Hiru andereñoen erretiroa

Xabier Lasa 2020ko uzt. 23a, 10:00
Eulali Etxeberria, Ane Olazabal eta Josune Vazquez andereñoak, Ondarreta ikastetxean.

Ane Olazabal, Eulali Etxeberria eta Josune Vazquez Ondarreta ikastetxeko irakasleek amaitu berri den ikasturtean hartu dute erretiroa. Hiruen artean ia mende bat batzen da irakaskuntza publikoari eskainitakoak.

Pandemia dela eta Ondarretari agurra nahi ez zuten moduan egin behar arren, irakasle gisa gozatu egin dutela aitortzen dute hiruek, atzera begiratzen jartzen direnean.

Olazabal andoaindarra da, eta jaioterrian bertan 36 urtez aritu da. Eulali eta Josune hernaniarrak dira, baina Andoaingoak balira bezala, “hemengo herritarrak, bizimodua, politika, kaleak eta inguruak... bertakoek bezainbat ezagutzen ditugula esango genuke”.

Eulalik iazko abenduan hartu zuen erretiroa, eta beraz, eduki zuen aukera Ondarretako komunitatea osatzen duten lankide, ikasle eta gurasoekin agurtzeko. Anek oraindik bulego lanetan jarraitzen du, baina hartuko du denbora erritual horretarako. Josune da tristeen sumatzen dena, “ez nuen eduki aldarterik ikasleei aurrez aurre banoala esateko, eta iruditzen zait itxi gabe daukadala aspaldi irakaskuntzan abian jarritako zikloa. Hurrengo ikasturtean, nire iazko gela izan zeneko tutorearekin hitzegingo dut eta ahal denean azaldu nahi nuke. Negar batean amaituko dut ikasle ohien aurrean, baina ekintza horren berebiziko premia daukat”.

Ondarreta ikastetxearen 50 urteurreneko ospakizuna aurten normaltasunez ezin ospatu izanak ere izugarri penatu ditu hirurak, Ondarretako ikastetxearen historiaren zati sentitzen direlako. Aurten argazki erakusketa mantenduko duten arren, hurrengo urterako atzeratu dituzte gainerako ekitaldiak (pailasoen emanaldia, bazkaria, aldizkaria, ibilaldia...).

Euskalduntzean aitzindariak

70eko hamarkadaren amaieran eta 80ko hasieran euskal irakaskuntza publikoan murgildu zen irakasle belaunaldi berri bateko kide dira Olazabal, Etxeberria eta Vazquez. 

70 bat irakaslek osatzen zuten Ondarreta ikastetxean murgildu ziren sasoi hartan, erretiroa hartu duten hiru irakasleak.

“Belaunaldi hartakoak jubilatzen ari gara poliki-poliki, eta Ondarretan zehazki, guk hirurok aldegin eta gero, irakasle bakarra geratuko da. Jada, gurekin hamar urteko edo gehiagoko aldea daukan belaunaldia da nagusi Ondarretan”.   

Diktadura osteko testuinguru historikoa erdi-erdian harrapatu zuen belaunaldia izan zen hirukotearena, irakaskuntzan eskema eta estilo zaharrak iraultzeko gogoz zegoena, Etxeberriak azaldu duen bezala: “oso errotuta zegoen ikastetxe “nazionalen” kontzeptua, ikastetxe publikoena baino gehiago, titulu horrek dakarren konnotazio ezkor guztiarekin. Orduan irakasle asko eta asko Espainiako probintzietakoak ziren, hona etorritakoak plaza lortuta. Batzuk errentxinduta zeuden etxetik urrun lanean ari zirelako, eta gainera, ikusten zutelako berea ez zen hizkuntza sartzen hasi zela irakaskuntza publikoan. Magistaritzatik atera berriak ginenok horiekin talka egin genuen eta borroka latzak bizitu genituen, ez baikenuen partekartzen ez hizkuntza, ez kultura, ez mentalitatea...”. Vazquezek gehitu duenez, “Nire lehenbiziko ikastetxean, 21 urte nituela, gogoratzen naiz batek nola esan zidan haserre jarrita: “¡Ya vienen estos de Vascongadas a quitarnos las plazas a los castellanos!”. Don eta Doña-ren trataera edukitzera ohituak zeuden irakasle horiek, eta ukiezinak sentitzen ziren”.

