Ez ohiko ikasturte amaiera

Aiurri 2020ko eka. 12a, 11:35

Bigarren mailako batxilergoko ikasleek azterketak bukatu berri dituzte, eta bigarren tandarako prestatzen ari dira, hauta-probatarako. Guztiek baliagarritzat jo dute ikasgeletara buelta selektibitateari aurre egiteko klase presentzialak jasoko baitituzte

Aiurri Aita Larramendi ikastolako eta La Salle Berrozpe ikastetxeko zenbait ikaslekin bildu da itzulerari buruz hitz egiteko.

Zer moduzkoa izan da ikasgeletara itzulera?

Maialen Mendizabal: Arraroa izan da, azken finean, maskarekin banaka sartu behar gara ikasgeletara eta eskuak garbitu behar ditugu. Horrez gain, mahaiak oso bananduta daude. Apur bat arraroa da ikaskideak maskarekin ikustea.

Claudia Zumelaga: Jendea maskararekin ikustea guretzako ez da ohikoa, arraroa egiten zaigu.

Beñat Setien: Azterketa egitera etortzen zara, baina azterketa bukatu ostean normaltasunean egoteko aukera duzu, beraz, ez da horrenbesterako.

Jon Ander Arabaolaza: Arraroa egiten zait. Ohiko egoerara ohituta, normaltasun berria bestelakoa egiten da.

Laura Alonso: Beharrezkoa izan da, etxetik lana egitea zailagoa delako. Egia da baliabide asko eduki ditugula, baina egokiagoa da klase presentzialak jasotzea.

Irati Ballano: Ez-ohikoa, baina ikasleentzat eta irakasleentzat errazagoa da klase presentzialak eman eta jasotzea.

Ikaskideekin harremana nolakoa izaten ari da?

Maialen Mendizabal: Ez-ohikoa, baina ikaskideak gertu daudenez lasai hitz egin dezakegu. Gainera, soilik azterketak egitera etortzen gara, ez ditugu klaseak; azterketak egin eta normalean etxera joaten gara, beraz, ez da horrenbesterako. Bestalde, gogorra egingo zaigu hautaketa probak prestatzera ikasgeletara itzultzen garenean.

Claudia Zumelaga: Azterketetan gaudenez, froga egin eta etxera joaten zara. Kalean elkartzen garenean, berriz, gertutasun gehiago dago eta lasai egon gaitezke.

Laura Alonso: Ona. Maskarekin egoten gara eta mahaien artean beharrezko segurtasun distantzia mantentzen dugu.

Baliagarria izan da eskolara itzulera?

Maialen Mendizabal: Etxetik klaseak jasotzen genituenean nire munduan egoten nintzen. Azken finean, ordenagailu baten aurrean zaudenean ezin duzu ikasgelan bezala egon. Orain ikasgelan, errazagoa da arreta jartzea. Errutina bat ez duzunean, oso zaila da ikasketak aurrera eramatea.

Claudia Zumelaga: Eskolaz kanpo klaseak jasotzen ditut eta ikasle gutxi gaudenez askoz ere hobeto moldatzen gara. Gainera, etxetik azterketak egitea ez zen egokia, arreta jartzea zailagoa baitzen. Oso baliagarria izan da itzulera.

Beñat Setien: Klaseak ordenagailu aurrean egitea ez zen oso egokia. Azken finean, galdera egin eta zalantzak argitzeko zailtasunak besterik ez genituen. Gainera, ez dago klasean egon ohi den gertutasuna.

Laura Alonso: Zalantzak galdetzeko eta argitzeko beharrezkoak ziren klase presentzialak. Ikasgai telematikoen bitartez galdetzea eta erantzunak jasotzea konplexuagoa zen.

Irati Ballano: Nire kasuan oso baliagarria izan da. Agian batxilergoko lehen mailan ez, baina orain selektibitaterako ikasi behar dugunez oso garrantzitsua izan da itzulera.

Beharrezkoa ikusi duzue ikasgeletara itzulera?

Maialen Mendizabal: Beharrezkoa izan da, Ikastolan askoz ere gehiago kontzentratzen baikara. Itzulerarekin txipa aldatzen zaizu.Beñat Setien: Nire kasuan eskertu egin dut. Azken finean, askoz ere errazagoa da ikastolan bertan ikastea.

Jon Ander Arabaolaza: Beharrezkoa izan da, bai. Ikasketa txipa martxan jartzeko batez ere.

Irati Ballano: Bai. Zalantzak argitzeko klase presentzialak garrantzitsuak dira. Esaterako, mementoan duda edukiz gero galdetu dezakezu, baina telematikoki ez da horren erraza.

Selektibitatea uztailaren 6tik 8ra egingo dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!