Santakrutzetako sei herrikideen bertso saioa, kronika eta bideoa

Xabier Lasa 2020ko mai. 7a, 10:22
BeƱat Beloki.

Santa Krutz jaien baitan bertso saioa egin zen online maiatzaren 1ean. Sei lagun aritu ziren kantuan, denak ere andoaindarrak, Punttuka bertso eskolako kideak: Beñat Beloki, Ion Beloki, Xabier Arantzeta Toxak, Aritz Eskudero, Jon Eskudero eta Unai Ormaetxea. Jaialdi historikotzat har daiteke saioa beharbada, andoaindarren bertsozaletasunaren historiari erreparatzen badiogu.

Gai jartzaile lanetan aritu zen Arkaitz Lasartek  “xume eta arraro" gisa definitu zuen bertso saioa, eta poza agertu herriko sei bertsolari bildu izanagatik. Ez baitzen izan gutxiagorako; egiazki, historikotzat jo behar da ostiralean ospatu zen bertso saioa, herritarren partaidetza zabala kontuan hartuta batez ere. XX. mendean zehar, 1936ko ekainera egin beharko genuke atzera antzeko gertakizunik topatzeko. Orduko hartan, Merkatu plazan (gaur egun Juanita Alkain plaza inguruan) ospatu zen jaialdian, hamaika bertsolari bildu ziren jendaurreko kantuan. Errepublikako aroan (1931-1936) Euskal Herrian eta Andoainen berpiztu zen mugimendu euskaltzalea islatu zuen jaialdi hark. Tamalez, hurrengo hilabetean, kolpe militarra eragin zutenek indarrez eta odolez zapuztu egin zuten mugimendu guzti hura, 40 urtetako diktadura ezarriz. 

Maiatzaren 1eko bertso saioara itzulita, esan behar da zuzenean dozenaka lagunek jarraitu zutela. Txukun jardun zuen seikoteak, eta Santakrutzak eta osasun krisialdia gaitzat harturik, umorea nagusitu zen euren bertsoetan.

Saio osoa jarraitu daiteke sarean. Eta aldi berean, zenbait bertsoaldi transkribatuta irakur daitezke segidan.

 

* Hasierako agurra.

Ion Beloki:

Arratsaldeon guztiori ta

merezi du gaurko funtsak.

Egia esanda parranda gogoz

dauzkagu denok gorputzak.

Nahiz ta etxean beteta daude

kaliak dauzkagu hutsak.

Etxen bagare andoaindarrok

goza itzazue Santakrutzak.

 

Unai Ormaetxea:

Konferentziz hizketan

ta ez naiz alkate,

poztasunan bidetik

sortuz aldarte.

Errenteri, Andoain

luzatuaz kate

ezin baitet mugitu

inundikan bate,

honetaz aparte

auzo ta elkarte

punttuka re parte

bertsoz asma arte.

Festa ez baita izan

beinere kalte (bis)

 

Aritz Eskudero:

Santakrutzak etxean

ez da tipikoa.

Etxean egoteaz

jada nahikoa

nahiz nahi dudan musika

txozna ertzekoa.

Aurten festen programa

berezi askoa,

denon gustukoa

kategorikoa

gertu-gertukoa

telematikoa.

Etxea alaitzeko

horra gakoa (bis)

 

Beñat Beloki:

Santakrutzak jaiak ditugu eta

gaur degu egun handia,

rato ederra pasako degu

badaukat hortan fedia.

Zerbezatxo bat edanez eta

juntatu dadin jendia.

Saio polita egingo degu

nahiz eta izan xelebria.

 

Xabier Arantzeta Toxak:

Bertso saiotan Toxak deu

lehenengo aldiz berria.

Hasteko eskertu nahi det

begira dagon guztia.

Donosti, Eibar, Andoain,

bihotzeko familia,

ta Aiete aldera ere

zuri Olaia txikia.

Kuadrila, Angel Heredia,

Kaletxikiko jendia.

Esango dizuet danoi

nere helburu nagusia:

ondo pasa, parra egin,

saio txukun bat itia (bis)

 

Jon Eskudero:

Kaixo denori gaude bertsok ekarrita,

aztu ditzagun oltza, plaza ta ermita.

