"Ohitura aldaketak erosketan eragina izan du"

Aiurri 2020ko ira. 17a, 13:33
Maria Jesus Iturbe, dendaren kanpoaldean

Maria Jesus Iturbe Juan Iturbe zapatadendako jabearekin elkartu da Aiurri. Ez-ohiko egoera honek komertzioan nola eragin duen adierazu du. 

Maria Jesus Iturbe 

Zer moduz hasi duzue ikasturtea?

Eguraldia aldatu ez denez, guretzat denboraldia oraindik ez da aldatu. Dendara hurbiltzen dena beldurrez antzematen dugu, bizi dugun egoeragatik.

Zein ezberdintasun ikusten duzue?

Badago beldurrak jota dabilen jendea. Dendara hurbiltzen dira beldur pixka batekin, erosketa egiteko orduan nola jokatu ez dakitelako. Ohikoan baino galdera gehiago egiten dituzte. Hala ere, jendea etortzen da.

Martxotik hona nola joan da negozioa, zuen kasuan?

Martxoan itxi genuen, maiatza bitarte. Maiatzean ireki genuen berriro, eta pixkanaka pixkanaka suspertuz joan da. Denbora pasa ahala, jendea errazago hasi da kalera ateratzen. Ez da denboraldi normala izan, baina bezeroa hurbildu dela esan genezake.

Etorkizun hurbila nolakoa izango den aurreikusterik ba al duzu?

Ohitura asko aldatu egin ditugu, eta erosteko garaian horrek eragin handia izan du.  Orain lehen baino gutxiago ateratzen gara kalera, eta ondorioz gauza batzuk gutxiago saltzen dira.

Takoi gutxiago, eta zapatila gehiago.

Hori da! Pasieran edo kirola egiteko gehiago saltzen ari gara. Baina janzteko zapata gutxiago.

Bezeroaren Astea ospatzen ari zarete aste honetan. Zein da Salkinen aldartea horrelako kanpainen aurrean?

Animo guztiarekin prestatzen ditugu horrelako ekimenak. Jendearen aldetik, gainera, erantzuna ona izaten da. Outlet kalean martxan jarri zenetik urtero ateratzen ditugu produktuak dendaren kanpoaldera. Prezio onean produktu asko jarriko ditugu salgai. Eroslea animatu nahiko nuke. Parte har dezatela. Kalean egiten dugun ekimenarekin, gainera, herri giroa animatzen da.

Bezeroaren Astea Andoainen

Irailak 14-20: Erosketa egiten dutenen artean sariak.

Irailak 18: Outlet kalean. Eskaintza bereziak merkatalguneetan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!