"Non dago diru publikoa?" lemapean konzentrazioa egin da Zumea plazan

Mikel Arberas 2020ko aza. 7a, 15:14

12:00tan kale-agerraldia egin da Zumea plazan "Non dago diru publikoa?" lemapean. Ernaik eta Sortuk abiarazitako ekimena izan da; 60 pertsonatik gora gerturatu dira plazara.

Hona hemen agerraldian helarazitako mezua:

COVID 19ak sistemaren ahuleziak bere handitasunean azaleratu dituen honetan, pairatzen ditugun ondorio ekonomiko eta sozialen erantzule bihurtu nahi gaituzte berriro ere.

Argi salatu nahi dugu errua hainbat hamarkadatan eskuliburu neoliberala aplikatu eta murrizketak egin dituen gobernuarena dela.  Gutxi batzuen interesak gehiengoaren osasunaren eta ekonomiaren aurretik jarri dituzten horiena.  Pandemiari aurre egiteko orain arte erabili dutenaren bikoitza baino gehiago AHTra bideratzen duten horiena.  EAJren murrizketen ondorio zuzena dira egungo ospitaleen kolapsoa eta hezkuntzaren zein sistema publikoaren baliabide falta.

Gehiengo zabalaren kontrol soziala eta gutxiengo pribilegiatuaren aldeko apustu ekonomikoa egiten duten horiekin jai dugu. Inbertsio publikoa zenbat eta handiagoa izan, orduan eta neurri murriztaile gutxiago beharko dira. Krisi sozial eta ekonomiko hau betikoen gain ez erortzeko, inbertsio publikoak ezinbestekoak dira. Gizarte honek eraldaketa sakon bat behar du, bizitzak erdigunean jarriko dituen eredu sozial eta ekonomiko bat.

Hortaz, elkar zaindu eta inbertsio publikoen alde mobilizatzea dagokigu.

Lehenik herria!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!