"Ikasleen erantzuna ona da, uste genuena baino hobea"

Mikel Arberas 2020ko ira. 18a, 09:30

Udan lan eta lan aritu ondoren, ikasturteari hasiera emateko gogoz zeuden. Eta zuzendaria pozarren dago komunitate osoaren aldetik ikusi duen jarrerarekin.

Aitor Iriondo Aita Larramendi ikastolako zuzendaria

Zein aurreikuspen zenuten ikasturtearen hasierari begira?

Ekainean, pasa den kurtsoa bukatu genuenean, protokolo batzuk bidali zizkiguten Hezkuntza Sailetik. Aurreikuspen baikorra egin genuen orduan, ikastola maila guztietan irekitzeko aukera izango genuelako. Argi ikusi genuen, ikastola hiru hilabetez itxita egon ostean, beharrezkoa zela ikastetxea berrirekitzea, bai guretzako eta baita gizarteari begira ere.

Zein da lehen egun hautako sentsazioa?

Sentsazio ona dugu. Abuztuan eta irailean protokolo horiek diseinatzen aritu gara. Esaterako, irteerak, sarrerak, ikasgelak, jolas garaia, etab. Protokoloa aurrera eramateko lan handia egin behar izan da, gauza asko hartu behar baitira kontuan. Urduri geunden, baina ikasturtea hasi da eta, egia esan, langileen, familien eta ikasleen harrera oso ona izan da. Une oro, laguntzeko prestutasuna azaldu dute, eta kurtsoa oso ondo hasi dugu. Horrela jarraitzea espero dugu.

Zein neurri hartu dituzue ez-ohiko egoerari aurre egiteko?

Haur eta Lehen Hezkuntzako gelak ezingo dira nahastu; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, berriz, mahaiak ezin dira nahastu. Neurri hori izan da nabarmenena edo handiena; horrek dakar sarreretan, irteeretan, patioetan, ikasgela artean eta jangelan lasai mugitu ahal izateko ibilbide eta ordutegi moduko bat sortu beharra. Beste aldaketa handietako bat maskaren erabilera izan da. Hezkuntza Sailak behartzen du Lehen Hezkuntzatik gorakoek maskarak erabili beharra. Neurri hauek antolakuntza izugarria eskatzen dute, eta ikastolak baliabide gehiago jarri behar izan ditu.

Nola eragin dezakete neurri berriek ikasleengan?

Lau egun daramatzagu lanean, orduan, ezin dugu balorazio orokor bat egin, baina kezkatuta gaude. Haurren aurpegiko keinuak ezinbestekoak dira komunikatzeko garaian, eta ez ditugu ikusiko. Ikasleak euren artean maskarekin egotea ere arraroa da. Gauzak horrela, neurri berriei begira lanketak egingo dira ikasgeletan, egoerari normaltasun bat emateko.

Ez-ohiko egoera honetan pertsona helduak eta irakasleak asko kezkatzen dira; baina ikasleek eta haurrek guztia beste modu batera ikusten dute, jarrera ona eduki ohi dute. Oraingoz, pozik daude geletan eta jolasean. Euren erantzun ona da, uste genuena baino hobea.

Nola eragin dezakete neurri berriek ikasleengan?

Bai. Langileok kezkatuta gaude. Lau egun daramatzagu haurrekin lanean eta, oraingoz, egoera ona da, baina egin behar dugun ibilbidea luzea da. Ziurgabetasuna ere handia da; izan ere, ez dakigu egoera hau noiz arte luzatuko den. Aldaketa guzti hauek hezkuntza prozesuan eragina dute.

Ikasleengan oraingoz ez dugu nabaritu halako beldurra, baina familia batzuk kezkatuta daude egoera honek nola eragingo dien euren seme-alaben ikasketa prozesuan eta emozioetan.

Erronka oso handia izaten ari da ez-ohiko kurtso hau. Gu modu batera lan egitera ohituta gaude eta hilabete gutxitan, bat-batean, guztia aldatu da. Erronka handia da, argi dago guztion ekarpena behar-beharrezkoa izango dela.

Koronabirus kasuren bat edukiz gero, zein izango litzateke jarraitu beharreko protokoloa?

Momenturen batean ikasleren batek sintomak izango balitu, prestatuta dugun Covid-gelara eramango genuke. Gela hau une oro aireztatuta dago, Norbera Babesteko Ekipamenduaz (NBE)  hornituta dago eta egoerari aurre egiteko beharrezko materialak ditu. Zuzendaria eta Covid arduraduna umearengana gerturatuko da eta familiarekin kontaktuan jarri; familia berehala etorri eta anbulatorioarekin kontaktuan jarri beharko du. Anbulatorioak eskolari eman beharreko pausuak jakinaraziko dizkio; haurrak positibo emango balu, gurekin hitz egitera gerturatuko lirateke ikasgelarekin zer egin adosteko. Negatiboarekin prozesua antzerakoa izango litzateke.

Ikastetxeek babes nahikoa eduki dute Hezkuntza Sailaren aldetik?

Hezkuntza Sailak protokolo eta agindu guztiak bidali dizkigu, hau da, hartu beharreko neurriak zeintzuk izango diren jakinarazi digu, baina baliabideen gaian ikusten dugu hutsunea. Hezkuntza sistema osoak baliabide gehiago behar ditu: irakasle gehiago behar dira ikasgeletako ratioak jaisteko eta ordezkapenak bermatzeko, toki gehiago beharko genuke, garbitasuna bermatzeko materiala ere ezinbestekoa da; horrez gain, ahaztuta edukitzen duten beste puntu garrantzitsu bat euskara da. Ikasleak hilabeteak egon dira etxean sartuta familiarekin, eta batzuek ez dute kontakturik eduki euskararekin edo gutxiago erabili dute. Gai horri ere heldu egin behar zaio, eta horretarako hezkuntza sistemak baliabideak jarri behar ditu.

Nola ikusten dituzu ikasleak eta irakasleak etorkizunari begira?

Egoera zaila da. Epe laburrean egoera gogorra izango da, guztiok aldatu beharko dugulako lan egiteko modua. Ikasleak kontakturik gabe ikasgelan edukitzeak, metodologian aldaketa bat eskatzen du. Hortaz, lanean ari gara geure metodologiaren oinarria ez galtzeko. Ikasleen eta irakasleen aldetik ikusten ari naiz erronka gogoz ekin dutela. Nire ustez, erantzun ona bat emango dute ikasleen hezkuntza prozesuan eragin gutxien edukitzeko eta irakaslearen lan egiteko moduan aldaketa handiak ez egiteko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!