Ondarreta ikastetxea modernizatzen eta unean-unean gizartearen premiari erantzuteko prestatzen joan da hamarkadaz hamarkada. “ikastetxea aurrerabidean jartzeko borroka ugari egin behar izan ditugu, barrura zein administrazio publikoari begira; aldarrikapen askotan administrazio horren aurretik ibili gara. Ondarreta ikastetxea euskararen normalizazio prozesuan murgiltzea izan da aurrerabide horietako bat, Eulalik aitortu duenez, “ohartu ginen B ereduaren eskutik ikastetxe barruan getthoak sortzen ari zirela, eta 90eko hamarkadaren hasieran kentzea lortu genuen, eta ikastetxe osoa D ereduan jartzea. Ahalegin izugarria eskatu digu ikastetxea prozesu hori bideratzea, baina erronkari egoki erantzun izan diogula uste dugu”.

Denbora bertsuan, Amara Berri izeneko metodologia berritzailea ikastetxean txertatzea ere etorri zen. Ikastetxeko kide guztien arteko elkarlana, komunikazioa eta elkartasuna, eta, ikasleek jarduera praktikoen bidez ikastea oinarri ditu ospe handiko eskola estilo horrek.

Ondarreta ikastetxeak denboran zehar bizi izan duen eraldaketa, ordea, Andoaingo gizarteak, orohar, ez duela ulertu uste du hirukoteak. Vazquezen hitzetan, “Etengabe berritzen eta modernizatzen joan da klaustroaren komunitate osatzen dugun guztien aldetik herriko eta EAEko administraziotik edo komunikabideetatik beharko genukeen laguntza jaso gabe, baina gero errealitate hori herrian ez da pertzibitzen. Ez dakigu zehazki zergatik den, baina estereotipo eta aurreiritziekin segitzen du jende askok. Baliteke guk ez jakin izana sozializatzen egindako ibilbidea eta lorpenak, baina faktore gehiago badaude esplika dezaketenak ezjakintasun hori”.

Saiakerak bata bestearen atzetik egin izan dituzte Ondarretako hezkuntza proiektua herrian azaltzeko, Anek argitu duenez. “Haurrak lehenbiziko aldiz matrikulatzera doazen guraso askori azaltzen diegu proiektua zertan datzan, eta harrituta geratzen dira eskaintzaren balioagatik. Baina gero, izena eman dutenen zerrenda eta beren jatorria ikustean, batzuk atzera egiten dute”. Zirkulu itxia sortzen duen kate batean murgilduta bizi da Ondarreta, ikusten denez.    

Erakundeen babes falta berretsi du Etxeberriak: “Eskola publikoa indartu egin behar dela makina bat aldiz entzun dugu politiko klase guztien ahotatik, baina gero abandonoaren sentsazioa eduki dugu beti. Ez Euskal Herrian ez Andoainen, inork ez dio adarretatik heldu nahi izan”.

Emigranteen ikastetxea

Ondarretak, egun, 33 irakasle eta 250 ikasle ditu, Haur eta Lehen Hezkuntzan. Ikasleetatik, %80ak munduko beste herrialdetatik etorritako familiakoak dira. Datu horrek arreta deitu beharko lioke edonori. Azken urtetan idazkaritzan lanean aritu den Anek zenbait argibide ematen ditu lagungarri gisa, ulertzeko Andoainen zergatik den Ondarreta, nagusiki, emigrazioaren umeak jasotzen dituen ikastetxea. “Familia kanpotar bat herrira etortzen denean, Donostiako hezkuntza delegaritzak erabakitzen du nora joan behar duen ikastera. Baina ikastetxe kontzertatuetan jartzen dizkien kuotak erabat baldintzatzen dute familia horiek haurra nora bidali erabakitzeko orduan. Presioa sentitzen dute modu batera edo bestera, eta goiz ala berandu, gurera etortzen dira”. Irtenbidea nahiko erraza ikusten du Olazabalek egoera errotik aldatzeko, “Administrazioak ikastetxe guztiak derrigortu beharko lituzke haur emigranteak gutxienez bost urteko iraunkortasunez matrikula zitzaten”.   

