Trentxikiko Zibeles Jainkosari egindako kantua

Xabier Lasa 2020ko eka. 5a, 13:00

Oiartzabalek eta Berrondok atrofia muskularra jasan arren bizitzari kementsuki aurre egiten dion Asun Garciari abestia eskaini diote. Trentxiki bidean kokatzen den Antzizar etxean abestia aurkeztu zuten, Garcia eta bere familia bertan zirelarik.

Asun Garcia Txonzi herritarraren nortasunagatik miresmena agertzen duen abestia sortu dute Joxe Mari Oiartzabal eta Joxe Ramon Berrondo musikariek. Doinua konposatu du lehenak, eta letra bigarrenak.  Leitzaran bailararen atarian kokatzen den Antzizar etxean egin zuten abestiaren aurkezpena, Asun Garcia eta bere familia –Jose Gomez senarra eta Eneko semea– bertan zirelarik.

Bi musikariek bigarren ezizena jarri diote Asun Garcia Txonzi-ri: Zibeles, Amalurraren Jainkosatzat hartzen dena. Berrondok argibideak azaldu zituen Antzizar etxe aurrean joan den ostiralean egin zuten bilkuran: “Trentxikiko Zibeles Jainkosa dela esaten diogu. Izan ere, nabarmentzekoa baita ez bakarrik bere kemena aurrera egiteko nahiz eta gaixotasun larria eduki, baita ere Trentxikiko bidetik paseoan agertzen denean berarekin ezpainetan beti ekartzen duen irribarreagatik. Etxe aurrean topo egiten dugunean bide bazterreko bankuaren inguruan jarri, eta tertulian hitz aspertuari ekiteko ohitura izaten dugu. Mintzalagun atsegina eta goxoa da Asun, eta askotan isilik egonda ere gauzak adierazten dakien emakumea da. Zenbat eta gehiago ezagutu bera, orduan eta miresmen handiagoa eragiten dizu, bizitzari aurre egiteko erakusten ari den kemenagatik”.

Leitzaran bailararen maitale

Asun Garciak maiz jotzen du Leitzaran aldera paseatzera, “Lasartekoak ditut gurasoak, eta haiengana bisitan joaten ez banaiz, saiatzen naiz Leitzaran aldera abiatzea. Arnasgune lasaia da Leitzaran niretzat. Herria atzean utzi eta bidean barrena noan heinean, ahaztu egiten zait motordun gurpil aulki batean noala, eta aldi berean, ahaztu egiten zaizkit gorputzean eta hanketan dauzkadan ezintasunak. Batzuetan, aurrera-aurrera, Otieta parkea igaro eta igual Presaburu baserriaren ingururaino iristen naiz. Han, egonean egoten naiz, Leitzarango bailarak eskaintzen didan bakea arnasten, gozatzen. Oinezko batzuek geldirik ikusten nautenean, ea aulki gurpila matxuratu ote zaidan eta ea laguntzarik behar dudan galdetzen didate. Inguruaz gozatzen ari naizela esanez, eskertu egiten dit jartzen duten interesa”.

Garciak Antzizar etxean egin zen abestiaren aurkezpen-ekitaldian aitortu zuenez, ez zuen inondik ere espero halako oparia jasotzerik. “Oraindik ere lur hartu ezinik nago, pozik kabitu ezinik, eta ez dit denbora eman Joxe Ramoni eta Joxe Mariri bihotzez eskertzeko ere! Ikaragarrizko energia injekzioa da nigan pentsatuta abestia eskaini izana. Oraindik orain, Joxe Ramonek galdetu zidan ea musika gogoko nuen, eta erantzuteko ia denborarik eman gabe abestia nola sortu zuten eman zidan aditzera. Oso doinu polita dauka abestiak, eta berarekin doan letra ere zoragarria da, hunkigarria”.

