"Araudi berria ia-ia negozioa ixteko jasotzea falta zitzaigun azken bultzadatxoa da"

Aiurri 2020ko urr. 23a, 15:05

Aiurrik bi tabernarien iritzia jaso du, gaurtik aurrera tabernak eta jatetxeak 21:00tarako ixteko agindua ezarri delako. Kezka handiz bizi dute egoera.

Urru Amaro

Txindoki taberna

“Araudi berria ia-ia negozioa ixteko jasotzea falta zitzaigun azken bultzadatxoa da. Araudi berriarekin ez dugu afaririk emango, Euskadin ez delako inor arratsaldeko 18:30ean afaltzera etorriko. Honek langabezia ekarriko du, edo ERTEan sartzea. Hondamendia da, zeren eta %50ean lan egiten uzten digute baina zergen %100a ordaintzen jarraitzen dugu, Gizarte segurantza, ur eta argindarra berdin-berdin ordaintzen dugu... Gure ordurik indartsuenak murriztea hondamendia da guretzat. Ezin da beste modu batera adierazi”.

 

Ana Venero

Danena taberna

“Ekonomikoki kolpe handi samarra da. ERTEa erabiltzeko aukera dugu 2021eko urtarrilaren 31ra bitarte, baina une honetan langile guztiak ERTEtik kanpo daude. Ez dugu inor ERTEra bidali nahi bi lan hitzarmen berri eginda ditugulako. ERTEra joateko bi langile horiek kaleratu behar ditugu. Berrasmatzea dagokigu, lan egin eta oporraldietatik tira egin... Herriak erantzungo duela espero dugu, tabernan kontsumituz edo janaria etxera eramateko eskatuz. Aurrera ateratzen saiatu beharko dugu. Hiru hilabetez itxita egotea lortu baldin badugu, egoera hau gainditzen asmatuko dugu. Baina oso oso neurri gogorrak dira ostalaritzarentzat eta Andoaingo Udalak erantzun egin beharko luke. Lehenik informazioa zabalduz, zeren eta udaletxetik ez zaigu inolako informaziorik iristen. Gipuzkoako Ostalaritza elkarteko kide gara eta alde horretatik etengabeko informazioa jasotzen dugu. Andoaingo beste tabernari batzuk kudeatzaile bat izaten dute kontuak eraman eta errenta aitorpena egiteko eta erabat desinformatuta daude. Udalak informazio eguneratua, zehatza eta banakakoa eman beharko lioke Andoaingo ostalari bakoitzari. Merezi dugula uste dut”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!