Dantzaldi eta erromeri giroek beti izan dute toki bat gure herrietako musikan. Nire gurasoek Los Ruby taldearekin dantzatzen zuten. Gure aurrekoak Ingumarekin, eta gurean Iratxo taldearen musikarekin girotzen genituen gauak. Eta oraingoak Gozo-Gozo eta Ingo al Deu?-rekin.

Finean, belaunaldi bakoitzaren soinu banda txikiak dira dantzaldi taldeak. Beste dozenaka talde ere izan dira, eta datozen urteetan izango dira. Ingo al Deu? bezalakoak, ordea, gutxi. Akaso, bat ere ez!

Ingo al Deu? taldea osatzeko astroak elkartu zirela esango nuke. "Musikari" bakoitzak bazuen bakar egiten zituen nortasun puntu bat. Frontean, mikrofonoetan, Eskudero eta Beloki nor baino nor. Bi plaza gizon, bi artista handi. Edozien hilerri dantzan jartzeko aproposak. Atzean bateria joz Aitor, makilkada gogorrez eta bonborako doble pedala edozien momentutan sartzeko prest. Trikitian Antton. Gure Solano txikia. Agertoki gainean eta azpian beti festa egiteko prest. Eta dena gidatzen itzalean, Imanol. Teklatua jotzen, eta kaos guzti hori ahal zuen moduan antolatzen. Musikalki ez ziren onak, gauzak diren bezala. Baina agian hor zegoen taldearen benetako xarma. Hor zegoen koxka. Horrek nortasuna ematen zien, beti umoretik, berezi, eta beti alai. Esango nuke taldean musika egitea kasik azken gauza zela. Taldea aitzaki bat zen gauero festa egiteko. Furgoneta kargatu, herriko jaietara bidaiatu, afaldu, tragoxka batzuk hartu, lardaxkan aritu.... eta gero, jo. Askotan, ahal zen moduan.

Beti izugarriak iruditu zaizkit dantzaldi giroko taldeek udan eskaintzen dituzten emanaldi kopurua. Gaur egungo garaiak ez dira lehen bezalakoak, baino ekaina, uztaila eta abuztua artean esaterako 60 emanalditik goiti jo dezake bogan dagoen talde batek urte on batean. Ingo al Deu? taldeak ere bizi izan zituen uda bero horietako pare bat, non gauero, edozien herriko jaietan aritzen ziren ordu txikitan.

Garaiko Ingo al Deu? taldearen kantu zerrenda ez zen oso ezberdina gisako beste dantzaldi taldeekin alderatuz gero. Tapia ta Leturia-ren "Festarik festa",  Zaldiboboren "Kolore Kolore" mitikoa, "Lepoan hartu" eta "Ikusi mendizaleak" herrikoiak, Etzakit, Esne Beltza, Hemendik At!, Akelarre, Ze Esetek!... arin-arin bat, porrusalda bat, eta nola ahantzi bukaerako bertsoak! Hala ere, taldeak bazuen zerbait berezia ere. Modako kantuak euskaratu eta bere terrenora ekartzeko erraztasuna: "Ai se eu te pego" abesti ezaguna "Rosa Rosa" bilakatu zuten milaka bisitaldi lortuz youtube sarean. "Dantza Koduro" egin zuten, "Tzitzarito", eta "La Gozadera", berriz, "Buelta bat eta etxera!" moduan! Beti izan dute begi ona holakoei zukua ateratzen. Kantuak euskaratzea aparte, taldearen nortasuna eman zioten, beraienak bilakatzeraino.

Denboraren poderioz taldekideak aldatzen joan ziren eta taldekide berriekin egin zuen taldeak aurrera. Tartean, disko bat grabatzea ere lortu zuten, Bide horretan, aro ezberdindak izan dituzte, baino seguraski lehen aro horrek markatuko du taldearen izaera. Urte eroak eta beroak! Goizaldean etxeratzeko soinu banda. Oraindik orain Ingo al Deu? taldeak girotzen ditu gure gauak talde formazio berriaz plazaz plaza. Beste taldekide batzuek Egan taldean, bakarkako egitasmoetan, edota Malkogarriyak bandan murgilduak daude, beti ere festazale!

Ingo al deu? ...ingo ezteu ba!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!