Gaur onlain gatoz ilusio denak jarrita

kunplitu asmoz Santakruetako zita.

Gaur onlain gatoz ilusio denak jarrita,

ateak itxita ta pantalak irekita.

 

* Sei bertsolarik, bertso bana.

Gaia: “Gaur, maiatzak 1a, eta birusarena etorri ez balitz, zertan ariko zinakete oraintxe bertan?”.

Beñat Beloki:

Fetxa hontan parranda

ekin eta ekin,

baño aurtengo hauxe

da oso ezberdin.

Halare polita da

ta neri dit berdin,

txosnaren bazterrian

Kelertxo batekin (bis)

 

Jon Eskudero:

Santa Krutzetan beti

zerbeza egarri

ta txosna izan ohi da

guztion iturri.

Han ibiltzen baikera

gu festetan sarri

ta ni alkola birus

baten mende larri (bis)

 

Aritz Eskudero:

Bertso kantatuz ziurrenik ni

oso modu dotorean,

eta bestela presaka pasaz

erdi etzanda ohean.

Santakrutzekin egunez hil da

eta gauez umorean.

Baina zu lasai, ospatuko deu

denok datorren urtean.

 

Xabier Arantzeta Toxak:

Atzo genuen Santakrutzeko

festa on hauek hastea.

Ohitura onak mantenduz laster,

kuadrila ba bazkaltzera

Zerbeza bat, bi, hiru eta lau

ta guk ritmoa hartzea.

gaupasa ederra egin det ta

banijo lo egitea.

 

Ion Beloki:

Egongo nintzan Kale Nagusin

ne lagunekin bazkaltzen

auzo bazkaya behar den bezala

menu onakin ospatzen.

Barberenak e askotan gaitu

bere bonbekin goxatzen.

Momentu hontan ariko nintzen

arpegi kremaz zikintzen.

 

Unai Ormaetxea:

Nik bonbarikan ez det probatu

nahio ari zerbezetan.

Baino badakit neronentzat e

hori ez da mesedetan.

Baino ez naiz orain aituko

zure aurrean kexetan.

Daukadan apaiz pinta honekin

egongo nintzen mezetan.

 

* Ofizioka Beñat Beloki eta Xabier Arantzeta Toxak.

Gaia: “biak txosnako txanda egitera sartu zarete. Zuk, Beñat, betiko musika jarri nahi duzu, euskal rock erradikala deitutakoa. Toxakek, ordea, nahiago regetoia-eta, festa-giroa gehiago zabaltzen duelakoan”.

Beñat Beloki:

Santakrutzeko jaia

da etorri bela.

Txosnaren kanpoan do

giroa itzela.

Musika zarrak jarriz

Toxak haiz ergela.

Sutagar jarriko det

bihar dan bezela (bis)

 

Xabier Arantzeta Toxak:

Euskadin zaila dago

ligatze asuntoa,

jendeak badauka ta

nahikoa gogoa.

Beñat azaldu eta

luzatu lepoa.

Zu lasai, nik hartu

det mikrofonoa (bis)

 

Beñat Beloki:

Mikrofonoa hartu

hi hasi kantatzen,

Toxak, hik bertakoa

ez dek baloratzen.

Hiri attu ta orain

ari nauk nazkatzen,

hemengo kultura hik

ez dek ta maitatzen (bis)

 

Xabier Arantzeta Toxak:

Beñat, ni gaztetan bai

nintzan ba makarra,

eta musika hori

jarri barra-barra.

Orain tokatzen zaigu

in dezagun parra.

Nik ikusten haut hi

zahartu samarra (bis)

 

Beñat Beloki:

Txosna barruak orain

dirudi España,

ta ni haserretutzen

puztu zait bai zaiña.

Toxak ixildu hadi

ta itxi ezpaña.

Kañerora joanda

atera idak kaña (bis)

 

Xabier Arantzeta Toxak:

Zaharrari erakusten

hasi da gaztea.

Hik bizi behar dek ba

oraindik bizia.

Eta esango diat

nik orain egia:

nik ere maite diat

gure Euskal Herria.

