Illarramendi baserriaren azken orduak

Aiurri 2020ko mai. 14a, 09:59

Une batetik bestera bota dezakete Bazkardo aldean dagoen baserri ederra. 1615. urteko Udal dokumentuetan jada aipatzen da. 400 urteko baserria historiara pasako da, hurrengo orduetan. Eraikina eraitsi eta lur eremu zabal hori industria jarduera ezberdinetarako baliatuko dute.

Buruntza auzoan kokatzen den Illarramendi baserria eraistekotan dira, hurrengo egunetan. Industrigunea eraikitzeko egitasmoa dago bertan.

Baserri bikaina, dotorea da Illarramendi, inondik ere. Lur-sail zabaleko baserria izan zen iraganean, baina murrizten joan da bere eremua hamarkadaz hamarkada, N1 errepidea, Ama Kandida etorbidea zein Urumeako A15 autobidearen eraikuntza dela medio. Aurreko astean lur mugimenduko lanak hasi ziren, eta datozen egunetan baserria eraitsiko dute. Azken mendeetako eraikina historiara pasatzear dago, beraz. Etorkizun hurbilean industriarako eremu bilakatuko dute, eta 91.280 metro karratuko lur azalerako espazioa hainbat jarduera ekonomiko burutzeko bideratuko da; antza denez, eremu handiko supermerkatu bat ipiniko dute bertan. Ondoan dagoen enpresa handitzeko ere baliatuko dute.

Aiurrik baserriari eta bertan bizi izan den Jauregi familiari buruzko erreportajea argitaratuko du, hurrengo asteetan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!