Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak 2019-20 denboraldia bertan behera uztea erabaki du

Aiurri 2020ko mai. 28a, 18:31

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak txapelketa guztiak ospatuko ez direla adierazi du. Jokatzekoak ziren txapelketak, horien artean, Herriartekoa ez da ospatuko; horrez gain, konfinamenduaren aurretik etenda geratu ziren txapelketa ere bertan behera geratuko dira.

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) 2019-20 denboraldia behin betiko bertan behera uztea erabaki du. Zuzendaritzak gaur, asteazkenean, egin duen bileran hartu du erabakia.

Azken unera arte eutsi nahi izan dio federazioak denboraldiarekin jarraitzeko aukerari, eta hainbat proposamen lantzen joan da egunotan; baina COVID-19 dela medio sortutako egoera eta aurreikuspenak aztertuta, eta guztien ongizatea lehenesteko nahiaz, federatuen txapelketa guztiak bertan behera uzteko erabakia hartu behar izan du. Izan ere, ekaineko lehen astea zen GEPFrentzat txapelketak hasteko azken aukera, baina gaur gaurkoz ez dago horretarako bermerik.

Gauzak horrela, oraindik jokatzekoak ziren txapelketak ez dira ospatuko, besteak beste:

  • Herriarteko Txapelketa
  • Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketa, eskuz banaka lau t'erdian (gizonezkoak eta emakumezkoak)
  • Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketa, zesta-punta banaka
  • Gipuzkoako Errebote Txapelketa
  • Gipuzkoako Eskuko Pasakako Txapelketa

Horrez gain, etenda gelditu ziren txapelketan ere bertan behera geratu direla adierazi du Federazioak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!