Estatuan 90 pertsona hil zituztela salatu zuten, eta besteak beste, 1978ko Sanferminetan eraildako German Rodriguez eta Joseba Barandiaran, Gasteizko martxoaren hiruko bost langileak, eta Jurramendiko bi lagunak izan zituzten gogoan.
Iruñeko Justizia Jauregian bildu zirenek salatu zuten Estatu espainiarrean oraindik ere inpunitatea nagusi dela frankismoak eragindako krimenekin. Lotsagarritzat jo zuten Argentinara jo behar izatea prozesu judiziala ireki ahal izateko, Estatuko epaileek behin eta berriro uko egin baitie aurkeztu zaizkien krimenen inguruko salaketak ikertzeari.
Elkarretaratzearen antolatzaileek adierazi zutenez, “Espainiako instituzioek ez dute inoiz deus egin bortxatze larri horiek jazarri, epaitu eta zigortzeko. Aitzitik, babestu egin dituzte”. Aldi berean, gogor kritikatu zuten Espainiako lau presidente ohik Martin Villari egunotan erakutsi dioten babesa. Nolanahi ere, gaineratu zuten tamalez ez direla batere harritu jarrera horrekin, beren ustetan presidente horiek omen direlako “frankismoak gizateriaren aurka gauzaturiko krimenen erantzuleekin izandako inpunitate politikaren egileak”.
Iruñeko elkarretaratzean, Argentinako kereilarekin bat egin duten hainbat elkarte bildu ziren. Besteak beste, Goldatu, Intxorta 1937 Kultur Elkartea, Egiari Zor Fundazioa, Amapola del Camino eta Mirandako Elkarte Errepublikanoa; bertan izan ziren Andoaingo Oroituz elkarteko kideak ere. Gogoan hartu behar da Andoaingo Udalak eta elkarte horrek, elkarlanean frankismoko krimenen aurkako kereila aurkeztuta daukatela, Estatu espainiarreko zein Argentinako epaitegietan. Estatuari dagokionez, Andoaingo kereila Epaitegi Konstituzionalean dago une honetan. Epaileei aurkeztutako txostenean, Andoainen frankismoan eta trantsizioan polizia indarrek nahiz parapolizialek eragindako giza eskubideen urraketak (erailketak, desagerketak, atxiloketak, torturak…) biltzen dira.
Rodolfo Martin Villa ministro ohi frankistak arratsaldean egin zuen deklarazioa telematikoki, eta Servini epaile argentinarraren galderei erantzunez adierazi zuen eredugarria izan zela trantsizioaren garaia, espainiarren arteko bizikidetza eragiteaz gain demokrazia ekarri zuelako. Trantsizio horretan bere jokabide pertsonala lagungarria izan zela gaineratu zuen.