Frankismoaren aurkako kereilarekin aurrera egiteko erabakia hartu du Andoaingo Udalak

Xabier Lasa 2020ko eka. 5a, 08:01

Andoaingo Udalak, besteak beste, frankismoaren aurkako kereilarekin jarraitzea erabaki zuen joan den ostegunean ospatu zuen udalbatzan. Konstituzio Epaitegira jotzeko asmoa dauka, era horretan.

Tolosako epaitegiak eta Gipuzkoako Auzitegi Probintzialak ezezkoa eman ostean, Andoaingo Udalak aho batez frankismoaren aurkako kereilarekin aurrera jarraitzea erabaki du. Era horretan, Espainiako Epaitegi Konstituzionalera joko du, eta honek ere kereila kontuan hartu ezean, Giza Eskubideen Europako Epaitegiko bidea hartuko du. Gazi gozoa da Andoainen frankismoen alde lan egiten duen Oroituz elkarteak egin duen balorazioa. Batetik, atsekabea agertu du Estatu espainiarreko epaitegiek berriz ere uko egiten diotelako frankismoak eragindako biktimei zor zaizkien eskubideak onartzeari. Bestetik, ordea, eskerrak eman dizkie aurreko eta egungo Udalei, kereilaren aldeko konpromiso irmoa hartzeagatik. Aldi berean, kereilan modu aktiboan pertsonatu diren hogei biktimen jokabidea goraipatu du, beren testigantza pertsonalak eskainiz kereila indartzen duela ziurtatuta.

2017an abiatutako prozesua

2017ko uztailean, Kereilaren aldeko Euskal Herriko Plataformak eta Oroituz elkarteak aurkeztu zuten mozioa onetsi zuen Udalak. Oroituzek kereilan aurkeztu beharreko txostena atontzeari ekin zion, Basteron irekitako Biktimen Arretarako Bulegoan testigantza pertsonalak eta informazioa jaso eta gero.

Azkenik, 2019ko ekainaren 12an, orduan alkate zen Ana Carrerek Andoaingo Udala ordezkatuz, Tolosako epaitegian salaketa jarri zuen, frankismoak Andoainen 1936-1977 epean eragindako giza eskubideen urraketak ikertzea eskatuz.

Tolosako epaileak zein Gipuzkoako Auzitegi Probintzialak ezetzi egin dute salaketa, eta beraz, Andoaingo Udalak Epaitegi Konstituzionalera jotzea erabaki du.

Bestetik, gogoratu behar da bigarren bide judizialak ere irekita jarraitzen duela; izan ere, 2019ko ekainean, Tolosan ez ezik Buenos Aireseko epaitegian ere aurkeztu zen salaketa, bat eginez Maria Servini epailearen eskutik abian den Argentinako kereilarekin.

Oraingoz, Estatuko epaileek atzera bota dituzte udalek eta partikularrek jarritako kereilak. Biktimek eta biktimen elkarteek maiz adierazi izan dute frankismoak oraindik ere inpunitatea gozatzen segitzen duela, eta estatu botereetan interes eskasa dagoela krimenak iker daitezen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!