Kultura aniztasuna inon baino gertuago bizi dute Ondarretan, eta berez errealitate hori aberasgarria izan arren, bere zailtasunak ditu eguneroko kudeaketan. Josune Vazquezek adibide erreal bat aipatu du, egoeraz jabetzeko: “Igual ikasturte erdian, gelara Nigeriako bi ikasle integratzen dira gaztelania tutik ez eta euskara gutxiagorekin; itzultzailea behar dute… Bestalde, nork bere hizkuntza, kultura, mentalitatea eta abar dakar berarekin, etxean transmititu zaiena gehienbat, eta ez da lan samurra talde dinamika jarraitu bat lortzea eta balio baikor jakin batzuk transmititzea”.

Matxismoarekin zerikusia duen mentalitatea da oso bereziki landu beharreko arloetako bat, Josunek gaineratu duenez: “Jolas sinbolikoetara, ipuinetara, adibide praktikoetara… jo behar izaten dugu: esate batera, behin, emakumeek autoak gidatzen ez dituzten ustea jorratzea egokitu zitzaidan: nire adibidea jartzen nien, baina ez zen gauza erraza izan, izan ere, irakaslea, figura asexualtzat, neutro gisa hartzen baitute”.

Munduko lurralde eta kultur askotako ikasleekin osatzen dira Ondarretan ikas-gelak, eta Etxeberriak adierazi duenez, “bokazioa daukan irakasle batentzat, irakaskuntzarekin gozatzeko moduko aukera paregabea suertatzen da. Guk behinik behin, disfrutatu egin dugu, bizitzako edozein jardunean beti egon ohi diren gora behera mikatzen gainetik”.

Euskal Eskola publikoaren barruan, Ondarretan ez ezik beste gainerakoetan ere irakasleek egoera horietan argi daukate nola jokatu behar duten. Olazabalen eta Vazquezen hitzetan, "gure kultura ezagutu eta errespetatzea eskatzen diegu, baina aldi berean, geuk ere konpromisua hartzen dugu haiena ezagutzeko eta errespetatzeko. Kultur-aniztasunarekin, euskara eta euskal kultura, genero berdintasuna… balio baikor gisa transmititzen saiatzen gara”.

Maila sozio ekonomikoa

Kultura desberdinarekiko mesfidantzak edo bazterkeriak baino gehiago, maila sozio ekonomikoak markatzen duela matrikulazioaren errealitate hori dio Josune Vazquezek, “Realak futbolari afrikar beltz-beltza milioika euroen truk fitxatuko balu, seguru eduki ikastetxe guztiak lehian ariko liratekeela haren seme-alabak eurengana erakartzeko, eta gainera, saiatuko lirateke haiekin auto-promozioa egiten!”.

Datuek zer pentsatua ematen dute, alde horretatik: Ondarretan, 250 ikasletatik %84 bekadunak dira, hots, administraziotik gutxieneko diru sarrera jasotzen dute; jangelan, esate batera, ikasle gehien-gehienak bertan geratzen dira eguerdietan.

Ikastetxearen barne dinamikan ez ezik eskolaz kanpoko ekintzetan ere nabarmen da pobreziaren errealitate hori. “Musika eskolara, balletera, ingelesera… gustura joango lirateke ikasle asko, baina ezinezkoa dute; batzuek, etxe giroan, lanak dituzte oinarrizko bizi-baldintzak betetzeko ere (elikadura, esate batera). Egun, musika eskolan beka jaso dezakete, eta lorpen txiki bat da, borrokatu ostean irabazi dena”. 

Datorren ikasturtean, ezjakintasuna nagusi

Osasun krisialdia dela-eta, datorren ikasturteari begira Ondarretako lankide ohiek panorama beltz samarra daukatela aitortu dute. “Borrokatu beharko dute hainbat arlotan gutxieneko segurtasun baldintzak  lortzeko, eta ziurtatzeko eskaini beharreko zerbitzuak (jan-gela, garbiketa…). Komeriak izango dituzte ezarri diren protokoloak betetzen, hasteko ez duelako ematen administrazioak behar diren baliabide guztiak jartzeko prest dagoenik. Esate batera, zer geratutako ote da eskolara gaixo azaltzen diren haurrekin? Haurrek gurasoak lanean dauzkate, inguruan ez daukate zaintzailerik, eta ikastetxea ulerkor agertu izan da egoera ezohiko horrekin (horretarako txoko berezi baten eskaera aspalditxo planteatu administrazioari). Baina hori ezinezkoa izango da protokolo berriarekin”.

Zorionak hirukote! Gozatu bizimodu berriarekin!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!