Alfredo Amas Egibar (1918-1936)

Eugenio Ariztimuño Amas 2020ko ira. 21a, 07:58

1936ko abuztuaren lehen egunetan, Josefa Cruz Egibar Otaegik, bere seme-alabekin batera (Alfredo, hemezortzi urtekoa, eta Miguel, lau urtekoa) familiaren etxea utzi zuen Andoaingo Kale Berriko 14. zenbakian eta Donostiako Loiola kaleko etxebizitza batera joan zen. Senarra, Jose Andres Amas Carrera, Andoainen geratu zen, hamasei urteko Maria Teresa eta hamahiru urteko Margarita alabak bere ardurapean zituela. Josefa eta Andres amaren aldeko aitona-amonak nituen nik.

Biek, beren bizitzan zehar, XX. mendearen lehen laurdeneko Europako gertaerarik garrantzitsu eta garratzenak ezagutu eta bizi izan zituzten (Marokoko gerra, Primo de Riveraren diktadura, lehen mundu gerra, Errusiako Iraultza, bigarren Errepublika).

Andres Amas Iberduerok Bertxinen zuen indarretxeko langilea zen, eta Trentxikiko bidea erabiltzen zuen zentraleko lanera joateko. Errutina horrek erraztu egiten zuen trenbideko langileekin eta Plazaolako trena erabiltzen zuten herritar eta langileekin harremana, eta haien bidez izaten zuen Andresek trenbidea zeharkatzen zuen lurraldean gertatzen ari zenaren berri.

Armada frankista gero eta hurbilago zegoen Andoaindik; bien bitartean, Andoaingo Defentsa Batzordeak neurriak hartu zituen, horien helburua baitzen batetik boluntarioak eta ordezko gazteak errekrutatzea eta udalerrirako errepide-sarbideetan zaintza ezartzea eta, bestetik, altxamenduaren alde egin zezaketen herritarrak kontrolatzea. Armada frankistak, bestalde, aurrera egin eta Andoain okupatzearen ondorioz, ihes egin ez zuten gazteak behartuta eraman zitzakeen frontera… Ustegabean  gertakari larri edo liskarren batean biktima izateko arriskua ere hor zegoen... Kontu horiek guztiek familian inor zuzenean jotzekotan, adinagatik, Alfredo Amas joko zuten, familiako alaba-semeen artean zaharrena bera.

Testuinguru horretan, Josefak eta Andresek erabaki zuten ama, bi semeekin batera, Donostiara joatea leku seguruago baten bila. Familiaren iritsiera Donostiara giro presazko eta larri baten erdian gertatu zen, fronterako gazteak mobilizatzeko eta, aldi berean, hiriaren defentsaren beharrezko antolaketarako ordu erabakigarriak baitziren haiek.

Hurrengo egunetan, Alfredo Amas Donostiako defentsa-eraikuntzetan lan egiteko indarrez errekrutatu zuten. Alfredo izan zen, hain zuzen ere, egun haietan miliziek Donostiako Defentsa Batzordearen aginduetara errekrutatu zituzten horietako bat.

Alfredo Amas 1936ko irailaren 13an hil zen. Aste honetan laurogeita lau urte bete dira, hemezortzi urte zituela, ondoezik sentitu ondoren Ospitale Zibilera eraman eta bertan hil zenetik, Donostiako erregistro zibileko 882 zenbakidun ziurtagirian agertzen den legez. Biharamunean, gorpua Andoainera eraman eta udal-hilerrian lurperatu zuten, garai hartan Joaquin Bermejo parrokoak sinatutako heriotza-ziurtagirian hala agertzen baita argi eta garbi.

Memoria historikoa gertakarien ziurtasunean eta protagonistekiko eta euren oroimenarekiko begirunean oinarritzen da. Xabier Lasa Bergararen liburuan, "Ahozko historia: oroimenean lokartutako ahotsa" izenburukoan, Alfredo Amasen izena 7. atalean ("gudariak eta miliziano hilak frontean") txertatuta agertzen da. Euskarazko bertsioan, 288. orrialdean.

Azaldutako datuek erakusten dute Alfredo Amas ez zela gudari edo miliziano izan, baizik eta langile behartua, berezko ondoez bategatik hiltzeko zoritxarra izan zuena, ez frontean, baizik eta atzealdeko lanetan. Bestalde, egileak, idazlanaren 278. orrialdean, honako hau idatzi zuen: "Nikolas Agirre izan ezik, Belabietan hil baitzen, beste inor ezin izan zen Andoainen lurperatua izan (gudari eta milizianoei buruz ari da), eta ez zitzaien eman…". Beraz, datu hori egia bada, zentzuzkoa da pentsatzea Alfredo Amas ezin dela atal horretan sartu, dokumentatuta baitago Andoainen lurperatu zutela. Oroituzek ere zehaztasun falta edo akats hori bera egiten du Andoaingo frankismoaren biktimen omenez Miranda pasealekuan dagoen panelean Alfredo Amas sartu eta fronteko errepublikarren aldean desagertutako herritarren artean kokatzean, 2017ko abenduan argitaratutako Oroituzen liburuxkaren hirugarren orrialdean halaxe baitator argitaratuta. Alfredo Amasen izena, egiari zor, zerrenda horietatik kanpo utzi beharko litzateke, ez haren demerituagatik, baizik eta ez zelako izan frankismoaren biktima zuzena, ez zelako frontean hil, ez zuten erail eta ez zen desagertu.

Ez dut egilearen lana zalantzan jarri nahi, ezta Oroituzen lana ere, baina uste dut badaukadala zehaztasun falta edo akats historiko hori zuzentzea eskatzeko eskubiderik.

Xabier Lasa Bergarak bere liburuko 35. orrialdean dioenez, "inoiz ez da berandu historiako akatsak konpontzeko, Historia berreskuratzeko". Ba hori, konpon ezazue akatsa, berreskura dezagun historia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!