Fannyren diseinuak Zinemaldiko izarren soinean

Xabier Lasa 2020ko ira. 18a, 09:00

Irailaren 18tik 26ra Donostiako Zinemaldia ospatuko da. Zinemagileentzat ez ezik Moda diseinatzaileentzat ere aukera aparta izan ohi da. Fanny Alonso andoaindarrak aukera bikain hori izango du, hurrengo egunetan.

Fanny Alonsori elkarrizketa

Gipuzkoako For Aldundiko Kultura eta Ingurumen sailaren ekimenez, herrialdean moda diseinuaren munduan lan egiten duten 21 enpresa, marka, firma edo diseinatzaile hautatu dituzte Donostiako Zinemaldian protagonista izango dira aktore eta aurkezleak janzteko. Tartean da Fanny Alonso andoaindarra:  “Lehiaketa moduko bat antolatu zuten, eta nik sei look edo jantzi aurkeztu nituen, eta horietatik bi aukeratu dituzte. Oraindik ez dakit nortzuk eramango dituzten bi jantzi horiek, ezta zein ekitaldietan ere”.

Covid-19a dela eta azken unera arte ezingo da jakin zeintzuk diren Donostiara gerturatzen diren zeluloideko izarrak, eta hortik dator ezjakintasun hori. “Adi-adi jarraituko behako ditugu telebistetako irudiak, ea soineko horiek noren soinean, noiz eta zein egoeratan agertzen diren ikusteko”.

Glamourra isurtzen duen gertakizun publikoa da Zinemaldia; zortzi egunez argazki flashen eta telebista kameren irudien jomuga izango dira zineko aurpegi ezagunak, milaka zine zaleen begirada pean egongo dira denbora horretan, eta Fannyiri ilusioa egiten dio horietako bi berak diseinatutako jantziekin ikusteak. Aldi berean, onartzen du bere izena proiektatzeko baliagarri izan daitekeela. Ezustean eta azken unean heldu zaio Zinemaldian parte hartze hori Alonsori. Nolanahi ere, edukiera eta irismen sakonagoko beste bi egitasmo dauzka eskuartean aspalditxotik; horiengana bideratuta dauzka sormena zein egunez eguneko eginahalak, batik bat.

Irizar autobusak

Autobusak ekoizten dituen Irizar enpresak ekoizpen prozesuan zakarretarako uzten dituen materiala nola birziklatu eta berrerabili hausnartzen ari da Alonso, azken aldian.

Ekimenari buruzko azalpenak eman dizkigu. “Emaus Gizarte Fundazioak, birziklatzearen kontzeptuari eutsita, beste era batera ekoiztu eta kontsumitu litekeela erakutsi nahi du, posible dela ekonomia zirkularraren filosofia praktikan jarri. Horrela, Sindesperdicio marka abian jarri zuen orain urte batzuk, oihalgintzako artikuluekin. Asmo horri eutsiz, Irizar enpresarekin elkarlanean Trakziona programa abian jarri zuten, enpresak hondakinetara bota ohi dituen oihal zatiak birziklatzeko asmoz”.

Emaus Fundazioaren eta Irizarren arteko elkarlanari esker, autobusetako sabai, gortina edo aulkietarako erabiltzen diren materia langai hartuta, hainbat elementu diseinatu dituzte orain arte: hala nola, diru-zorroak, eskuko poltsak, bizkar-zorroak, zintzilikarioak… Dagoeneko, Irizar enpresak merchandising-aren munduan lehen urratsak eman ditu, eta Izir (Irizar Zirkularra) izeneko katalogo txiki bat argitaratu du, birziklatutako bere artikuluekin.

Azken aldian, Emausek Fanny Alonsori Trakziona egitasmoan parte hartu dezan proposatu dio, eta honek baiezkoa eman dio. “Pozik nago, egitasmoak mundua jaten ari den kontsumismoari eta hondakinen arazoari irtenbide irudimentsu eta egingarri bat planteatzen dielako. Erronka moduan hartu dut ekimena, diseinatzaile gisa. Hasteko eta behin, lan eta sormen prozesua iraultzea eragin dit egitasmoak: normalki nik diseinatu egiten dut lehenbizi eta horren arabera hautatu ehun mota; bada, alderantziz egitera behartuta nago. Bestalde, batik bat kotoiarekin egiten dut lan, eta oraingoan, berriz, autobusak egiteko erabiltzen diren ehun desberdinekin ari naiz”.

Alonsok zenbait artikulu diseinatu ditu dagoeneko, Irizar enpresan autobusak egiterako orduan zakarretara bota ohi ziren materialekin; hala nola, gona, euritako anoraka, alpargatak, idazteko arbela edo zintzilikarioak. Azken aldian janztera behartuta gauden musukoak ere diseinatu ditu. Prototipoak dira guztiak ere, eta Irizar enpresaren oniritziaren zain dago Fanny.

Tabakaleran, lan tokia

Tabakalera eraikinean egiten du lan, Kutxa Kultur programaren baitan. Kutxaren kultura-egoitza da Kutxa Kultur, proiekzioko kultura-eragileen eta artisten bizikidetza sustatzeko sortutako plataforma. Gipuzkoan hainbat sormen arlotan aritzen diren sortzaileak hautatzen ditu programa honek; lan egiteko tokia utzi, eta formakuntza ikastaroak eskaintzen dizkie. Alonso da hautatuetako bat da, modaren arloan. Bertan garatzen du moda diseinuari bideratutako lan sormena, eta besteak beste, urtean bi desfile egiteko konpromisoa hartua dauka.

Lehena, San Telmo museoan maiatzean zegokion, baina Covid-19a dela eta telematikoki egin behar izan zuen; bere sormen prozesuari eta diseinatutako lanei buruzko azalpenak ematea egokitu zitzaion orduan, batik bat. Bigarren desfilea, Balenciaga Museoan egitekoa du urrian. Gauzak dauden bezala, une honetan ez daki ziur egin ahal izango duen ala ez. 

Algodonerako emakumeak

Berezia da Balenciaga museoan egin nahi lukeen erakustaldia: “Andoaingo Algodonera lantegi zaharrean lan egin zuten emakume langileekin inspiratuta 12 look diseinatu ditut, eta horiek erakutsi nahi nituzke”.

Alonsok denbora darama Algodonerako emakumeen gaiarekin lantzen. “Lantegi hari buruzko hainbat argazki eta agiri bildu ditut orain arte, eta zenbait emakume langile ohi ere elkarrizketatu ditut. Etorkizunean, Basteron ekitaldi bereziren bat egitea daukat burutan. Musika, literatura edo eta argazkiekin osatuko litzateke ekitaldia”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!