 

* Ofizioka: Aritz eta Jon Eskudero.

Gaia: “Zuek bizilagunak zarete. Jonek nahiko gaizki darama konfinamendua. Aritzek, ordea, txakurtxoa dauka eta egunero ateratzen da pasiatzera. Jon balkoian eguzkitan dago, eta hor ikusi du Aritz bosgarren aldiz txakurra kalera ateratzen”.

Jon Eskudero:

Hainbeste jende hiltzen ari da

eta etzaude errukitan.

Balkoi hontatik begira nago

ta zu irten bost alditan.

Aizu ni ere aspaldi nago

hortarako irrikitan

jada ez dakit txakurra nor den,

bera edo ta zu bitan (bis)

 

Aritz Eskudero:

Bera txakurra asmatu dezu

eta jabea zerria.

Nahiko egoista izaten danez

inguruko gizaldia.

Txakurra asko ateratzen det,

jada bosgarren aldia.

Eta zuk balkoi hortatik begira,

ze txarra dan inbidia (bos)

 

Jon Eskudero:

Aizu, inbidia edukitzea

bekatu barrun ez dago

eta kalean ikusten zaitut

zu gero eta gehiago.

Goiza, eguardi, arratsalde, gau

ni beti begira nago,

ta zu zabiltza, Aritz, egunero

Rajoy baino okerrago (bis)

 

Aritz Eskudero:

Nere zakurrak Rajoy aldean

baditu mila bertute,

ta egunero zazpi paseoz

pasatuz hamalau parke.

Egia esan zuk e zakur bat

gustura hartuko zenuke.

Nahi badezu bihar utziko dizut

hamabost euroren truke (bis)

 

Jon Eskudero:

Hamabost euro ordaintze hutsa

garestia da, ordea.

Ta inbiditan egon naiteke

inbidia det zurea.

Bai, baino, aizu, etxen enago

ni txakurrikan gabea.

Ta bat badaukat xuri-xuria

zurea baino hobea (bis)

 

Aritz Eskudero:

Magoen gisan zuk pelutxea

txisteratikan atera,

ta sentitzen det horrekin zuk ez

dezu kalera atera.

Eta gauza bat esango dizut

jakina zeure kaltera:

Birusakin ez, xurkeriatik

ta inbidiz hilko zera (bis)

 

*Ofizioka: Unai Ormaetxea eta Jon Beloki.

Gaia: “Zuek bikotea zarete eta telebistan ikusi dezute Trump esaten lejia edatea ona dela birusa hiltzeko. Unaik hor ikusi du Jon lejia txupito bat prestatzen”.

Unai Ormaetxea:

Soluzioa ez do

badakit errexa,

ta ikertzaile askok

daukate pereza.

Txupito basua ta

gainen daukan ertza,

baino lejia ez al zan

kaña ta zerbeza? (bis)

 

Jon Beloki:

Koronabirusakin

ni nengon kezketan.

Begira aritu naiz

gueb orrialdetan,

eta Trampek diona

sinitu benetan

bera bezala nabil

ni beti tranpetan (bis)

 

Unai Ormaetxea: 

Burutik jota dago

Tramp hori ta bera.

Azkar joan zaitezke

amaren etxera,

eta bitarte hontan

hemen gara gera.

Lejia edanez gero

azkar hilko zera (bis).

 

Ion Beloki:

Lehenengo txupitu bat

xuabe-xuabe,

bigarrena edanda

jarri oso grabe.

Baina birus zikin hau

joan da halare.

Igual-igual hilko naiz

lejiarik gabe (Bis).

 

Unai Ormaetxea:

Denok hilko gera, bai,

eskusarik gabe,

eta orain zera zu

lejiaren jabe.

Baina hori ez da ona

sikira da grabe.

Ardua zuk, Jon dezu,

askozaz e hobe (bis).

 

Ion Beloki:

Arduakin orduan

gu gaude konpleto.

Ez det beldurrik bate

beste auzoa joateko.

Metodo honekin no

gaur oso kontento,

ta sentitzen naiz, Unai,

askozez hobeto (bis).

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!