Lekukotzak liburuxkaren aurrerapena

Manuel Larramendi Kultur Bazkuna 2020ko ira. 20a, 09:00

Larramendi Bazkunak bere Lekukotzak argitalpenaren 11. zenbakia emango du argitara. Andoaingo guduari buruzkoa da eta bertan azaltzen dira 1837ko irailaren 8tik 16ra bitartean Andoainen eta aldirietan gertaturiko hainbat pasarte.

Henry Wilkinson mediku ingelesak lehen karlistaldian Andoainen izandako borroketaz idatzi zuen, eta Londonen argitara eman. Jon Unanue argitalpenaren arduradunak Wilkinson, Henry: Sketches of scenery in the Basques Provinces of Spain with a selection of national music (London, 1838) eta Apuntes paisajísticos y musicales de las provincias vascas (Donostia, 1976. Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipala) lanetatik atal oso bat eskaini dio Wilkinsoni.

Zirujau ingelesa, 1835ko uztailean iritsi zen Euskal Herrira Legio Britainiar Laguntzaileko zirujau gisa eta urte horretako irailetik aurrera Scotch Grenadiers izeneko 6. erregimentuan jardun zuen 1837ko martxora arte. Geroztik, buruzagitza nagusiko mediku izan zen. 1837ko ekainean Legio britainiarra desegin eta etorritako gehienak etxera bidali zituzten arren, milako pare batek kontratu berria sinatu zuen Espainiako gobernuarekin eta borrokan jarraitu zuten, horien artean Wilkinson. Bere kontakizunean azaltzen duen legez, Andoainera iritsi zirenean irailaren 8an, zauritu egin zuten eta Donostiara eraman sendatzera. Horregatik, guduaren egunean ez zen bertan, baina gertatutako guztiaren berri zehatza izan zuen.

Hauxe lagin bat:

"Ez dut orain adieraziko zein izan zen O’Donell jeneralak Andoain hartuta gotortu zuen kokapenaren xehetasuna, nahikoa baita adieraztea bere menpe hartutakoaren lerroak zirkuluerdi baten itxura zuela. Herrigunea kokapen horren erdian zegoen eta, beraz, etsaiengandik hurbilago bi hegaletan baino. Oria ibaia fronte osoan zehar dator eta ibi ugari du oinez igaro ahal izateko. Eskuineko hegala mendiaren tontorreraino iristen zen eta bere kokagunea oso aldekoa zen, eremuaren beraren izaeragatik. Ezkerreko hegala zen eraso zitekeen bakarra, baina hor barrena soldaduek aurrera egitekotan sakan zail bat zeharkatu behar zuten, osorik ezponda batek inguratzen baitzuen, guztiz bere menpe hartuz.

