"Kamera analogikoarekin hasi nintzen argazkilaritza ulertzen"

Mikel Arberas 2020ko uzt. 6a, 09:00

Argazkilaritzan eta bideogintzan murgildu da azken urteetan Aitor Arruti andoaindarra. Gaur egun, zenbait proiektu gauzatu du, eta erakusketetan ere hartu du parte.

Aitor Arrutik ingeniaritza ikasketak egin zituen eta Danimarkara joan zen lanera. Zerbait berriarekin hasteko asmoz, lana utzi, eta argazkilari gisa hasi zen proiektuak egiten. Azken hilabeteetan zenbait lan burutu ditu eta beste hainbat egitasmotan murgilduta dabil. Horrez gain, argazki erakusketak ere eduki ditu.

Proiekturen batean murgilduta al zabiltza?

Hasiera batean, Euskal Herrira joan behar nuen proiektu bat hasi eta bukatzera, baina koronabirusaren arazoa zela medio ezin izan nuen lana aurrera atera. Gauzak horrela, aurretik jasota nuen materialari forma eman, eta bideo labur bat amaitzeko lanetan aritu nintzen. Bideo horren soinu banda grabatzen aritu nintzen Andoaingo txalaparta eskolaren laguntzarekin. Bideo laburren munduan ez daukat esperientzia askorik, baina helburua lehiaketetara eta jaialdietara bidaltzea izango da. Esperientziadun jendearekin harremanetan nago ea zer gomendatzen didaten. Esan beharra daukat nire lehen proiektu serioa izateko gustura geratu naizela. 

Danimarkara itzuli nintzenean asko harritu ninduen zenbat aukera sortzen ari zitzaizkidan nire ikuspegi antzerakoa zuen jendearekin. Une honetan, yoga estudio bateko proiektuan murgilduta nabil, duela gutxi ireki baitute; lekuak berezitasun harrigarri bat dauka, lurrak dar-dar egiten du. Lurzoruan bozgorailuak jarri dituzte eta musika lasaia jartzen dute. Proiektua berritzailea denez, bideoak egiten eta iruditeria sortzen laguntzen ari naiz. Yoga egiteko modu berezi hau probatu nuen eta oso erlaxatuta irten nintzen. Proiektu baten parte zarenean, eta sinesten duzun lan bat egiten ari zarenean, motibazioa izugarria da, asko laguntzen du.

Danimarkan batxilergoa amaitzean, ekonomikoki zailtasunak izan ohi ez dituztenez, zer ikasi pentsatzen duten bitartean denbora hartzen dute; horietako batzuk bidaiatzera joaten dira, eta beste batzuk ezohiko eskola batzuetan ematen dute izena, non, gehien gustatzen zaizun arloetan espezializa zaitezkeen. Jasangarritasuna eta mugimendua uztartzen dituen halako eskola batekin ere banabil lanean, ikasle berriak erakartzeko ikus-entzunezko materiala sortzen.

Esandako guztiez gain, bideoklip bat ere egin behar dut 20 urteko bi musikarirentzat. Talentu handiko bi gazte dira. Bideokliperako manikiak behar ditugu, eta hor gabiltza, dendaz denda galdezka. Horrez gain, nire taldearentzat aspalditik pentsatuta nuen bideoklipa ere egin nahi dut, baina ez dago guztia egiteko denbora nahikorik. 

Urrian "Gizateria ehuntzen" proiektua aurkeztuko dut Bartzelonan, argazkilaritza analogikoa jorratzen duen "Revela't" jaialdiaren barruan. Danimarkarekin zerikusia dauka, hemengo unibertsitatean ohartu bainintzen toki ezberdinetako pertsona asko elkartzen direla, eta horrek asko aberastu ninduen barrutik; hamar pertsonei argazkiak atera nizkien, guztiak munduko lurralde ezberdinetatik etorritakoak, eta guztien aurpegiekin collage moduko bat egin dut, aurpegi eta erretratu berriak sortuz. 

Erakusketaren gaia gizateria da eta gustatu zaienez, nire obrak aukeratu egin dituzte. 

Ez hori bakarrik, ekainaren 22an Zaporeak elkarteak erakusketa bat antolatu zuen Gasteizen, eta nire zenbait irudi ikusgai egon dira; joan zen abuztuan, errefuxiatuekin boluntario lanak egiten aritu nintzen eta bertako egoera dokumentatu nuen. 

Une oro leku batetik bestera mugitzen ari al zara?

Bai. Iruditzen zait garaia dela geldirik egoteko, izan ere, bidaiatzeagatik bidaiatzeak ezer ematen ez didala konturatzen ari naiz. Aurrerantzean argazkilaritza eta bideogintza ardatz harturik bidaiatzeko asmoa dut.

Abuztuan ingeniaritza alde batera utzi nuen atsedenaldia hartzeko, eta Greziara joan nintzen auto-stop eginez. Grezian lagun batekin egon nintzen, baita Zaporeak proiektukoekin ere. Geroztik, Euskal Herrian eta Danimarkan soilik egon naiz. Udaran ez dakit zer egingo dudan, baina ez dit larridura sortzen hemen geratzeak, hiri polita baita udara igarotzeko. 

Nolako argazkilaritza egiten duzu?

Askotan pentsatzen dut ea zergatik nahi dudan proiektu bat garatu edo argazki bakoitzarekin zer helarazi nahi dudan. Kamera analogikoarekin hasi nintzen argazkilaritza ulertzen. Argazkilaritza mota hau nahiko mugatua da, hau da, saiakera gutxiago ditut irudiak jasotzeko eta, beraz, gauzak oso ondo pentsatu behar ditut. Gustuko dut esperimentatzea analogikoarekin, jolas gisa hartzen dut. Ez noa perfekzioaren bila, mementua bizi eta hausnarketari denbora gehiago eskaini nahi diot. Teknika bakoitzak alde onak eta txarrak ditu. 

Gaiari dagokionez, egoerak eta inguruak dokumentatzea gustatzen zait; horrez gain, kontzeptualagoak diren proiektuak ere lantzen ditut. Hots, ideia bat lantzearena, airean dagoen zerbait, ikusezina dena eta sentitzen duzuna. Bideogintzan ere egoera antzerakoa da, baina jakitun naiz etorkizunean bideo komertzialak egin beharko ditudala, merkatuak hala eskatzen duelako.  

______________________________

Gizateria ehuntzen

10 herrialdetako 10 pertsonen erretratuen zatiekin ehundutako 2 irudi.

 

Gizateria ehun bat balitz
gizakikok hariak ginateke,
eta ehun hau
haririk ahulena bezain iraunkorra litzateke.

Kolore anitzeko mataza da mundua
jatorri desberdinetako hariz inguratua.
Eta globalizazioa?
Soka guztiak bat direla dioen ilusioa.
Arrazakeriaren korapiloek oraindik estu diraute,
aska ditzagun itolarriak arnasgune bihurtu arte.

Argazkiak eta testua:
Aitor Arruti 

Datu teknikoak:
Nikon F3
105 f2.8
Kentemere 400

Elkarrizketa osorik, Aiurri aldizkariaren 564 zenbakian

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!