Esku pilotari buruzko "Plazandreak" saioan parte hartuko du Nora Mendizabal andoaindarrak

Aiurri 2020ko eka. 16a, 10:16

Emakume pilotariak izango dira protagonista ETB1ek uda honetan eskainiko duen "Plazandreak" saioan. Uztailaren 3an hasi eta abuztuaren 27ra bitartean, ostegunero, emakumeek hartuko dute pilotalekua. Hamabi pilotari ikusi ditugu lehian, lau taldetan banatuta, bakoitza entrenatzaile batekin.

12 pilotarik hartuko dute parte eta lau taldetan banatuko dira:

  1. Entrenatzailea: Reyes Azkoitia. Pilotariak: Irantzu Etxebeste - Nora Mendizabal - Olatz Arrizabalaga
  2. Entrenatzailea: Mikel Inuntziaga. Pilotariak: Iera Agirre - Arrate Bergara - Amaia Aldai
  3. Entrenatzailea: Erlantz Garcia. Pilotariak: Andrea Aldaregia - Olatz Ruiz de Larramendi - Naroa Agirre
  4. Entrenatzailea: Naroa Elizalde. Pilotariak: Ainhoa Ruiz de Infante - Maite Ruiz de Larramendi - Leire Garai

Astero hiru partida jokatuko dituzte, pilota mistoa erabiliz eta hamabi tantotara: lehenengoa eskuz banaka, ondoren binaka, eta, bukatzeko, eskuz banakako beste neurketa bat. Ostegunero bi talde lehiatuko dira eta hiru puntu izango dira jokoan. 

Euskal Telebistak adierazi duenez, helburu nagusia emakumezkoen pilotari bultzada bat ematea izango da. Horrez gain, Iñigo Aiestaranek gidatuko du ETB1eko saio berria, Elena Azpeitia eta Gentzane Aldai lagun dituela.

Frontoia plato bihurtuko duen "Plazandreak" saioa ostegun gauero izango da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!