Iaz, Martxoak 8ko egun seinalatuaren harira Andoainen publikoki nabarmentzen diren zortzi emakumeetako bat izan zen Garcia. Gaixotasun larriari aurpegirik kementsuena eta alaiena jartzen diola, eta bere jarrera eredugarria dela azpimarratu zuten orduan. Asunek, txanda hartan adierazi zuen bezala, oraingoan ere garbi utzi nahi izan du ez duela oso gogoko bere burua era horretan goraipatzea. “Eredugarria, ausarta, borrokalaria… naizela esaten didate, baina neu ez naiz beste inor baino gehiago. Nork bere trabak eta ezintasunak eduki ohi ditu bizitzan zehar, eta guztiok egiten dugu aurre. Borroka pertsonala bilakatzen da bizitza guztiontzat, azken batean behin egin beharreko bidai honetan ahalik eta zoriontsuen izan nahi dugulako”.

Mezu itxaropentsua zabaldu nahi izan zuen Garciak, “sufrimendu motaren bat duen orok, antzera jokatu beharko luke. Alderdi itxaropentsuei helduz, eta ezkorrenak baztertuz”.

Asun Garciak distrofia muskularra jasaten du orain 18 urtetik hona. Eneko, bere semea, jaio eta berehala egin zioten diagnostikoa, tratamendu jakinik gabeko gaixotasun arraro horietako bat zeukala. Geroztik gorpua ahultzen joan zaio, eta badira urte batzuk motordun gurpil aulki batean ibili beharra daukala. Andoaingo kaleetan ohikoa egin da Asun Garciaren presentzia, hona eta hara dabilela. Inoiz ez du umorea galtzen ezta jendartekotasuna ere, eta beti dauka tartea nahi duen guztiarekin hizketan jarduteko.

Filosofia baikorrari eutsita

Urtetako ibilbide horretan gora behera handiak eduki dituela aitortu zuen Garciak Antzizarko etxean egin zen agerraldian.   

“Oso bizialdi latza izan zen hasieran, egunez egun ohartzen bainindoan nire gorpua gero eta muga fisiko gehiago ari zela jasaten. Errealitatea onartu ezinik, nire buruarekin borrokan jardun nuen zenbait urtetan. Eta orain denboraren joanak ematen duen perspektibarekin, konturatzen naiz Eneko, nire semeak, ume batek bizi behar ez lituzkeen egoerak bizitu behar izan zituela”.

Halako batean bere buruarentzat ez ezik ingurukoentzat ere kaltegarria zen egoera emozional hura iraultzea lortu zuela gaineratu zuen. “Erabaki nuen gaixotasunarekin batera egin behar nuela borroka, ez gaixotasunaren aurka”.

Etxekoak gogoan

Filosofia baikor horri eutsirik darama urte mordoa Asunek, nahiz eta noizean behin gora beherak eduki, eta eginahal horretan senarra zein semearentzat laudoriozko hitzak baizik ez dauzka. “Nire bi makuluak dira, dena zor diet, une gozoetan bezainbat gazietan beti-beti ondo-ondoan eduki ditudalako. Pertsona maitagarriak dira biak”.

 

AMA ABESTIA

Oiartzabalek eta Berrondok osatutako musika-bikotearen sormen iturria ez da berehalakoan agortzen den horietakoa, eta azken asteetan, Asun Garciari ez ezik gertu-gertuko beste pertsona bati bigarren kanta eskaini diote.

Ama du izenburua abestiak, eta oraindik orain zendu den pertsona hartu dute inspirazio gisa. Nolanahi ere, abestian familia guztietako amak islatuta geratzen direla zehaztu nahi izan dute bi sortzaileek. Hona zer dioen letrak (bideoa ikusgai dago Aiurri.eus web orrian):

AMA

Oroitzapen ederrak
datozkit burura

zuregan pentsatuaz

beti guregatikan

ekintza guztiak

bihotzez eskainiak.

 

Lana ona egin zenuen zinez

gu aurrera ateratzean.

Zauden lekuan zaudela ama

maitasuna zuretzat!

 

Goxotasun babesa

oinarri eredu

dena zenun guretzat.

Lehentasuna zenuen bizitzan,

gu pozik ikustea!

 

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!