraman nahi izan zaituztegulako.

Argazkilariak eta biok lanpostu bat dugu eta lo lasai egiteko aukera dugu. Kulturgintza baina, negu eta udaberri gorrian dago: antzokiak itxi dira, kontzertuak isildu, bertsoetarako errimarik ez da eta liburu aurkezpenak desagertu dira. Agintariek ere, antzoki itxura hartu dute: isildu dira, ez dute erremediorik jarri bat ere gabe geratu denarentzat.

Sator bihurtu garen ia hilabete eta erdi honetan euskarazko kulturgintza eskura izan dugu: kontzertuak etxetik, ipuin kontalariak, pailazoak, argazkiak eta bideoak, bertsolariak lanean… Zer gertatuko litzateke denak isilduko balira? Horixe da bihar eta etzi egingo duguna: entzun gaitzaten isilik geratu.

Euskalgintza militantzia hutsa da, zuetako askok eta askok egiten duzuen bezala. Maiz ordea, militantziak beste izen bat hartzen du, auto mekanikariari jarri diogun ingozu! hori bera. Musutruk egiten ditugu hamaika gauza, sortzea zerutik datorren zerbait balitz bezala. Ondo dakigu bertsolariak egun osoa pasatzen duela errimak lotzen, koplak egiten eta Martxa baten notak doinuarekin bertso amaigabeak sortzen. Dantzariari hainbeste gustatzen zaio dantza egitea, txapela eta zapia soinean dituela egiten duela egunero lo. Musikariak lau abesti joko ditu edozein lekutan, gitarra jotzea besterik ez zaiolako gustatzen. Argazkilariak Pantone koloretsu bat bezala zabaltzen du egun bat barru egingo duen argazkia, unea eta argi perfektua berak nahi duenean izango baitu. Antzezleak etxeko apalategian dituen bostehun gidoietako bat hartuko du eta nahi duzuenerako egingo du antzezlana, jarri zuek ordua. Soziolinguista jakintsuenak hitzaldia emango du, horretarako pasa baititu hamar urte doktore tesia egiten, nahi duzun lekuan eta tokian. Eta azkenik, barrura begira jarrita, letrak juntatzen dituenak egingo du testuren bat, esaldiak jostea euri tantak buruan sentitzea bezala baita. Eta dena, aizue: ingozu! batekin apainduta. Aurpegia miazkatuta sentitzen dugu, hainbeste gauza musutruk egin ondoren.

Sortzea ez da erraza, are gutxiago lanean buru belarri ibili ondoren. Guri inork ez digu oraindik autoa debalde konpondu, ezta ilea dohain apaindu, adibidez. Baina guk, ingozu!ren seme-alabok, maiz bizkarrean kolpetxoa besterik ez dugu jasotzen trukean.

  • Gandiagak esan zuen euskaldun izatea bezalako gudaririk ez dagoela.
  • Joseba Sarrionandiak euskara dela gure territorio libre bakarra.
  • Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek euskara feminismotik askatuko dugula.

Barru-barrutik ateratzen zaizkigun gauzak zuei eskaintzea baino gauza ederragorik ez dago. Gure helburua azken aste hauetan, zuen etxeetara hanka puntetan iristea izan da. Gure aldetik sortu den ekimena da, xumea bezain singlea. Orain isiltzera goaz, gure barnean gotortu eta barruan zer dugun ikustera. Hartu arnas sakon eta ostegunera arte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!