"Iker Karrera. Bidea ipar" liburua Unai Ugartemendiaren eskutik

Xabier Lasa 2020ko urr. 2a, 12:31

“Iker Karrera. Bidea ipar” liburua kaleratu dute Amezketako mendi korrikalariak eta Unai Ugartemendia kazetari andoaindarrak; Donostian eta Tolosan aurkeztu zuten liburua, atzo. Karrerak eliteko korrikalari gisa bizi izan dituen bizipen gozo eta gazien kontakizuna da liburua. Askotan idealizatzen omen den lasterketen mundu hori pixka bat desmitifikatu nahi izan duela aitortu zuen amezketarrak. Argazkiak, kronika eta bideoa, eskura:

Donostiako Koldo Mitxelena kultur gunean egindako aurkezpenean, Unai Ugartemendiak liburuaren ideia nola sortu zen kontatu zuen. “2018ko abuztuan, Ikerrek, Zigor Iturrietarekin batera Chamonixeko UTMB (Mont Blanceko ultratraila) lasterketa egitera zihoala, bezperan, dortsala azken aldiz janztera zihoala iragarri zuen sare sozialetan. Denok aztoratu gintuen mezu horrek. Irabazle gisa irudikatzen genuen lasterketa famatu hartan, baina azkenean utzi behar izan zuen min hartuta. Berriako kazetari gisa, elkarrizketa eskatu nion hurrengo egunerako. Lehenengo aldia zen fisikoki izorratua sumatu nuela. Baina luze jardun genuen, eta hiru ordu eta erdiko solasaldia egin. Kazetaritzan askotan gertatu izan zaigun moduan, zortzi orrietarako ematen zuen elkarrizketak, irakurleak gustura irakurriko lukeena, baina orrialde batera mugatu behar! Bidean hainbat gauza utzi behar!”.

Ugartemendiaren ustetan, huraxe izan zen lehenengo zantzua, liburuaren ideia etorkizunean taxutzen joan zedin. “2019ko martxoan beroaldi batek jota, Ikerri deitu egin nion, liburuarena proposatzeko. Lehendik ere bazituela beste zenbait proposamen, erantzun zidan. Baina nirea hautatu zuen, euskaraz zelako”.

 

Iker Karreraren biluztea

Mundu mailan mendi korrikalaririk azkarrena eta ospetsuena den Kilian Jornetek sinatu du liburuaren hitzaurrea. “Iker ezagutu nuenean, irribarre egiten jakingo ote zuen galdetu nion nire buruari” esanez hasten du idatzia Jornetek. Izan ere, kontatzen duenez, 2011n, Chamonixen UTMB lasterketako podiumean (bera irabazle, Iker bigarren) bat egin zutenean, une berezi hura poza adierazteko, xanpaina zabaltzeko... tenorea izan arren, “Ikerren ahoak lerro lau perfektua erakusten” zuela adierazten du Jornetek.

Ikerrek kanpora begira proiekta dezakeen seriotasun irudiaren haritik, Ugartemendiak atzo aitortu zuen zenbaitek galdetu diotela ea erraza egin ote zaion Karrerari mihitik tiraka egitea.

“Erronka handia zen niretzat, baina oso erraz jarri dizkit gauzak. Memoriatik hasita, izan ere, kapaz da halako lasterketako kilometro jakin batean zer gertatu zitzaion gogoratzeko. Alde horretatik, oso gutxitan jo behar izan dut dokumentatzera”. Galdera eta erantzunen formatuan idatzita dago, eta filtrorik gabeko liburua dela zehaztu nahi izan zuen Ugartemendiak. "Bera asko biluztu da, gauzak argi azaldu ditu, bere ibilbide osoan erakutsi izan duen argitasun horrekin”.

Galdera eta erantzunaren formula Ikerren kasuan egokiena zela gehitu zuen Ugartemendiak. “uste dut Iker pertsonarik aproposena dela horretarako. Oso zintzoa izan da nik egin dizkiodan elkarrizketa saio guztietan. Autobiografietan, maiz gauzak edertzeko joera egoten da; baina ni ez naiz esajeratu zalea, eta bera gutxiago. Hortaz, berak esan ahala idatzi dut”.

Karrerak, aurkezpenean, Ugartemendiak aipatutako biluzte horren inguruko ñabardura egin nahi izan zuen, umore metaforikoari segida emanez. “Biluztu-biluztu ez naiz egin, galtzontziloak behintzat gorde ditut, pasarteren batean pisu kritikoa igual kendu egin baitut. Baina zintzoa izaten saiatu naiz, eta miseria asko kontatu ditut, nahiz ez den-denak. Normala da gordeta gelditzea zerbait, beti...”.

“Bere egia” kontatu duela gehitu zuen Karrerak. “Gertakizunak nire begietatik ikusi eta sentitu ditudan moduan kontatu ditut: igual beste batek beste modura egin ditzake”.

