Pentsio duinen aldeko elkarretaratzeari berrekin diote Goikoplazan

Xabier Lasa 2020ko eka. 1a, 12:20

Pentsio duinen aldeko asteleheneroko elkarretaratzeari berrekin diote Goikoplazan, goizeko 11:00etan hasita. Bertaratu direnek, lehenik eta behin dolumenak agertu dizkiete krisi honetan beren senide eta lagunak galdu dituzten pertsona guztiei.

Halaber, sostengua eta laguntza adierazi diete “Osakidetzako pertsonalari, etxez etxeko laguntzaileei, Erresidentzietako langileei, eta pertsonei atenditzen erabateko sostengua eta laguntza eskaini dutenei, kasu askotan gainera beren bizitza arriskuan jarriz babes bitartekorik ez edukitzeagatik”.

Osasun publikoa bermatuko duen sistemaren aldeko aldarria egin dute beste behin bildutakoek. “Covid-19k eragindako krisi honetan nabarmen gelditu da urgentziazko gauza dela Osakidetzako zerbitzu publikoa, Dependentziazko arreta eta Etxez Etxeko zerbitzuak egokitu eta sendotu beharra dagoela. Eta ezin ezin dugu onartu murrizketak aplikatuz segitzea edota enpresa pribatietan uztea zerbitzu horiek, helduen eskubideen kaltetan mozkin handiagoak lortu nahi izatea delako. Azpimarratu nahi dugu ondorio hain tragikoen parte bat osasun eta dependentziaren sisteman aplikatutako murrizketak direla”.

Hurrengo astelehenerako hitzordua jarri dute, azkenik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!