Eskualdeko musika taldeak

The WC Grooves

Koldo Otamendi 2020ko api. 25a, 20:38

Nork dio musika gaztetan egin behar dela? Musika talde bat sortzea nerabeen gauza dela? Musika gure barnean sartzen den pozoin bat da, eta ziztada hori sentitzean, noiz edo noiz atera behar da. The WC Grooves taldea esaterako, horrela sortzen da.

Gaztetan sortzen dira ia musika talde denak. Ikastolako lagunen artekoak, kuadrilakoak, musika zaletasun bera duten musika ikasleen bilkurak... nork ez du amestu noizbait musika talde bat egitea? Entsegu lokala lortu eta egun osoa izan musika sortu eta musikari dena emateko! Tresnak menperatzen ikasi, gauzak probatu, birra batzuk hartu... Lokaleko bizitza! Denboraren poderioz, eta urteetan gora egin ahala gauzak aldatzen doaz eta dena konplikatzen da gehiago. Eguneroko lanak, bikoteak, seme-alabak, kezkak... ez da erreza denbora ateratzea lagunarteko banda bat sortu eta entseguak eta boloak egiteko.

The WC Grooves taldeko lagunak horrela hasi ziren, jada urte batzuekin bizkar gainean eta famili giroan. Bigarren gaztaroa deitzan zaion horretan akaso. Birra batzuk hartzen ari zirela musika talde bat egin behar zutela erabakitzen dute Oscarrek, Danik, Sergiok eta Urik. Arrate pilotalekuan erabilpenik ez zuen WC gela zahar bat egokitu, eta entsegu lokal bat eraiki zuten taldekideek. Hortik dator taldearen izena. Bateria, baxu eta gitarra anpliak sartu, ahots joko bat, mikrofonoan prestatu, "on" botoia zapaldu eta hortxe hasi ziren kantuak sortzen. Lehenik gustuko zituzten rock taldeen bertsioak egiten: AC/DC, Thin Lizzy, Led Zeppelin, Deed Purple.... Eta gerora kantu propioak. Askotan lantzen diren bertsioak ematen dute nolabaiteko pista bat taldea nondik nora ariko den ikusteko. Eta kasu honetan, nahiko fidelak dira eraginak. Betiko Rock And Roll-a lantzen du taldeak. Garai batean apurtzailea zena, eta gaur egun, klasikoa deitzen dioguna. Instrumentalki base erritmiko potente bat dute eta bi gitarra zorrotz bien artean jolas egiteko. Kantuak, beraien eraginak bezala, ingelesez abestuak dira, eta modu txukunean ahozkatzen eta kantatzen ditu abeslariak.

Taberna eta areto txikietan kontzertuak eskaini eta gero lehen diskoa grabatzen dute andoainen bertan. "All For Rock And Roll" izena jarriko diote lehen diskori. "Dena Rock And Roll-arengatik!". Bertan taldeak berak sorturiko zazpi kantu bero biltzen dira. Debuteko disko on bat. Andoainen sarri jo izan dute: Gaztetxean, Irunberrin, ekaineko rock jaialdiaren eguerdiko aperitiff emanaldietan, San Juanetan... eta gora etorri den banda izan da. Errodajea egin ahala taldea handitu da agertokian, geroz eta askeago, geroz eta beroago!

The WC Grooves. Garagardo on batekin lagun artean gozatzeko musika!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!