Luxio Aranburu Etxeberria mendizale eta musikaria zendu da

Xabier Lasa, Jon Ander Ubeda 2020ko urr. 13a, 18:56

84 urte zituen, eta azken urteetan gaixotasunak jota bizi izan zen. Mendizale amorratua zen, eta beste gailur askoren artean, Pirinioetako 3.000 metroko gailur guztiak igo zituen. Gizarte bizitzan oso txertatuta zegoen, besteak beste, musikari bezala eta beste hainbat ekimenetan. Asteazkenean azken agurra emateko aukera izango da hilerrian, goizeko 11:00tan hasi eta 18:00ak arte zabalik izango den hil kaperan.

Josefina Poza bere emaztea, 2020ko abuztuaren 30ean hil zen. Bost seme-alaben guraso ziren. Luxio aski ezaguna zen Andoainen, alor ezberdinetan ibilbide oparoa egin zuelako.

1936an Gabirian jaio arren, oso txikitan Andoainera etorri zen familiarekin bizitzera, Kaletxikira hain zuzen. Gizon jantzia zen, eta memoria bikaina izateaz gain aparteko hitz jarioa zeukanez, mintzakide aparte izaten zen edonorentzat.

Mendizaletasuna zen bere pasioetako bat, eta Euskalduna mendigoizale taldeko kidea izan zen;  makina bat urtean bertako zuzendaritza batzordean hartu zuen parte. Mendizaletasunari buruzko bere jakinduria ezinbestekoa izaten zen irteerak, hitzaldiak eta bestelako ekitaldiak antolatzeko orduan.

Euskal Herrian ez ezik, Pirinioetan ere, apenas  egongo  den mendi tontorrik Luxiok zapaldu ez zuenik. Berak aitortua zen arin-arin ibili zale eta “tontor biltzaile”a zela. 2010eko uztailean Aiurri aldizkariari eskaini zion elkarrizketan zera adierazi zuen: “Nahiz eta zeharkaldia egitera atera, ezin naiz itzuli etxera bidean topatzen den puntaren bat egin gabe… (…) Ez dugu ahaztu behar gizakiak beti izan duela grina ahalik eta gailur gehien egitekoa, denbora laburragoan...”.

Bere balentrien artean, azpimagarrienetako bat agian, Pirinioetako 3.000 metroko gailur guztiak igo izana

Bere balentrien artean, azpimagarrienak agian, Pirinioetako 3.000 metroko gailur guztiak igo izana batetik. Eta, bestetik, 1980an Mediterraneo eta Kantauri itsasoaren arteko zeharkaldia burutu zuen 22 egunetan. Bidean 2.000 eta 3.000 metroko hainbat gailur igo zituen: (Estat, 3.151 m.); Montvalier (2.838 m.), Montarto (2.830 m.), Aneto (3.404 m.), Posets (3.375 m.), Perdido (3.355 m.); Vignemale (3.303 m.); Middi D´Ossau (2,885 m.); Hiru Erregeen Mahaia (2.438 m.)…

Sasoiko zegoen urtetan Aconcagua (6.959 m.), Huascaran (6.768 m.), Kilimanjaro (5.895 m.) eta beste zenbait sonatu egin zituen, baina zortzi milakoren bat egin ez izanaren penatan geratu zen.

2016an Gailurra ETB1eko programan parte hartu zuen, Herniori eskainitako atalean. Amaiera aldera, Euskaldunako kideek omenalditxoa eskaini zioten Hernioko mendi gainean. Andoni Aizpuruk gidatutako programaren amaiera aldera atera zen.

 

 

Ibilbide luzeko musikaria

Andoaingo Udal musika bandan ekin zion musikari gisako ibilbideari, Alberto Agirre irakasle zuela; segidan Donostiako Kontserbatorioan aurrera samar arte aritu zen musika ikasketekin. Udal musika bandan klarinete jolea izan zen, 50, 60 eta 70eko hamarkadetan, desegin zen arte.

Musikari nekaezina izanik, Andoaingo musikagintzan pauso bat aurrera egin nahi izan zuen 1985ean, Jose Manuel Lopez, Jesus Beristain eta beste zenbait musikari beteranorekin batera, Andoaingo musika banda osatzen saiatu zenean. Txalaparta txarangan jotzen zuten zenbait gazte (Jesus Jimenez, Jexus Mari Jauregi, Eugenio Delgado, Luis eta Joxerramon Berrondo anaiak…) erakarri eta pare bat entsegu egin zituzten Olagainen, baina hutsean geratu zen saiakera, instrumentu joleen aldetik gutxieneko kopurura ezin iritsi izanagatik.

Udal musika eskolaren ekimenez 90eko hamarkadan musika banda berrabiarazi zenean, bi aldiz pentsatu gabe murgildu zen abentura hartan, klarinetea eskuetan zuela.

Halako batean, urte batzuetako ibilbideari amaiera eman zion bandan, eta Gora Kale Txiki txarangarekin bat egin zuen, Joxe Mari Oiartzabal zuzendariarekin batera. Joxe Ramon Berrondo kideak adierazi duenez, “ilusio handiarekin hasi zen txarangan, eta asko irabazi zuen taldeak bere ekarpenarekin. Batik bat azpimarratuko nuke oso hurbileko agertu ohi zela taldeko gazteenekin; bazeukan dohain berezia gazteei musikarekiko maitasuna txertatzeko orduan, eta haiek maisutzat eta erreferentziatzat hartzen zuten. Pena handia hartu genuen gaixotasuna zeukala adierazi zigunean; kalejiretan ibiltzea nekagarri egiten zitzaiola-eta txaranga utzi egingo zuela aitortu zigun. 2017an, omenaldia eskaini genion Kaletxikiko jaietan egin genuen emanaldian, eta biziki hunkitu zen, bere haurtzaroko auzoan izan baitzen”.

 

“Ilusio handiarekin hasi zen txarangan, eta asko irabazi zuen taldeak bere ekarpenarekin", Jose Ramon Berrondo

Egiazki, oso kaletxikitarra sentitzen zen, eta 2011ko auzoko jaietan Kandido pertsoaiaren papera bete zuen.

Sagardogintzan aditua

Sagardo lehiaketa askotan hartu zuen parte epaimahaikide bezala. Berezi, Santa Krutz jaietako eta Kaletxikiko jaietako sagardo lehiaketa ezagunetan.

Auzolanaren aldekoa

Luxio Aranburuk gogoko izaten zituen euskararen, euskal kulturaren edo ondare historikoaren alde herrian sortzen ziren ekimenak, eta ez zen harritzekoa horietan inplikatzea. Esate baterako, Andoainen Mintzalaguna ekimenarekin bat egin zuen lehenbizikoz abian jarri zenean. Burdina taldearen kolaboratzaile fina izan zen informazio iturri gisa; maiz jo izan zuten berarengana, Andoaingo udalerrian edo eta Leitzaran bailarako bazterretan ezkutatzen ziren ondare historikoak inork gutxik bezainbat ezagutzen baitzituen.

Urtetan atzerago joanda ere, gogoan eduki behar da Franco hil osteko urteetan Andoaingo gizartea dinamizatzeko sortu zen Auzolan herri kolektiboko bultzatzaileetakoa ere izan zela.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!