Euskaraldiaren banderak salgai daude Aiurriko egoitzan

Aiurri 2020ko aza. 2a, 11:36

Andoaingo Euskaraldiak herritarren artean zabaldu nahi ditu aurtengo edizioko banderak. Pandemia betean, ZASAko egoitza itxita dago. Bertan erosi ezin denez, Aiurriko egoitzan salgai egongo dira, 5 euro ordainduta.

Dagoeneko salgai daude Aiurrin GEHIAGO, GEHIAGOREKIN, GEHIAGOTAN banderak. Bulegoa Arantzibia plazan dago, 4-5 zenbakien artean. Goizero zabalik dago egoitza, 08:30etik 15:30era. Arratsalde batzuetan zabalik izango da ere.

Erosteko unea, erraza eta azkarra

Aiurritik honako mezua helarazi nahi dute: “Bandera Aiurriko egoitzaren atarian salduko da, saihestu mesedez bulegora sartzea. Prebentzio neurri modura kanpoaldean saltzea lehenetsi behar dugu. Eta ahal dela 5 euroak ekarri, txanponetan edo billetean. Mesedez, prezio justua ekarri. Hartara, dirua jaso eta bandera eman une bateko kontua izango da. Txartel bidezko salmenta elektronikorik ez dugu egiten”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!