Patxi Ruiz euskal presoari elkartasuna adierazi diote hainbat herritarrek Zumea plazan

Aiurri 2020ko mai. 28a, 21:53

Hamarnaka herritar gerturatu dira Zumea plazara Patxi Ruiz euskal pesoari elkartasuna adierazteko. Horrez gain, herritar batek oharra irakurri du Patxi Ruizen egoera azaleratu eta larunbatean arratsaldeko 20:30etan egingo den manifestaziorako deialdia zabaltzeko.

Honako ohar hau helarazi da arratsaldeko 20:00etan egin den elkarretaratzean:

Gaur 18.eguna da Patxi Ruiz preso politiko Txantrearra gose greban dagoela, lehen 12 egunak gose eta egarri greban igaro zituen.

COVID-19ren ondorioz, kartzeletan ezarri zuten isolamendu egoeraren areagotzearen aurka eta kutsatezeko arriskuaren aurka borrokan hasi ziren hainbat preso Murtzia II espetxean. Protesta horiek burutu eta horien buruzagi izateagatik mehatxatua izan zen Patxi. Duela astebete ospitalera eraman eta sueroa eman zioten, nahiz eta adierazi zutenez, horretarako agindua Murtziako epaitegi batek eman zuen, eta ez auzitegi nazionalak, Patxik nahi bezala. Nahasmen horren ondoren, alta boluntarioa hartu eta espetxeko erizaindegian dago berrogeialdian. Berrogeialdiarekin jarraitzen du ekainaren 9ra arte momentuz, egindako aldarrikapenei tinko eutsiz. Denbora horretan ezingo du ezta abokatuen bisita ere jaso. Covid-19az geroztik kartzela horretan onartutako bideo-deiak ere ez dizkiote emango, erizaindegiko moduluan estaldura falta dela argudiatuta.

Patxiren egoerak, afera desberdinak mahaigaineratu ditu. Horien artean Amnistiaren aldarriarena da, askok pentsatuko duten arren ez da garai zaharretako kontua. Baizik eta, preso politikorik gabeko herri baten bidea argiztatuko du beharrezko prozesu politiko honek. Eta horretarako, ezinbestean elikatu beharko da iraultza prozesua.

Borrokak eraman ditu kartzelara eta borrokak egin ditu preso politiko; baina une hauetan ere, zihurtasunez esan genezakek borrokak askatuko dituela bai Patxi eta baita gainontzeko preso politikoak. Patxi, duintasunaren eredu izaten ari da, borrokaren eredu. Bada erotzat hartu duenik, argi dago haren borroka gutxiesteko helburua duela horrek. Hala ere kartzelak suposatzen duen etengabeko torturaren aurrean altxatzea lortu du honek. Oinarrizko eskubideen aldeko borroka ezin da zentzugabetzat hartu, beti izango baita zilegi zapaltzaileen aurrean altxatzea.

Egun hauetan zehar hainbat presoek erakutsi diote elkartasuna Patxiri kartzela ezberdinetan, eta herri desberdinetan kaleak ere bete dira. Larunbat honetan arratsaldean herrialdeko manifestazioetara joateko deialdia zabaldu du Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak, gure kasuan Donostian 20:30etan Boulevarden izango da. Argi izan behar dugu preso bat, duen arma bakarrarekin ari dela borrokan, bere bizitzarekin, eta ez dugu bakarrik utziko inoiz.

Zurekin gaude Patxi!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!