Bazkardoko lotuneari buruzko mozioa aurkeztuko du EH Bilduk

Aiurri 2020ko eka. 16a, 09:18

Ekainaren 25ean, arratsaldeko 19:00tan hasita, plenoa deituta dago. EH Bilduk mozioa aurkeztuko duela iragarri du, Bazkardoko lotuneari buruzkoa.

EH Bildurentzat Bidegik Bazkardoko lotunerako martxan jarri duen esleipena Andoaingo Udalak urteetan zehar defendatu duenaren kontra doa: “2019ko maiatzean Andoaingo EAJk proiektu berri bat zegoela iragarri zuen, bere programaren neurri nagusia izan zelarik. Legegintzaldi berria hasi zenetik, uztailetik batzorde zein pleno ezberdinetan, proiektu hori eztabaidagai jartzeko eskatu dugu baina isiltasuna jaso dugu erantzun bezala. Proiektuaren idazketa enkargatu dute orain, eta Andoaingo udal gobernuak ez du ezer esaten gaiaren inguruan. Mari Jose Izagirrek publikoki esan zuen proiektu garrantzitsua zela, baina, zer dio Alkateak? Zer dio PSEk? Ados al daude urteetan zehar Andoaingo herriak eskatu duenaren kontrako proiektu bat martxan jartzearekin?".

EH Bilduk gogora ekarri nahi du A-15 autobidea egin zutenean, Andoaingo sahiesbidea egingo zutela iragarri zutela, “ea orain A-15a arazoak sortzen hasi denean, sahiesbidea baztertu eta auto ilarak konpontzera mugatuko dira”. Andoaingo Udalak 2018ko azaroaren 29an Hirigintza batzordean ahobatez erabakitakoa berrestea eskatuko dute, ekaineko plenoan. Orduko hartan N-1errepidearen bariantea egitea eskatu zen, Andoaineko Sorabilla eta Bazkardo arteko tartean. “Andoaingo herriaren bertebrazioa bermatzea” nahi du EH Bilduk.

Azkenik, Udal gobernuari gai honi buruzko batzorde iraunkorra sortzea eskatu dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!