Jose Antonio Rodriguez Ranz sailburuordearen lehen adierazpenak

Jon Ander Ubeda 2020ko urr. 20a, 12:14
©Irekia

Jose Antonio Rodriguez Ranz Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak lehen aldiz hitz egin du jendaurrean.

Terrorismoaren Biktimen Elkarteak antolatu duen jardunaldian izan da, Donostian. Biktimekiko konpromisoa zehaztu du, “zuokin bidea egiteko, ekidistantzia faltsurik gabe, baina eskubide urraketa guztien aurrean begiak zabal-zabalik izanik, eta pertsona guztientzako eskubide guztien printzipioaren defentsan irmo jardunik”.

Sailburuak esan duenez, nabarmen egin da aurrera biktimentzat justizia egiteko orduan, “justizia hori aitorpen, memoria, egia eta erreparazio gisa ere ulertuta. Eta guztion artean egin dugu, erakunde, instituzio, elkarte eta, bereziki, biktimen artean”.

Rodriguez Ranzek 2000. urtean Jose Luis Lopez de Lacalle erail zutenean bizi izan zuena kontatu du. Orduan Jose Luis Lopez de Lacalle gogoratzeko idatzi zituen hitzak berreskuratzeko, honako hau esan du: “pentsatu nahi dut oraindik bagarela bizikidetza-esparru bateratua eraikitzeko gai”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!