Trumoiak eta hormak ukitu ditugun honetan, Txanketeren oroitzapena ekarri dugu gogora, txanketazoa bizi izan dugu gure aurpegi ederretan eta besteak beste, San Papo eta San Himnografo ekarri ditugu lerro hauetara. Ez gara aspertu, etxean jaso ditugun bi serora modernek bizitza apur bat erraztu digutelako. Eta San Papo hizpide hartuta beharbada iritsi da papo esaten hasteko garaia; atea itxi dadin lehen bultzada emateko unea.

Testuak idazten hasi ginen garaian, gazte-gazte supergazte ginela, oso erraz jotzen genuen egun erabat maskalduta ikusten dugun formula: ilusio handiz hasi genuen ibilbide hau… Auskalo zenbat aldiz entzun eta irakurriko ote dugun esaldi hori! Ez dugu esango oraindik definitzeke dugun atal hau ilusioz hasi genuenik. Barka gaitzala Aiurriko Honey Ubedak (hau Garage Truck haren ordainetan doa, txikito!) ilusio gabezia hori hain gordin idazteagatik. Aitor dezagun egia: beharrak bultzatu gintuen etxekotzat hartu dugun txoko honetan idaztera; hainbeste aspertuko ginatekeen etxe zuloan buruan dabiltzan irudi eta letrak elkartu eta sortu gabe! Inuzenteen taldean sartu genuen geure burua, itxialdi honek hamabost egun edo hilabete iraungo zituela barruraino sinetsita. Orain, berrogeita ez dakit zenbatgarren egunean gaudenean, telelanak lepoko mina ematen digu, loaren kalitatea eskasa da eta haur bilakatu nahiko genuke igandetik aurrera kalera irten ahal izateko.

Ez gatoz pena eman nahian, geure burua ispiluan ikustearekin nahikoa eta sobera daukagu: a zer piura hartzen ari garena, amatxo maitia! Hamaika gauza on ere gertatu zaizkigu: lagun egin dituzuen bi señora horien presentziak hein handi batean alaitu egin digu itxialdia. Jatorrak dira, zer esango dizuet ba. Nik, pertsonalki, kariño berezia hartu diot hortz handiak dituen ahizpari; beste setosa horrek baino jator itxura handiagoa du (balia dezadan une hau esateko argazkilaria bilera batean dagoela eta ez dituela lerro hauek irakurriko). Gure neskak ere BTX zaleak dira; ez da Berri Txarrak, Beti Txurro baizik eta gu ere hasi gara kokreta ahoskatzen, Koka-kola edaten eta Sálvame egunero ikusten.

Gure etxean lau izaten gara bazkaltzeko eta afaltzeko garaian; gosariarena beste kontu bat da, badakizue. Gurekin batera egoten dira zuenean ere Eguberri bezperako afaritan faltan botako dituzuen Salvador Illa eta Fernando Simón. Betidanik ezagutu izan bagenitu bezala da… Eta aitor dezagun baita ere (gaur honek konfesionayua ematen du), Ana Rosa Quintanazale bihurtu garela. Emakume honek bai esaten duela sudur puntan (edo beste edozein lekutan) jartzen zaiona! Uste dugu berarekin maitemintzen hasiak garela, baina hori ez dugu badaezpada oso ozen esango, beste bi doña hauek haserretu ez daitezen.

Ez dugu sekula Frantziako Tourra irabaziko, ezta Behobia-Donostian parte hartuko baina idazteko entrenamendu honek, argazkiak ateratzearekin batera, pixka batean nekatu egin gaitu. Indarrez ez gabiltza justu antzean baina Tourmaleta igotzeko beti utzi behar omen dira indar gramo batzuk eta guk gordetzea pentsatu dugu.

Beste topiko bati eustea ere otu zaigu: ez da agur bat, gero arte bat baizik. Tira, agur ez dugu esango baina egunero ez dugu ez idatziko ezta argazkirik aterako. Amontzen hasiak garela! Ederki ari gara pasatzen lerroak betetzen eta pixelak koloreztatzen eta aurrerantzean ere izango duzue gure berri baina 5 zenbakidun Chanel perfumea bezala, tantaka jasoko duzue.

Ondoko bi andre hauek negar zotinka jarri zaizkigu, idazteari eta argazkiak ateratzeari ez uzteko erregutuz. Sentiberak gara baina ez ditugu musuzapiak malkoz betetzen: erabakia hartuta dago. Hala ere, gure etxeko telebista estudio txiki hau Zelai ahizpei alokatuko diegu, nahi dutena egin dezatela bertan. Dena dirua lortzearren eta den-den-dena Sabrina Salerno herrira ekartzeagatik. Hori ere lortuko dugulako!

Despedidarik gabe eta ahal dugun bezain xume, etorri ginen bide beretik urruntzen gara. Zintzoak izan zaitezte etxean eta kalera irteteko aukera extrarik baduzue, bejondeizuela! Guk etxean itxarongo zaituztegu eta desiratzen gaude zuekin berriz aurrez aurre egoteko.

Izango duzue gure berri eta bitartean, Zelai ahizpek erakutsita bezala: eutsi goiari, Kalamidadiak! Eta edan dezagun desinfektante pixka bat Trumpen osasunera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!