(...) Hiruzpalau egun igaro ziren, eta egun horietan gure gizonek bizi-bizi jardun zuten lanean gotorguneak eraikiz irabazi genituen kokaguneak defendatu ahal izateko. Bosgarren egunean, etsaiak bere gizonetako batzuk bidali zituen ibai ertzean bertan kokatzera, eta haien eta gure arteko tartea asko txikitu zenez haien sua min egiten hasi zitzaigun, guretako batzuk hil eta zaurituz oso denbora laburrean. Elder artileriako tenienteari bala batez lehertu zioten aurpegia, behealdeko matrailezurra hainbat zatitan txikituz. Euren medikua kanpoan zen eta neronek ordeztu nuen. Hezurretik bala txirbilak erauzi, odol-jarioa eten eta burua loturaz bildu geniola, hara non azaldu zen artileriako medikua eta bere jokabideak benetan gogaitu egin ninduen. Gure eztabaidaren gaia izan zen balarekin zer gertatu ote zen: nire ahalegin guztiak hura aurkitzeko alferrikakoak izan ziren, eta nire lankidearen ahalegina are traketsagoa gertatu zen. Gertatuagatik gelatik atera nintzen oso kezkaturik, eta etxeko atarian nengoan nire kide ziren ofizial batzuk iritsi zirenean eta txantxetan aritu zitzaizkidan artileriako medikuarekin izan nuen liskarraren kontura. Elizaren aurrean zegoen pareta txiki batean eseri ziren eta liskarraz eman behar nien nire azalpena entzun zuten. Elder zauritu zuten terrazaren atzealdean geunden; bi etxeen artean tartea zegoen eta horretan zehar balak iristen ziren guregandik hurbil lurra harrotuz. Neroni ari nintzaien lagunei azaltzen Elderrek zer nolako zauria zuen, eta eztabaidan jartzen nuen indarraz buruari gora eta behera eragiten nion, eta horrela matrailezurra bere ohiko lekutik baino bi hazbete gorago neukan. Nire hatza kokots azpian jarrita neukan, adierazteko bala nondik sartu zitzaion eta, hain zuzen ere esaten ari nintzaienean “Hara ba jaunak, balak hementxe jo zuen”, errifle baten tiroak lepoan jo ninduen, juxtu masailezurraren oinarri azpian, ia-ia lepoan jarrita nuen hatza ukituz. Nire garunak oso larri jasan zuen eta lurra jo nuen minaren minez bihurrituz, hilzori bete izugarrian. Niregan lehenengo ustea izan zen nire arerioak, doktore jakintsuak, burutik behera mazokada eman zidala. Nire laguntzailea, Mr. Bain, bertan zen ofizial taldekoen artean; denek niganantz laguntzera jauzi egin eta etxera eraman ninduten. Ni salbatzea ia-ia probidentziala izan zen, ezen nire burua ohiko jarreran eduki banu, balak bete-betean joko baitzukeen nire beheko matrailezurra eta ondorioak askoz larriagoak ziratekeen. Gertatu bezala, bala lepoan barrena oso angelu egokiz sartu zitzaidan, zintzur-hestean barrena igaroz eta ezkerraldeko karotidaren gainean oso azalean leku hartuz. Zorioneko bizpahiru kontuk moteldu zuten balaren indarra: bizar oso sarriak eta zulatu eta zeharkatu zituen ehunen malgutasunak. Mr. Bainek bala erauzi zuen eta bi ordu geroago zaldi gainera igo nintzen Donostiarantz joateko. Mina pixkanaka baretuz joan zen eta, zorionez, zauria sendatu bitartean berriro minik ez nuen izan.

(...) Atzerabidearen gure kontakizunera itzuliz: orain ihes egiteko ahaleginetan zebiltzanen helburua eskuin aldean zeuzkaten mendien gailurretara iristea zen, eta, horrela, Santa Barbararaino edo Hernaniraino atzera egitea.

Andoaindik pare bat miliatara zoritxarreko O’Donell jeneralarekin egin zuen topo; egunsentian zazpi mila soldadu bere agindupean zituen gizona orain iheslari zebilen, oinez eta txano eta sablerik gabe. Ia-ia etsaiek bitan ehizatu zuten, baina gainetik kentzea lortu zuen. Ahalegin betean zebilen ezponda lokaztu batean gora igo nahian muinoaren gailurrera iristeko eta gain egitea lortuta zuen soldadu espainiar bati eskatzen zion eskua eman ziezaion laguntzeko. Soldaduak bere ihesari jarraitu zion entzungor,  jaramon zipitzik egin gabe bere jeneralari. Esan beharrik ez daukat Bain jaunak eta ondoan zuen eskoziar batek berehala eskaini ziotela laguntza eta euren sorbaldetan eutsiz jaso egin zuten ezpondaren ertzetik gora. O’Donnell jeneralak aurrerago soldadu eskoziarra ezagutu egin zuen eta lau dolarreko txanpona oparitu zion.