Desmitifikazioaren premiaz ere mintzatu zen Karrera. “Beste kiroletan bezala, mendiko lasterketen munduan ere badago mitifikaziorako edo ekintza heroikoak kontatzeko joera, eta hori pixka bat barruz hustu nahi izan dugu. Azken batean, egiten dugunaren atzean motibazioa dago, eta faktore horrek azaldu dezake gauzak zergatik egiten ditugun. Alegia, nondik datorren indarra geure bizitzako hainbat ekintza burutu ahal genitzan. Faktore horrek berebiziko garrantzia dauka niri iritziz, nahiz eta beharbada jendearentzat ez izan horrela”.

Liburuaren edukiarekin jarraituz, Ugartemendiak zera gehitu zuen: “Niri ez zait interesatu bere garaipenetan eta palmaresean sakontzea. Gehiago izan da lantzea Ikerrek urte hauetan sare sozialetan-eta egin izan dituen gogoeten eskutik. Izan ere, kritikoa agertu izan baita lasterketa askorekin, auzitan jarri izan du zaletuek-eta nola bizitzen ditugun lasterketak...”.

Hain zuzen, liburuan zehar sare sozialak aipagai dituela honako gogoeta egiten du Karrerak, besteak beste, “… konturatu nintzen kirol emaitzak bezain garrantzitsua zela sareetan milaka jarraitzaile izatea…”.

 

Liburua, euskaraz

“Iker Karrera. Bidea ipar” liburua euskaraz dator idatzita, eta datu hori ere albiste bilakatu da; euskararen normalizazioak oraindik ere bide puska egiteko daukala adierazten digu horrek, zoritxarrez. Mendizaletasuna inon baino zabalduago dagoen Euskal Herrian zaletuen artean kopuru nabarmen bat euskal hiztun izan arren, bertan argitaratzen den mendi-literaturaren ehuneko portzentaje handi-handia oraindik ere gaztelaniaz azaltzeak, zer pentsatua eman beharko liguke.

Errealitate horri, oraingoan gehitu zaio Estatu espainiarreko Desnivel argitaletxe aski ezaguna izatea liburua kaleratu duena, mendizaletasunaren inguruko albiste eta kontakizunak jasotzeko asmoz aldizkariaz gain makina bat liburu argitaratzea helburu dena, eta horretarako gaztelania erabiltzen duena. Euskaraz editatzen duen lehen liburua da hauxe, eta horrexegatik, “Ohorea da guretzat, liburu honekin urratu izana bide hori” esan zuen Karrerak.

Atzera eginez, Ugartemendiak adierazi zuen Desnivel-ekin harremanetan jarri aurretik Euskal Herriko zenbait argitaletxera (tartean euskal mendizaletasuna jorratzen duen eta euskarazko izena daukan bat) jo zutela, baina ezezkoa jaso zutela. “Euskaraz izateak atzera egiten zien. Pentsatzen dut idazlea izen handirik gabekoa izateak ere, eragingo ziela erantzunean, noski”.

Ikerrek aurkezpenean aitortu zuen liburua idazteko jaso zituen proposamenen artean, euskaraz izatea funtsezko baldintza izan zela, eta horrexegatik esan ziola baietz Ugartemendiari. “Desnivel aldizkariaren arduradunaren aldetik gaztelaniazko liburu baten proposamena jaso nuen hasieran, eta zalantzak izan nituen. Ez nintzen eroso sentitzen, batetik ni neu ez nintzelako gai sentitzen idazteko, eta bestetik iruditzen zitzaidalako zorretan nintzela euskararekin. Izan ere, sare sozialen mundu horretan, gehienetan erdaraz komunikatu izandu naiz. Gauzak horrela, Unairen aukerak, nire gabeziari erantzuteaz gain, euskararen premia asetzen zuen”.

 

EMMOAretzat lehen alea

Ugartemendiak eta Karrerak liburuaren lehen alea EMMOA Euskal mendizaletasunaren Museoarentzat gorde nahi izan dute, eta bere ordezkari Antton Iturrizari eskura eman zioten Donostian. Mendi kroniken arloan ibilbide luzea egina daukan Iturrizak hitza hartu zuen ekitaldian, eta liburua goraipatu zuen, euskal mendizaletasunaren historiaren zati bat idatzita uzteagatik.

“Zuen liburua ohorezko txoko batean jarriko dugu EMMOAren liburutegian” esan ostean, idatzita geratzen diren kontakizun eta bizipenen aldeko aldarria egin zuen. “Askotan, historiagintzaz hitz egiten dugunean uste izaten dugu historia zaharrak edo zaharkituak biltzen ari garela. Ahazten zaigu historia egunero egiten dena dela. Eta “Iker Karrera. Bidea ipar” liburua printzipio horren eredu polita izan daiteke. Liburua nahiko berria denez, baten batek esan dezake ez daukala historiaren kutsurik. Baina euskal mendizaletasunaren unibertsoan indartsu dabilen modalitate baten kronika da. Azken batean, historia ez da gertatutakoa, historia da gertatutakoaz idazten eta gordetzen dena. Izan ere, gizakien memoriak badauzka mugak, eta esperientzia pertsonalak betirako galtzen joaten dira gordetzen ez badira. Ikerren kontakizunak, aitormenak, emaitzak... hor geratuko dira idatzita liburuan, eta urte asko pasata, gu joanak izango gara, baina Unai eta Ikerrek egin duten memoria ariketari esker, hor egongo da eskura jakinmina daukanarentzat”.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!