Ospakizunik gabeko eguna herriko baserritarrentzat

Xabier Lasa 2020ko mai. 15a, 19:53
Andoaingo zenbait baserritar, iazko ospakizunean

Gaur San Isidro eguna izan arren, Andoaingo nekazariek ez dute eguna ospatzerik izan urtero legez. Kaletxikin kokatzen den kooperatibak ere ateak irekita mantendu ditu goizean zehar. Nerea Garmendia urnietarrak orain lau urte kooperatibaren ardura hartu zuen, eta krisialdian murgilduta, saltoki horrek daraman martxaren berri eman dio Aiurriri.

Isidro izeneko nekazari batek bizitutako miraria hizpide duen kondairan oinarritzen da egun berezi hau. Kondaira horrek dioenez, behin, nekazari hori elizatik baserrira itzuli, eta egunero bezala aitzurra, goldea eta gainerako lan tresnak hartu eta sorora abiatu zenean, soroko lan guztiak eginda topatu zituen.

Historian atzera joanda, urte sasoi honekin batera, nekazariak baserriko lurrak ereiten hasita zeuden, eta nekearen nekez, egun bat jai hartzen zuten beren plegariak eta otoitzak egiteko, uzta emankorra izan zedin. Geroztik ere, fededuna nahiz fedegabea izan, euskal baserritar gehienek ospatu izan dute San Isidro eguna. Aurten, baina, nahiko bakarka ospatzea egokitu zaie, osasun krisialdia dela eta; baserriko eguneroko zereginei helduta, seguruenik.

Andoaingo baserritarren kooperatibak ere ateak irekita eduki ditu goizean zehar, astelehenetik larunbatera eduki ohi dituen eran. Bertan saltzaile gisa aritzen den Nerea Garmendiak adierazi duenez “urtero-urtero, herriko hainbat baserritar bertan biltzeko ohitura eduki dute, ondoren jatetxeren batera bazkaltzera joateko. Eguna elkar hartuta igarotzeko aitzakia zen eguna, baina aurten ezin izan dute halakorik egin, aparteko egoerak behartuta”.

Kaletxiki auzoan kokatzen den kooperatibak ez du eguneroko martxa eten beharrik izan aurreko asteetan. “Baserriko tresneriez eta haziez gain, animalientzako pentsua eta elikagaiak saltzen ditugu, eta horrexegatik gurea ere premiazko saltokien atalean sartu zuten, martxoaren erdialdean osasun larrialdiaren dekretua izendatu zutenean”.

Andoaingo baserritarrak edo baratza daukaten kaletarrak dira kooperatibako bezero gehientsuenak. Dena dela, pandemia hasi zenetik erosle kopurua hazi egin dela adierazi du Garmendiak. Horretarako zenbait arrazoi aipatu ditu: “Herrian bertan kontsumitzeko eskatu da batetik, eta bestetik, zenbait asteetan Andoaingo azoka itxita egon denean, jendeak ezin izan du bertan ego ohi zen landareen postura joan, eta hona etorri da hazien bila. Ez da ahaztu behar jendearentzat oraintsu dela garai kritikoa, lurra landatzeko”.

Era horretan, gezurra badirudi ere, herritar batek baino gehiagok orain deskubritu du Kaletxikin badagoela kooperatiba, nekazaritzarekin zuzenean lotutako produktuak saltzen dituena.

Garmendiak aitortzen du gizartean azken aldian indartu egin dela bertako baserrietan ekoizten den produktuen aldeko joera. “Hasieran, nahiko kontraesankorra izan zen gauza, batetik baratzetan aritzea debekatu baitzuten, eta bestetik bertako produktuak kontsumitzeko adierazten baitzuten. Denboran aurrera egin hala, ordea, zuzendu zuten okerra. Krisialdi hau igual baliagarria izaten ari zaigu bertako produktuei gehiago erreparatzeko. Nolanahi ere, eszeptikoa naiz, eta irudipena daukat eromen hau dena bukatzen denean, jendea berriro ere kontsumitzeko betiko habituetara itzuliko garela, ez dugula estimatuko non eta nola ekoizten diren jakiak”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!