(...) Robert Shields-en heriotzean gorabehera oso berezia izan zen. Andoain alderantz abiatzeko bezperan gaixorik zeudenen zerrendan zegoen, belaunean hazi zitzaion erlakizten batek jota; abiatzeko gure aginduak jaso genituenean, Donostiarantz alde egiteko agindu nion, zerbitzurako inolaz ere gauza ez zela iruditzen baitzitzaidan. Erregu egin zidan utz niezaion erregimentuarekin batera abiatzen eta goxa nezala, mesedez, Clarke koronela, hori ameti zezan. Koronelaren aginte-gunera joan nintzen eta kontua azaldu nion. Erne aditu zidan eta kontuarekin amaitu nuenean, zera esan: “Doktore, bihar goizean kapitaina formazio barruan baldin bada, nire eginbehartzat joko dut zu atxilotzea”. Shieldsen dendara itzuli nintzen erantzun itsusi horrekin eta irmo agindu nion joan zedila Donostiara. Nire kontzientzia gai horri zegokionez berdindurik, egin kontu zer nolako ezustekoa izan nuen biharamunean erregimentuan Shields ikustean. Geroztik jakin nuen bere anaiak, maiorrak, biziki egin ziola erregu koronelari baimena eman ziezaion anaiari gudarostea bere bidaldian lagundu ahal izateko, eta, ageriko denez, lortu ere lortu zuela.

Ez ditut aipura ekarriko borrokaren izugarrikeria ikaragarriak: esan besterik ez ofizial eta soldadu asko lurrean zeutzala guztiz ahiturik, baina adimeneko ahalmen guztiekin, bertan akabatuko zituzten ehiza zakurrak noiz iritsiko zain. Halaxe hil ziren Carnaby bizkor baina xelebrea, Dalrymple txeratsua, O’Brien gogor bezain alaia eta fusilari eta eskoziarren arteko beste soldadu asko. Harris kapitaina, zeinak ihes egin baitzuen, ihes egiteari utzi eta amore ematekotan egon zen, baina gazte ausart batek, Wilson koronelaren laguntzailea bera, eragotzi egin zion, eta besoan zauria zuen arren ihes eginarazten tematu zitzaion. Ofizial horrek esan zidan Carnaby eta Dalrympleren ondotik igaroa zela eta O’Brien hilurrenaren oihuak entzun zituela. Zein bihotz-urragarria izan zen haiengandik alde egiteaz egin zuen azalpena: “Lagunidak Harris! Lagunidak edo ez diat lortuko!” “Eutsi, Carnaby, eta lortuko duk ihes egitea! Ezin diat lagundu; neroni ez nauk gauza ia mugitzeko ere!” “Orduan, egun handirarte, Harris! Hemen bertan egongo nauk heriotzaren zain!”

Irudimena ikaratu egiten da gizon adoretsu haiek bere hiltzaileak gainera etorri zitzaizkien arte igaro behar izan zituzten hilzoriko une izugarrien ikuskizunaz. Berriz ikusiko ez zuten sutondoaren oroitzapena, berriro besarkatuko ez zituzten sendiko eta adiskideena, euren oroitzapenik kuttunenak senar edo maitale gisa... Hori guztia, minutu gutxiko une labur batzuetan, heriotza eman zien baionetaren ziztada baino sufrikario mingarriagoa izan bide zen.

Erregimentu eskoziarrean hil ziren ofizialak hauexek izan ziren: Clarke koronela, Shields maiorra eta kapitaina eta Townsend, Haslam, O’Brien eta Simms tenienteak. M’Kellar maiorra, esan dudan legez, soldadu batek hil behar duen moduan erori zen, gizon borroka eginez guduaren erdian.

Ez zen gerra honetan hau bezain gudualdi galgarririk izan: bizirik atera zirenak penaz eta atsekabe sakon batez beterik utzi zituen. Nireari dagokionez garbi esan dezaket hainbat astetan nireak benetako amesgaiztoak izan zirela, heriotzaren irudi ezberdinek beterikoak, beti ere erarik izugarrienetan eragindakoak. Etsaiak gure lerroetan geneuzkan mutilik onenetakoak hiltzeko hautatu balitu bezala. Zein zorionekoa hiru egun aurretik balaz egin zidaten zauria!!!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!