Andoaingo Guduari buruzko ibilbidea, Ondarean aldeko jardunaldietan

Jon Ander Ubeda 2020ko ira. 13a, 08:00
2018ko Ondarearen jardunaldi buruzko ibilaldia. Orduko hartan herriko emakumeak hizpide hartu zituzten.

Andoaingo Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Manuel Larramendi Kultur Bazkunak antolatuta, Andoaingo guduari buruzko ibilbidea antolatu da herriko kaleetan barrena. Irailaren 20an izango da.

Aurreko urteetan egin bezala, euskaraz egin ahal izango da eta baita gazteleraz ere. Covid19aren pandemia dela-eta taldeak mugatuak izango dira: bi taldek euskaraz egingo dute eta talde bakoitzean, gehienez ere, 8 lagun izango dira; denetara 16. Talde bakoitzarekin bi gidari izango dira azalpenak ematen.

Gaztelerazko taldean, berriz, 9 lagunek eman ahal izango dute izena eta beraiekin gidari bakarra izango da. Goizeko hamarretan emango zaio hasiera ibilbideari, dagozkion segurtasun neurri guztiak hartuta, eta, gutxi-gorabehera, bi ordukoa izango da. Izena emateko Bastero kulturgunera deitu behar da telefonoz (943 30 35 40). Bertan emango zaizkio parte hartu nahi duenari xehetasun gehiago.

Gipuzkoako 40 udalerritan 150 jarduera inguru

«Kontaiguzu Ondarea! Ondarea eta Hezkuntza» da Ondarearen Europako Jardunaldien V. edizioaren goiburua. Europako Kontseiluaren ekimen honen xedea da ondarearen garrantzia balioetsi eta herritarrei gerturatzea. "Kontaiguzu ondarea. Ondarea eta Hezkuntza "izenburupean, aurten, transmisioak -ondarea herritarrei kontatzeak eta azaltzeak- ondarea kontserbatzeari eta gozatzeari begira betetzen duen zereginean jarri nahi dute arreta. Halaber, hezkuntza erakundeei eta utzi diguten ondare materialari zein immaterialari balioa ematea da helburua.

Mari Jose Telleria Kultura zuzendariak adierazi duenez, “Aurten, gure ondarea agerian uzteko konpromisoa, ilusioa eta gogoa are handiagoak izan dira aurreko urteetan baino, eta hori erronka handia izan da parte hartu duten eragile guztientzat, Covid-19k eragindako murrizketa eta ziurgabetasunengatik. Gure esker ona adierazi nahi diegu erakunde antolatzaile guztiei, ziur baikaude gipuzkoarrek ondarearen festa hau gozatuz baloratuko dutela”.

Programa oso zabala da, eta hainbat gai jorratzen ditu: zinema, botanika, musika, dantza, mitologia, gastronomia, hiri kultura, artea, arkitektura. Gainera, ikusleek gazteentzako, familientzako eta helduentzako jarduerez gozatu ahal izango dute: ikuskizunak, fanzine tailerrak, bisita eta ibilbide antzeztuak edo gidatuak, tailer edo jardunaldi gastrokulturalak, erakusketa fisiko eta birtualak...

Jardunaldi hauek herritarrengana hurbiltzeko asmoz, Foru Aldundiak jardunaldiei buruzko liburuxkak argitaratu ditu, museoetan, turismo bulegoetan eta kultur etxeetan banatzeko. Programa osoa Gipuzkoa.eus webgunean dago eskuragarri.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!