Gazteek etxebizitzak alokatzeko diru laguntzen epea irailaren 7an zabalduko da

Mikel Arberas 2020ko ira. 4a, 12:29

Andoaingo Udalak gazteek etxebizitzak alokatu ahal izateko diru laguntzen plana aurkeztu du. 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta egongo da, eta laguntza www.andoain.eus webgunean eskatu beharko da.

Irailaren 7an (astelehena) irekiko da 18 eta 30 urte bitarteko gazteei etxebizitza alokatzeko laguntzak eskatzeko epea eta azaroaren 6an amaituko da. Arestian aipatu bezala, eskaera Udaleko webgunean egin beharko da. Udalak nabarmendu duenez, "alokairu errentaren %20tik %50era bitarteko dirulaguntzak emango ditugu, gehienez 250 eurokoak, diru sarrera gordinaren arabera". Horrez gain, nabarmendu du, pisua partekatua bada ere laguntza eskatzeko aukera egongo dela, betiere, alokairuko errendamendu kontratua pisukide guztiek sinatzen badute.

Laguntza eskatzeko eskatzaileek ez dute etxebizitzaren jabe izan beharko. Aipatutakoaz gain, ezin da familia-loturarik izan errentatzailearen eta errentariaren artean, ahaidetasunezko 2. mailara arte. 

Kontuan hartu beharreko baldintzak:

  • Alokairuko etxebizitzak Andoainen egon beharko du.
  • Honako ahuek ez dira laguntzetan sartuko: babes ofizialeko etxebizitzak; etxebizitza gisa erabilitako lokalak, lokal batetik etxebizitza batera igarotzeko udal-lizentziarik ez badute; eta Bizigune programako alokairuko etxebizitzak.
  • Kanpo geratuko dira, orobat, alokairuaren prezioa 750 eurotik gorakoa duten etxebizitzak, urtebete baino gutxigoko alokairu-kontratuak eta beste sail edo erakunde autonomo batzuen programei atxiki behar zitzaizkien eskatzaileak.

Laguntzen zenbatekoa:

  • 9.000 eta 14.000 euro gordin artean urtean, alokairuaren %50eko laguntza jaso ahal izango da.
  • 14.000,01 eta 17.500 artean: errentaren %40
  • 17.500,01 eta 21.500 euro artean: alokairuaren %30eko laguntza.
  • 21.500,01 eta 26.000 euro artean: errentaren zenbatekoa %20ko diru-laguntza.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!