Agintaldiaren balorazio positiboa egin dute jeltzaleek eta sozialistek

Jon Ander Ubeda 2020ko eka. 19a, 11:29

Maider Lainez alkateak eta Marijose Izagirre alkate-ordeak agintaldiko lehen urteko “balorazio erabat positiboa” egin dute, hedabideen aurrean egindako agerraldian.

PSE-EE eta EAJ-PNV alderdietako bederatzi zinegotziak elkarrekin agertu dira, eta hamabi hilabeteetan zehar egindakoa azaldu dute. “Lehenbiziko erdialdea”, oharrak horrela jasotzen du, lansail ezberdinen egoera aztertzen eman zuten eta ondoren iritsi zen Andoain Elkarlanean agintaldiaren lema nagusiari forma emateko garaia. Herritarren aurreko bilera ezberdinetan 8 jardunbide aurkeztu zituzten, eta 65 neurri iragarri.

Tartean Koronabirusak eragindako Osasun Alerta egoera iritsi da, eta urtea “konplikatua eta intentsoa” definitu dute. Aurrekontu anbizisioa aurkeztu eta gero, Osasun Alarma egoera bideratzeko ahaleginak “bikoiztu” egin zituztela adierazi zuten. Horren adierazgarri, krisi egoeran egindako 100 jarduerak iragarri dituzte. Udal instalakuntzen egoeraren jarraipena, adinekoen arreta, merkataritzari bideratutako laguntzak edota alkatearekin harreman zuzena izateko aukera nabarmendu dute.

Koronabirusa saihestea ezinezkoa den egun hauetan, “zuhurtziaz jokatzeko eta arretarik ez galtzeko” erregutu dute.

Lainez alkateak andoaindar guztien alde lanean jarraitzeko hitzak eskaini ditu, agerraldiaren amaieran: “Orain arte bezala jarraitu behar dugu lanean, andoaindarrek udala beraien ondoan dagoela senti dezaten, krisialdia elkarrekin eta inor atzean utzi gabe” gainditzeko lanean.

Hartutako erabaki guztien artean, hauexek nabarmendutako batzuk:

  • Etxebizitzak alokatzeko laguntzak gazteei.
  • Lorezaintza plegu berria.
  • 30 urte azpiko hiru kontratazio Lanbideren eskutik.
  • Arreta psikologikorako taupada zerbitzua.
  • Berdintasun planza.
  • Euskara plana.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!