"Egoeraren araberako neurriak hartuko ditugu"

Mikel Arberas 2020ko urr. 23a, 09:00
Salva Parada Euskalduna taldeko lehendakaria

Ez-ohiko egoera honetan baikor agertu da, baina zuhurtziaz eta arduratsu jokatzeko deia zabaldu du Andoaingo klubeko lehendakariak.

Salva Parada Euskalduna taldeko lehendakaria

Euskaldunako futbol taldeek lehiari ekin diote, gogotsu ikusten dituzu entrenatzaileak eta jokalariak?

Gogotsu daude, baina baita beldurtuta edo ezjakintasun handiarekin ere. Aurreko astera arte oso ondo ari ginen, kasurik gabe, baina orain egoerak okerrera egin du eta horrek ere Euskalduna taldean eragina eduki du. Jada kasuak agertzen hasi dira, lau talde konfinatuta ditugu; gainera, lan egiteko adinean dauden jokalariak beldurrez daudela adierazi dute. Norbaitek positibo emanez gero, etxean konfinatuta geratu beharko dute, horrek sor ditzakeen ondorioekin. Hala ere, azpimarratu nahi dut, entrenatzaileak eta jokalariak gogotsu entrenatzen eta arduratsu jokatzen ari direla. 

Zer moduz hasi duzue denboraldia?

Denboraldi polita dugu aurretik, gizonezkoen taldeak Gipuzkoako maila gorenean jokatzen ari baitira. Senior taldea ohorezko mailari eusten ahaleginduko da. Hala eta guztiz ere, Covid 19ak asko eragingo du aurtengo denboraldian. Kadete eta jubenil mailako taldeak duela gutxi hasi dira, eta infantilek 2021 urtera arte ezingo dute lehiatu. Emakumezkoetan, berriz, kadete eta senior taldeak daude, eta denboraldi polita egin dezakete. Zorionez, nesken kopurua egonkortzea lortu dugu eta jokalari berriak etorri dira. Iaz, denboraldi ona egiten ari ziren, baina pandemiak sortutako egoera zela eta, ezin izan zuten mailaz igo. Polita litzateke emakumezkoen futbolari bultzada bat emateko ohorezko mailara igotzea.

Liga bukatzeko aukera egongo ez balitz, zer gertatuko litzateke?

Federazioak lehiaketaren protokoloa atera du. Gutxiengo bat jokatu behar da ligan egindakoa edo lortutakoa balizkoa izateko. Gutxieneko batera iritsiko ez bagina, guztia bertan behera geratuko litzateke. 

Neurri zehatzak hartu dira kirol arloan segurtasuna bermatzeko?

Zuzendaritzak eta Federazioak protokolo bat bidali ziguten, geure ustez nahiko berandu. Hala ere, Udaleko Kirol Zerbitzuen bitartez jakin genituen zeintzuk ziren hartu beharreko neurriak; esaterako, segurtasun distantzia mantentzea, kirola egiten ez zenean musukoa jarrita edukitzea, eskuak garbitzea eta jende pilaketak ekiditea. Horrez gain, aldagelen erabilera edota partidatan ikusleak egoteko aukera ematea klub bakoitzaren araberakoa izango da. Ardura guztiona da eta neurriekin segurtasuna bermatu nahi dugu kirola egiten den bitartean.

Bideragarri ikusten duzue ikusleak Ubitartera bertaratzea?

Buruntzaldea mailan ikuslerik gabeko partidak jokatzea erabaki zen, egia da ere, herriaren arabera egoera ezberdina dela. Geure kasuan, Larramendi torneoan ikusleekin partida jokatzeko baimena eman ziguten; segurtasuna bermatzeko neurri asko hartu eta gero. Partida ofizialetan ere funtzionamendu horrekin jarraitu genuen, eta orain arte ez dugu arazorik eduki. Pentsatzen dugu normaltasunerako bidean aurrerapauso garrantzitsua dela zaleak eta jokalarien senitartekoak ikusle modura bertaratzea, nahiz eta boluntario gisa lanean ari garenontzako zama handia den. 

Jokalarien artean kasuak izan dituzue, ez da erraza horrelako zerbait kontrolpean edukitzea...

380 jokalarik osatzen dute Euskalduna taldea. Duela astebete ia positiborik ez zegoen, baina aurreko astean lehen kasua eduki genuen, eta domino fitxekin bezala lau taldetara zabaldu zen. Fokoa ez dela kirol arloan sortu, alegia. Egia da, futbola kontaktu estuko kirola ez den arren, jokalari batek positibo emanez gero talde guztiak egin behar duela PCR proba. Bi partida bertan behera geratu dira, izan ere jokalariek etxean egon behar dute konfinamendua betetzen.

Nola ikusten duzu kirol ez-profesionala egungo egoeran?

Martxoan guztia bertan behera geratu zenean eta etxean sartu ginenean kirola behar beharrezkoa zela ohartu ginen, batez ere, haurrei eta gazteei begira. Nire ustez ariketa fisikoak onura gehiago ditu, sor ditzakeen arriskuak baino. 

Etorkizunari begira nork daki zer jazoko den, ziurgabetasuna handia da. Egoeraren araberako neurriak hartuko dira. Geure esku dagoen guztia egiten saiatuko gara; horrez gain, ulertzen dugu beldurra eta ziurgabetasuna areagotzea. Hori bai, errepikatzen ari gara guztion ardura dela, gutako bakoitzak ahalik eta zuhurtzia handienarekin jokatzen saiatu behar du. Normaltasunaren bidea ireki nahi badugu gauzak modu arduratsuan egin beharko dira.

Gehitu nahiko nuke, bolondresak garela eta hau guztia aparteko lan karga dela. Denbora asko behar izaten dugu partidak, entrenamenduak eta Euskaldunarekin zerikusia duten gauzak antolatzeko. Egunez egun egoera aldatzen doa eta gu adi egoten gara ea Eusko Jaurlaritzak eta Kirol Administrazioak zer esaten duen. Ardura asko ditugu eta zaila da. Beraz, ingurukoek uler gaitzaten nahi dugu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!